«Zaintzarik gabe ez dago ezer: ez bizitzarik, ezta ekonomiarik ere». Argi mintzatu zen atzo Cecilia Castaño Politika Zientzietako doktore eta Ekonomia Aplikatuko katedraduna. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, Euskalduna jauregian egindako Emakumeak kongresuan hartu zuen parte. Eta ekonomia, zaintza eta arrakalei buruzko mahai inguruan egon zen, Maria Angeles Duran ikerlariarekin eta Iñaki Garcia psikologoarekin batera. Eta Almudena Cacho kazetariak egin zituen moderatzaile lanak. Asteartean hasi zuten kongresua; bihar arte iraungo du.
Duranek zenbakietan oinarrituz azpimarratu zuen zaintzaren garrantzia. Ordainsaririk gabeko lanaren analisian espezializatuta dago, eta lan horrek ekonomia- eta gizarte egituran duen eraginean ere bai. «Lan merkatuko 100 ordu emankorrak izan daitezen, etxean egindako 130 ordurekin osatu behar dira, alegia, zaintza lanekin». Azaldu zuenez, zaintza lan horiek dira, besteak beste, erratza pasatzea, hurrengo eguneko bazkaria pentsatzea, edota alzheimerra duen amaginarreba zaintzea. «Emakumeek egiten dituzte gehienetan, eta ez dute ordainsaririk jasotzen». Are gehiago, emakume batek bizitzan zehar zaintza arloan egiten dituen orduak unibertsitatera bideratuko balitu, bost gradu egiteko denbora izango luke.
Tokiko merkatuan baino, nazioarteko merkatuen kokatu zuen zaintza Duranek. «Sektore hau lan merkatuko maila baxu eta ertainetan kokatzen da; hori dela eta, tokiko langileek nahiago dituzte lan baldintza eta ordainsari onak dituzten enpleguak». Hutsune hori migratzaileek betetzen dituzte: «Batetik, hemen jaio garen gehienok ez dugu zaintzaren sektorean lan egin nahi, eta, bestetik, ez dugu nahi haiek etortzea, ezinbestekoak direnak besterik ez».
Emakumeek egiten duten zaintza lanaren errekonozimendu falta ez da berria. Castañoren ustetan, pandemiak eta gerrak aurretik existitzen zen arazoa «agerian» utzi dute. Konfinamendua ezarri zutenean, etxebizitzak ikastetxe, adinekoen zein osasun zentro bilakatu ziren. «Emakumeen lanorduek izugarri egin zuten gora, gizonen lanorduek, berriz, behera». Horren arrazoia: zaintza lanen banaketako desoreka.
Castañoren irudiko, genero desberdinkeriaren konponbidea ez da emakumeei lana bermatzea. «Enplegua lortzen dutenean, zaintzaren zamarekin jarraitzen dute». Emakumeek baldintza duinetan lan egiteko, «zaintza zerbitzu publikoak» beharrezkoak dira. Eta, horretarako, zerga erreforma behar da, «zerutik eroritako etekinak» dituzten enpresek gehiago ordaindu dezaten: «Harreman zuzena dago zaintza zerbitzu publikoak finantzatzeko zergen eta emakumeen lanaren artean».
Garciak ere iritzi bera adierazi zuen. Zaurgarritasun eta baztertze egoeran dauden emakumeen inguruan hitz egin zuen. «Haientzako konponbidea ez da enplegu bat lortzea; izan ere, sozialki esleitzen zaizkien lanak, hala nola zaintzak, ez die inklusiora bideratzen». Enpleguaz gain, ezinbestekotzat jo zituen inklusio politikak, «begirada intersekzional batekin, besteak beste, zaurgarritasun egoeran dauden emakumeak kontuan hartuz».
Berdintasuna, posible ote?
Kongresuko entzule batek egindako galdera luzatu zien Cachok hizlariei: «Sistema kapitalista batean, posible al da berdintasuna lortzea?» Garciak erantzun zuen lehenengo: «Ez naiz oso baikorra. Kapitalaren logikaren barruan, helburua urtero hazkunde ekonomikoa areagotzea da. Beraz, ez dut aukerarik ikusten». Emakumeek aurrerapausoak eman dituztela aitortu zuen Castañok, baina ilun ikusi zuen etorkizuna: «Kapitalismo neoliberal honetan, dena merkantilizatzen da, lehenik eta behin, emakumearen gorputza. Hori argi ikusten da haurdunaldi subrogatuan. Negozio hutsa da. Ordainketa bat egon bitartean, ez dago arazorik: pertsona bat beste batez aprobetxa daiteke. Gainera, hautua egiteko askatasunean oinarritzen dute negozioa, baina ez dago horrelakorik». Duranek eman zuen erantzunik baikorrena: «Gure amek edo amonek izan zituztenekin alderatuta, erronka desberdinak ditugu guk. Agian nik ez ditut lorpenak ikusiko, baina nire bilobak bai, eta, bilobak ez baditu ikusten, hurrengoak. Etorkizuna desberdina izango dela uste dut, berdintasunaren alde borrokatzen den mugimenduari esker».
Zaintzaren garrantzia, eztabaidaezina
Ekonomiaren, zaintzaren eta arrakalen inguruan solastatu dira Cecilia Castaño, Maria Angeles Duran eta Iñaki Garcia, 'Emakumeak' kongresuan. Besteak beste, genero desberdinkeria nola landu eztabaidatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu