Osasuna. Lehen mailako arreta

«Jendea haserre dago, eta gurekin pagatzen ari da»

Gloria Santos. Pandemiak hainbat lan gehitu ditu erizainen agendetan, eta beste hainbat kendu. Baliabide nahikorik gabe, lankideak akituta ikusten ditu Santosek. «Eta beldur ere bagara».

Santos, Trapagarango osasun etxearen aurrean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Trapagaran
2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Pausaz baina pasioz mintzo da Gloria Santos (Barakaldo, Bizkaia, 1973) bere lanaz. Erizaina da Trapagarango osasun etxean, eta Efekeze Euskadiko Familia eta Komunitateko Erizaintzaren Zientzia Elkarteko kidea: «Pertsonari ez ezik, bere inguruari ere erreparatzen diogu: pazientea, familia eta komunitatea artatzen ditugu». Kontsultez, sendaketez eta probez gain, beste hainbat egiteko aldarrikatu ditu, eta oroiminez hitz egin du proiektu komunitarioez: «Ni ariketa fisikoa sustatzeko egitasmo bat eramaten ari nintzen, sedentarismoaren gorakadari aurre egiteko, jendea aktiboagoa izan zedin; programan udalarekin eta kiroldegiarekin batera aritzen ginen, eta, adibidez, lortu genuen emakume talde bat sortzea, eta ibiltzera ateratzen ziren. Hori guztia geldituta dago orain».

Izan ere, COVID-19ak hankaz gora jarri du lehen arreta, baita erizainen lana ere: lehen zituzten eginbeharrei gehitu zaizkie izurriak jarritako funtzioak. Goizero kontsultara iristen denerako, agenda betea izaten du Santosek: «Azterkeak, sendaketak, etxez etxeko bisitak... Horiek ezin dira bertan behera utzi. Aldiz, kronikoen arreta etena dugu». Paziente horiekin saioak programatzen dituzte aldiro: «Garrantzitsua da jarraipena egitea, adibidez, hipertentsioa edo diabetesa dutenei: osasun arazoak detekta ditzakegu, zaintzaileekin hitz egin, jarraibideak eman... Eta hala, ospitaleratzea eragotzi».

Baina egiteko batzuk albo batera utzi behar izan dituzte erizainek, telefono bidezko arretari, txertaketari eta PCR probei heltzeko. «COVID sintomarik izanez gero osasun etxera deitu behar da, eta horri erantzuten gu gaude: kasu berriak kudeatzen eta horien jarraipena egiten. Agendak betetzeko moduko lan zama da. Lanera zatoz goizean, eta Tetrisaren antzekoa da: agenda guztiak ahal den moduan uztartu behar dira. Batek telefono bidezko kontsultak amaitzen baditu, PCRekin laguntzera jaitsiko da...». Lanorduak, ordea, ez dira nahikoak egiteko guztiak bukatzeko: «Ordu gehigarriak egiten ari gara denak: ni ez naiz ondo sentitzen jendea artatu gabe uzten badut».

Lankideak kutsatzeak ere ez du laguntzen lana antolatzean. «Aste honetan ere izan ditugu positiboak». Gogora ekarri du osasun langileak arriskuan izaten direla oso sarri: «Eta beldur ere bagara. Baina jende bat ez da ohartzen: COVID sintomak dituztenak beste leku batean artatu behar ditugu, ekipamendu bereziak jantzita; beraz, pazienteei eskatzen diegu aurrez jakinarazteko. Baina, gero, sartzen zaizkigu umeak kontsultara eztulka, eta gurasoak esanez horrela daramatzatela bizpahiru egun; eta txikienek ez daramate maskararik. Arriskua ez da guretzat bakarrik; pentsa itxarongelan egon daitekeela bi asteko jaioberri bat».

Ia bi urte joan dira pandemia hasi zenetik, eta Santosek aitortu du nekatuta dagoela: «Pandemiaren aurretik, erdi itota genbiltzan, eta, orain, jada ur azpian gaude. Gutako asko akituta gaude, ez hainbeste fisikoki, baizik eta mentalki; lankide asko ari dira botikak hartzen lan zamari aurre egiteko. Ahal dugun moduan bizirauten ari gara». Langileek badakite baliabide faltak ondorioak dituela arretaren kalitatean, eta erizainak onartu du osasun etxeetan tentsio uneak badirela: «Badago esker ona adierazten duenik, eta halakoekin emozionatu egiten naiz. Baina jende bat oso haserre dago, eta gurekin pagatzen ari da, erasoetara iristeraino. Eskubidea dute haserretzeko, baina ez nirekin: ni bitartekari bat baino ez naiz, ez da nire errua, eta ahalik eta ondoena saiatzen naiz nire lana egiten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.