D eredua Nafarroan. Otxando Irurtia. Mendigorriko gurasoa

«D eredua lortzeko zer egin dugun ikusita, agian askok atzera egingo dute»

Pozik eta nekatuta dago Irurtia, D eredua lortu dutelako, baina kritika egin du: «Familiaren aukera berdintasunari balioa ematen zaio, baina, eskubide horiek euskarari lotzen zaizkionean, ez zaio biderik ematen».

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Joan den astean bildu ziren Mendigorriko (Nafarroa) ikastetxean D eredua ezartzeko eskatzen aritu diren gurasoak Hezkuntza Departamentuarekin. 2019ko azaroan egin zuten lehen aldiz eskaera hori, eta urtebete pasatu ondoren jaso dute baieztapena. Nahi zuten baino ikasturte bat geroago. Otxando Irurtia (Bilbo, 1976) guraso horietako bat da, eta pozik dago emaitzarekin. Auziak izan dituen gorabehera guztien ondoren, baita nekatuta ere.

2015ean aldatu zen Euskararen Legea Nafarroan, eta, horren arabera, eremu mistoan eta ez-euskaldunean D ereduko ikasketak eskaini daitezke, hala eskatuz gero. Urtebete eta hiru hilabete itxaron behar izan duzue, ordea.

Hutsunea aurretik dator. Legeak 2015etik eskubidea ematen digu, baina, Nafarroatik nola mugitzen zaren, eskubideak galdu edo irabaz ditzakezu. Hori XXI. mendean ez da oso normala. Eta, gainera, nahiz eta maila goreneko lege bat izan, ikusten dugu edozein trabak balio duela euskaldunei eskubideak kentzeko. Joaten zara sekulako ilusioarekin, eskaera egiten duzu zure herrian, eta traba pila bat jasotzen duzu. Hezkuntzan, normalean, komunikazioa eta pertsonen arteko tratua lantzen diren arren, halakorik ez dugu sentitu Hezkuntza Departamentuan.

Lau bilera eskaera egin dituzue bost hilabetean. Joan den asteko ostegunera arte.

Guk zalantza asko genituen. Zer egin behar du familia batek euskarazko lerroa nahi badu? Noiz eskatu behar du? Non? Nori? Zer modutan? Zer epe dute erantzuteko? Eskari hori jasotzen dutenean eskainiko dute denek jakin dezagun? Erantzungo digute idatziz? Hurrengo urteei begira bermeak ezarriko dira? Legeak baitio dauden eskaeren arabera emango dela aukera hori; pertsonei aitortzen die eskubidea. Hor erregulazio falta ikusi genuen, eta helegitea jarri genion duela gutxi. Familiaren askatasunari eta aukera berdintasunari balioa ematen diete, baina ikusi duguna da eskubide horiek euskarari lotzen zaizkionean ez zaiela biderik ematen. Legeak maila gorena du, eta dekretu batek ezin dio traba egin legeak dioenari.

Horrek eragina izan dezake antzeko eskaera bat egin nahi duten gurasoengan?

Berez, jende gehiagok egin zuen eskaera hori. Oteitzan, esaterako, iaz gurasoen %100ek eskatu zuten D eredua. Lau familia ziren, eta laurek nahi zuten. Baina, azkenean, hiru A eredura joan ziren, eta bat, ikastolara. Orduan, lege batez eska dezakezu lerro bat irekitzea; bazoaz eskatzera, eta amaitzen duzu nahi ez zenuen leku batean. Non dago gurasoen erabakitzeko gaitasuna euskaldunentzat? Espero dugu hemendik aurrera aintzat hartzea familiaren nahi hori, baina eragina izango duela ere badakigu. Izan ere, familia batzuek ikusten badute hori guztia egin behar dela D eredua lortzeko, agian atzera egingo dute.

Hori nahi dutela uste duzu?

Eragiten du, eta horren jakitun egon behar dute. Erakundeek euskara bultzatu behar dute, eta babestu. Ez da hala gertatu, eta argi ikusten da hori Iruñeko haur eskoletako auzian ere.

Denbora honetan, guraso batzuek Garesera eraman dituzue haurrak. Zer ekarri du horrek guztiak?

Batzuek Garesera eraman dute haurra, eta beste batzuek herrian utzi dute. Azken batean, haur bat hemen egon eta bestea Garesera eramatea ez baita bideragarria. Aukeraketan eragina du horrek guztiak.

Nekea aipatu duzu balorazioa egiterakoan...

Bilerak egin, dokumentuak landu, informazioa bilatu, eztabaidan aritu kideen artean, esan nahi genuena nola adierazi, norekin hitz egin... Prozesu honetan guztian lan handia egin behar izan dugu, eta, denen artean ardurak txandakatuz joan bagara ere, kudeaketa pila bat egin behar izan dugu. Eta horrek nekea sortzen du. Ikusita, gainera, ez zigutela bilera baterako deirik ere egiten, ez geunden erabat ziur datorren ikasturterako lortuko ote genuen gure helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.