Pandemiaren aroak janari osasuntsuak duen garrantzia azaleratu du, eta kalitatezko produktu ekologikoak eskaintzen dituzten ekoizleen eskaera handitu egin da, oro har. Busturiko (Bizkaia) Lurkoi baserrian, aspaldian dihardute barazki ekologikoak ekoizten eta zuzenean saltzen. Tomas Anduaga nekazariak, ordea, bultzada handiagoa eskatu die administrazioei, «benetan kalitatezkoa dena eta ez dena» bereiz dezan bezeroak. «Azalpen kanpaina handiak behar dira, hemen edozeinek hitz egiten duelako zero kilometroari buruz, baina dena ez da kalitate berekoa», dio Anduagak. «Sorginkeria asko dago produktuei deitura batzuk jartzeko, interes handiak daude, baina dena ez da maila bereko produktua».
Lurkoi baserrian, argi dute ez dutela bitartekaririk nahi. «Ez diogu inori jaten eman nahi», azpimarratu du Anduagak. «Guk ekoitzi eta guk saldu egiten dugu,zuzenean. Bezeroek gure telefonoa dute, eta haiekin harremanzuzena daukagu; dagoeneko 30 urte egin ditugu modu horretan, eta horrela jarraitzeko asmoa dugu».
Europatik etor daitezkeen laguntzak alde batera utzita, nekazariek beren produktuen truke «prezio justua» lortu behar dutela azaldu du Lurkoi baserriko nekazariak, hori dela giltzarrietako bat nekazaritzak geroa izan dezan. «Guk natura zaintzen dugu, lan egiteko era zehatz bat dugu, errespetagarria naturarekin, eta horrek isla izan behar du gure produktuen salneurrian. Gure bezeroek badakite, eta aitortza egiten digute gure porruak, azak, lekak eta besteak erosita, sasoian sasoiko barazkiak betiere». Merkatuan produktu merke asko dagoela badaki Anduagak, baina ez da fio haiekin: «Gero minbiziak eta gauzak datozela... ez naiz harritzen».
Lurkoi baserriko langileak uste du «herri batek gehien zaindu beharko lukeena» nekazaria dela, «hark zaintzen duelako natura, eta eskaintzen dituelako benetako produktuak». Eta nekazariari ere exijitu egin behar zaiola dio, «kontuak eskatu, ez baditu gauzak ondo egiten». Hala ere, etorkizuna ez du argi ikusten. «Zaila da erreleboa egotea, ez badugu babes handiagorik».
Nekazaritza Politika Bateratuaren erreforma
«Hemen edonork hitz egiten du zero km-ari buruz»
Tomas Anduaga. Lurkoi baserriak Bilborako, Getxorako eta Busturialderako barazki ekologikoak ekoizten eta saltzen ditu. Pandemiaren aroan bezero gehiago lortu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu