Rosa Aierbe Iribar historialariak egin zuen aurkikuntza, iazko maiatzaren 26an. «Ene laztan gozo ederra» irakurri zuen aztertzen ari zen ezkontza hitzarmenaren orrialdearen goiko aldean.
Indusketa gunea
Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa (Oñati). Bertan gordetzen diren protokolo liburu antzinakoenak eskatu zituen Rosa Aierbek, ama lerroko herentziatik gizonen maiorazkorako bidea aztertzen jarraitzeko. Badira 40 urte ikerketa ildo hori garatzen hasi zela, eta hamaika artxibo korritu ditu datu xerkan. Maiatzaren 26an hartu zuen esku artean Oñatiko artxiboko zuzendari Ramon Martin Sukiak kontsulta gelako apaletan utzi zion liburua.
Migel Ibañez Insausti notarioaren agirien liburukia, testua daukan orrialdearen ondoan.Monka Del Valle / FOKU
Kuadrikula
AHPG-GPAH 2/0801,D:50r-51v. Azkoitiko (Gipuzkoa) eskribau Migel Ibañez Insaustikoak ekoitzitako eskrituren bilduman. Paper-sorta osoak 471 orrialde ditu, eta 1504 eta 1525 bitartean sortutako agiriak biltzen. Horietako zenbaiten babesgarri gisa, balio ofizialik gabeko orriak erabili zituzten. Duela bost mende papera urri zenez, orriotako batzuk ikaskuntza ariketa desberdinak egiteko erabili zituzten eskribau ofizioa ikasi nahi zutenek; hitz edo esaldi batzuk idazteko edo idazluma probatzeko ere erabilita zeuden orriok.
Agiria
28x20 zentimetroko paperezko orri bat. Kaltetuta ageri da, papera eta tinta galduta. Gaztelerazko testu batek hartzen du erdigunea; ariketa kaligrafiko bat da. Testu horren ertzetan, lerro artean ere bai zenbaitetan, euskarazko maitasun bertsoak daude idatzita. Badira zortzi urte Internet bidez ere kontsulta daitekeela, baina bertsook oharkabean pasatu dira orain artean. Fisikoki ere, lau aldiz kontsultatu dute liburua azken 30 urteetan. Lehen hiru ikerlariek ez zuten ikusi; Rosa Aierbe izan zen kontsulta egiten laugarrena.
Ikerketa taldea
Aierbek testua aurkitu eta berehala, ikerketa abian jarri zuen Oñatiko artxiboko zuzendariak. Dokumentuaren lehen balorazioa egiteko eskatu zion Ander Ros filologoari. Iago Irixoa historilaria, duela bost mendeko agirietan aditua, testuaren lehen transkripzioa egiteaz arduratu zen; transkripzioaren lehen interpretazioaz, berriz, Ros. Uztailean, Irixoa-Martin-Ros hirukoteak egina zeukan ikerketaren handi-aurkia. Abenduaren 3an aurkeztu zituzten agiria bera eta ikerketaren ondorioak, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean.
Datazioa
1507-1515. Testua dagoen orria 1508. eta 1522. urteen artean datatutako testamentu eskrituren koadernotxo bati josita dago. Dokumentuaren goiko aldean 1508ko uztailaren 31ko data agertzen bada ere, data hori ez da euskaraz idatzitako testuari buruzkoa, testamentuen koadernoan datatutako erdarazko eskriturari buruzkoa baizik. Testuaren egilearen letra 1515. urtearen inguruan desagertzen denez notarioaren idazki koadernoetatik, ondorioztatu dute idazleak 1516 baino lehenago utzi zuela haren bulegoan. Horregatik markatu dute 1515ean datazioa. Datazio horren arabera, euskararen historia osoko —gutxieneko luzerako— hirugarren edo laugarren testu zaharrena da Azkoitikoa, 1415ko Matxin Zalbaren gutun elebidunaren eta 1425eko Pater Noster txikiaren atzetik eta 1509ko Uitziko ezkontza fedearen garai bertsuan idatzia baitago.
Egilea
«Ene laztan gozo ederra...» izkiriatu zuena, ikerlarien ustez, ez da Miguel Ibañez Insausti notarioa, identifikatu gabeko haren ikasle bat baizik. Ibañez Insaustiren idazkera eta euskarazko testuaren egilearena ez datoz bat, izan ere. Testua idatzi zuten garaian, oso jende gutxi zen letratua, eta idazkera aldatzen ari zen, cortesana-tik humanista-ra. Horren erakusle da agiria: Insausti notarioak cortesana letramoldea darabil, eta poemaren egileak humanista, neurri batean, cortesana-ren eragina ere ageri duen arren. Ikasle horrek inoiz notario izatea erdietsiko zuela pentsatuta, ondorengo urteetako protokolo liburuetan aritu dira bila, baina ez dute letra klase hori aurkitu; tintaren arabera haren arrastoa bilatzeko aukerak ere aztertu dituzte. Simancasko Artxibo Orokorrera (Espainia) ere joan dira, garai hartan notario zedula lortzeko egin behar izaten ziren azterketetan begiratzera, baina oraingoz ez dute identifikatu egilea. Ikerketa bide hori zabalik dago.
Ikerketa gehiago
Gipuzkoako Foru Aldundiak agiria aurkeztu eta biharamunean, iazko abenduaren 4an, Euskaltzaindiak oharra plazaratu zuen. «Ezagutzen den euskarazko lehen testu lirikoa izan daiteke, baina ondo aztertu beharra dago, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak duela zenbait egun igorri zion dokumentua Euskaltzaindiari, azterketa sakonagoa egiteko proposatuz», zioen ohar horrek. «Euskaltzaindiak onartu du eskaria». Ordutik, ikerketa horren inguruko berririk ez da zabaldu. Agiria digitalki kontsulta daiteke, Internetez; Oñatin ere bai, fisikoki.
Migel Ibañez Insausti notarioaren agirien bildumako euskarazko testua aztertzeko Ander Ros filologoak erabilitako sistema agerian, ordenagailu pantailan.ONOMASTIKA ELKARTEA
703 hizki
Irakurtzeko zailtasun handiak ematen zituenez, agiriko euskarazko testua bistararaztea izan zen ikerketa taldearen lehentasunetako bat. Ander Ros filologoa aritu zen horretan, batez ere. Guztira, 703 hizki isolatu zituen, zatiz edo guztiz berreginak eta tatxatuak ere kontuan hartuta.
Hiru hitz 'berri'
Testuan badira hitz batzuk lehendik ezagutzen ez zirenak. Hapax deitzen diete halakoei hizkuntzalariek:
1. Sulez (edo culer): «Orreyn sulez ninduçula» esaldian ageri da. «Adjektiboa behar du izan baina esanahi zehatzik ez dugu ezagutzen», adierazi dute testuaren lehen interpretazioa egin dutenek. Zalantzak dituzte, gainera, hitzaren transkripzioarekin.
2. Giza eraite: «Guiça erayten» ageri da testuan. Osagai ezagunak dituen aditz konposatu ezezaguna da. Pertsona hiltzeaz ari da.
3. Barko: «Barco negarretan». Malko hitzaren aldaera bat da barco, ikerlarien ustez, marko testatutik pauso bat harago doana.
Agur Lekobideren mitoari
«Octabiano/ Munduco jau na/ lecobjdi/ Vizcaycoa» dago idatzita Ibarguen-Cachopin kronika-ko (1558-1610) Leloren kantua-n. «Oktabiano munduko jauna, eta Lekobidi Bizkaikoa», itzuli zuten XIX. mendeko hizkuntzalari batzuek, lecobjidi izen propiotzat joz. Abian zen Lekobide izeneko Bizkaiko buruzagi batek Erromako lehen enperadoreari aurre egin ziolako mitoa. Koldo Mitxelena hizkuntzalariak auzitan jarri zuen irakurketa hori. «Kanpo utzi, salbuetsi» esan nahi zuela uste zuen, baina, hitza hapaxa zenez, beste inon ageri ez zenez, ez zeukan bere tesia indartuko zuen adibiderik. Berriz agertu da, bada: Azkoitiko eskuizkribuak arrazoia eman dio, «lecobidi gizon gaztea» (gizon gaztea izan ezik) esaldiarekin.