Independentziaren alde %21 leudeke, Jaurlaritzaren inkestaren arabera

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bortz herritarretik bat sentitzen da «euskalduna bakarrik». Lan merkatua da herritarren kezka nagusia

Independentziaren aldeko mobilizazio bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun

Parte Hartuz ikerketa taldeak eta Telesforo Monzon laborategiak Naziometroa argitaratu zuten egun berean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak 73. soziometroa. Jaurlaritzaren inkestak egoera orokorrari eta jarrera eta balio politikoei buruz galdetu die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.200 herritarri. Jaurlaritzaren soziometroak ondorioztatzen duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %21 daude independentziaren «alde». Herritarren %32 «egoeraren arabera independentziarekin ados edo kontra» leudeke, eta %41 daude, aldiz, erabat «independentziaren kontra».

Euskal herritar izatearen inguruan ere galdetu du soziometroak, eta ondorio argigarri bat utzi du: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bortz herritarretik bi sentitzen dira «euskal herritar bezain espainiar». Herritarren laurdenak «euskal herritarrago sentitzen dira espainiar baino», eta bortz herritarretik bat sentitzen da «euskalduna bakarrik». Horien kontra, ez da %10era iristen «espainiarra euskal herritarra baino gehiago» eta «soilik espainiarra» sentitzen diren herritarren proportzioa. Bide beretik, herritarren %30ek «oso nazionalistatzat» du bere burua.

Demokraziaren funtzionamendua izan da soziometroak galdetutako bertze kontzeptuetako bat, eta herritarren %45 «nahikoa pozik» azaltzen da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako demokraziaren funtzionamenduarekin. Horrekin paretsu, %33 dira demokraziarekin «oso pozik» ez daudenak, eta horren kontrara daude «oso pozik» eta «batere pozik» ez daudenak. Herritarren %8 eta %12 dira horiek, hurrenez hurren.

Alderdi politikoekiko hurbiltasunaz galdetuta, polarizazioa nabarmena da. Herritarren ia erdiak (%47) ez dira «batere hurbil» sentitzen alderdi politikoekiko. Horren kontrara, herritarren %5 «oso hurbil» sentitzen dira. Tartean dira herritarren %47; horiek «nahikoa hurbil», «apur bat hurbil» eta «ez oso hurbil» sentitzen dira.

Herritar gehienek politika urruti sentitzen badute ere, nabarmena da Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdien buruzagien ezagutza badutela. Hala, sei buruzagietatik lau erdiek baino gehiagok ezagutzen dituzte, eta ia herritar denek (%97) ezagutzen dute Iñigo Urkullu lehendakaria. Urkullu bera da herritarrek puntuazio altuena eman dioten politikaria. 0tik 10era, 5,3 jaso du, eta harekin batera Maddalen Iriartek bakarrik gainditu du (5). Horien atzetik daude, hurrenez hurren, Idoia Mendia (4,6) eta Miren Gorrotxategi (4,5). Eta nabarmen beherago Amaia Martinez (2,3) eta Carlos Iturgaiz (2).

Lan merkatuaz kezkatuta

Politikaz harago, herritarren kezkengan ere paratu du fokua azkeneko soziometroak. Hiru arazo nagusiak identifikatzeko eskatu die Jaurlaritzak herritarrei, eta lan merkatuarekin lotutako arazoak dira denetan nagusi. Horien atzetik daude COVID-19aren pandemia, egoera politikoa, politikariak, eta gatazka politikoa eta arazo ekonomikoak.Gutxien aipatutako kezken artean daude «ustelkeria eta iruzurra» eta «gizon eta emakumeen arteko berdintasuna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.