Hizkuntzekiko lilura aspaldikoa duela sumatzen zaio Patxi Zubizarreta idazleari (Ordizia, Gipuzkoa, 1964). Gaztetan euskara berreskuratu, eta Euskal Filologia ikasketak osatu zituen, eta badira hiru hamarkada literaturaren bideak urratzen hasi zela. Euskararekiko lilura horrek zeharkatzen du, hain justu, Julien Vinsonen hegaldia (Alberdania), bere nobelarik berriena. Euskara aztertzera nahiz ikastera atzerritik Euskal Herrira etorritako pertsonaien bitartez begiratu dio oraingoan hizkuntzari. Ia bigarren etxetzat duen Gasteizko Ignacio Aldecoa kultur etxearen gerizpe lasaian hartu du tartea BERRIAren galderei idatziz erantzuteko; han izaten da ia goizero, ofizioa elikatzen.
Filologoa izanik, ez da zaila asmatzea zergatik interesatu zaizun euskalarien gaia. Baina gertaera bitxi eta nahiko ezezagun bat hartu duzu liburuaren hari nagusi gisa, Julien Vinson euskalariak 1875. urtean globoan egin zuen hegaldia. Zerk erakarri zintuen istorio horretatik?
Inbidiagarriak zaizkit XIX. mende amaierako euskalariak, haien giroa: Azkuek Euskal Herrian barrena egindako bidaiak, orduko ostatuak, zaldi kotxeak, euskalki desberdinetako hiztunekin osatu zuen akademia... Mundu hura Humboldt prusiarrarentzat edo Vinson frantsesarentzat ere erakargarria gertatu zen, baina Saturno globoaren presentziak niri areagotu egin zidan erakargarritasun hori: urruntasunak eta altuerak nahitaez ikuspegia aldarazten digute, gauzak erlatibizatzen lagundu, eta ikuspuntuaren gaia dakarkit gogora. Julien Barnesen Levels of Life [Bizitza mailak] nobela ere irakurria nuen, eta halaxe hasi nintzen, poliki-poliki, hegaldatzen.
Garai hartako euskalari atzerritarrek hainbat ikuspegi zituzten euskararen balioaz eta etorkizunaz, eta horiek ere ageri dira liburuan. Baina agian berezia da Vinson bera; ateoa, darwinista... Horregatik ere aukeratu zenuen?
Askok trena suntsipen tresnatzat zuten orduan: mendien antzera, kultura, hizkuntza zulatzera eta birrintzera zetorren. Vinsonen ustetan, berriz, trena modernitatearen ikurra zen, eta, Darwinen teoriei jarraikiz, suntsitu beharrekoa suntsitu behar zuen. Euskara deskribatu beharra zegoen, forentse lanak egin, baina etorkizuna hizkuntza hegemonikoen errailetatik zetorren, frantsesarenetik bereziki. Bai, heterodoxoa zen, rara avis kritikoa, eta zerua bere eskuez ukitu nahi izan zuen, Baionan globora igota. Euskaldunak, bere esanetan, ez ziren hommes de lettres, ekintza eta iragana beste konturik ez zuten, eta euskara ez zen baliabide egokia ideia abstraktuak adierazteko. Horrek guztiak, noski, piztu egin zidan berarekiko interesa.
Globoa Iruñean erori zen, hiria karlistek setiatuta zegoela. Badu intriga puntu bat pasarte historikoak: zertara abiatu ziren hara... Zuk, baina, ez duzu argitu, misterioa bere hartan utzi duzu.
Hegaldi hura hasieratik egin zitzaidan susmagarria. Urte batzuk lehenago Paris ere setiatua egon zen, eta globoak erabili izan zituzten bai etsaien atzera-aurreren berri izateko, bai mezuak —edo politikariak— kanporatzeko. Eta globoan Vinson errepublikazalearekin batera, piroteknian aditua zen beste bidaiari bat zihoan, enpresari bordeles bat... Hainbat hipotesitarako aukera ematen du horrek, baina nik nahiago izan dut hegaldia objektiboki deskribatu.
Paraleloan, gaur egunean kokatu duzun narrazioa doa, Chiara euskara ikasle italiarra protagonista duena. Nola eraiki duzu pertsonaia?
Azken urteotan, Etxepare Institutuaren bitartez edo bestela atzerrian ezagutu ditudan euskara ikasleek jakin-gosea piztu izan didate: zerk daramatza gurea ikastera, nondik datorkie erabakia hartzeko motibazioa? Edonola ere, dudarik ez dago: bigarren hizkuntza bat ikasteak bi aldiz bizitzeko aukera ematen du. Ikaslea Bristolgoa izan zitekeen, hain zuzen ere globo jaialdi bat egiten den hirikoa, baina Bolonia aukeratu nuen, beharbada Erdi Aroan han ehunka dorre egon zirelako, hamaika Babel, denak ere zerua ukitu nahian. Bestalde, unibertsitatean bada euskal departamentu bat, Chiara bezalako ikasleekin; han eta Venezian ezagutu nuen Iñaki Alfaro euskara irakaslea, eta biziki lagundu zidan pertsonaia irudikatzen.
Chiararen kanpoko begirada interesatu zaizu euskarari buruz hitz egiteko. Eta globoaren irudiarekin ere distantzia hori hartu duzu. Beharrezkoa dugu distantziatik begiratze hori ere?
Gure historiaren azken hamarkadak oso lurtarrak, oso lurpekoak izan dira, ilunak erabat. Chiarak egoerari distantziatik begiratzen lagundu dit: maitemindu da hizkuntzarekin, maitemindu da Manex irakaslearekin, funtsean bi aldiz bizitzen ari da. Sarriren esanetan, arbasoek aberri mendrea, kasik kaleidoskopikoa utzi ziguten; nire ustetan, bakea usaintzen hasi garenean, zer eta postalerri, sukalderri bihurtu dugu, eta poetak gaineratzen du merke saltzen ari garela gainera, hainbesteraino non agian leku izen bakan batzuk baino ez diren geratuko, Ursouisa, Itchasou edo Irouleguy bezalakoak, jendeak misterio aire batekin ahoskatuko dituenak, bai, baina izan ginenetik urrun... Chiarak ez du halako arriskurik sentitzen, ez da beldur, dena zaharra den honetan dena zaio berri eta pizgarri. Horixe behar zuen nobelak, bizipoza eta bai gauzak bai egoerak erlatibizatzeko proposamena.
Euskaltegien giroak ere badu pisurik liburuan. Eta, aurkezpenean azaldu zenuenez, euskara ikasten ari direnei gorazarre egiteko modu bat ere izan da zuretzat liburua idaztea.
Vinson euskararen pentsalaria izan zen, baina nik nahiago hizkuntzaren sentilariak, egunero nor-nori-nork taularekin edo ergatiboaren -k markarekin borrokan dabiltzanak, gaur oinaze edo goizalba hitzak deskubritzean pozten direnak, nekeak neke, bi aldiz bizi direnak, euskarazko liburu batean hegan egiteko ehun hego topatzen dituztenak. Nik neuk ondotxo dakit prozesu hori zer den, eta zer-nolako tristura hartzen nuen ametsetan gaztelaniaz esnatzen banintzen, edo nola pozten nintzen Joxe Arratibeli Txomin ipurdi edo Sunbillako Mariano Ibarrari Egia eta gezurra ipuinak entzutean —magnetofoi prehistoriko batean grabatzen nituen halakoak...—. Zentzu horretan, uste dut ez garela jabetzen gurean hainbatek egin duen ahaleginaz —beti gutxiegi zaidan arren, Gasteizen egunero onerako harritzen nauena—, eta ez garela benetan kontziente daukagun ondareaz.
Izan zitekeen euskalariei buruzko saiakera bat, edo nobela historiko bat, edo fikzio huts-hutsa... Baina hibrido bat osatu duzu, iragana eta oraina uztartzen dituen eleberri bat. Hasieratik izan zenuen garbi halako nobela behar zuela izan?
Oroitzapenak kapelu zahar baten antzekoak omen dira, eta irudimena zapata berriak bezalakoa, eta nik nobelarako bi-biak behar. Sarritan, denbora gehiago pasatzen dut nobela aurrepentsatzen, aurresentitzen, aurreikusten... idazten baino, baina paralelismoetan eta simetrietan oinarritu nintzen lehena eta oraina bateratsu, etorkizuneko oihartzunekin kontatzeko.
Chiara batera eta bestera ibiltzen da Euskal Herrian barrena, euskalariei buruzko bere ikerketa osatzeko. Zuk ere dokumentazio lan handia egin behar izan duzu nobela idazteko?
Beti bezala, liburu bat irakurtzeak, zeharka, beste hainbat liburu irakurtzea dakar: liburu honetan barneratzen dena lehen aipatutako Bizitza mailak irakurtzen ari da, edo Jhumpa Lahiriren In altre parole, edo Jurgi Kintanaren Azkue, bilbotar ezezaguna, edo Barandiaran, edo Kaltzakorta, edo Altonaga... Idazketa irakurketa askoren ondorioa da, ikerketa lan konplexu bezain emankorraren ondorena: orrialde bakoitzaren atzealdean Baionako Euskal Museoa edo Mediateka daude, edo Euskaltzaindiako biblioteka, edo Gasteizko Antso Jakituna Fundazioa, edo Ignacio Aldecoa kultur etxea. Irakurleen etxe diren horietatik abiatu naiz irakurleen bila, hegazkin batean bezala airoso hegan egin dezaten, baina konturatu gabe nobelak —artefaktu miresgarri horrek— barnean daukan makineria sofistikatuaz, barneko zarata entzun gabe, alegia.
Vinsonenaz eta Chiararenaz gain, hirugarren hari bat ere bada liburuan: herri kontakizunena. Haien aldarri gisa ere irakur daiteke zure liburua?
Euskaldun berrien gorazarrea, herri tradizioaren aldarria... bai, hori guztia hor dago, borborka, hegaldaka. Ipuinek, bizitza nolakoa den erakustearekin batera, nolakoa izan litekeen erakusten digute; bizitzaren alde pragmatikoaren aldean, arrazoi kalkulatzailearen kontra, egunerokotasunean gero eta ahaztuago dugun alde magikoa gogorarazten digute. Nobelan duten presentzia inondik ere ez da dekoratiboa, erreferentzia eta sujerentzia mailan aberastu egiten dute Chiararen bigarren bizitza.
Zer funtzio betetzen zuten zure ustez garai batean, eta zein bete dezakete gaur egun?
Noizbait, hain zuzen ere Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx soziolinguistari Hopi indioen elezahar bat irakurri nion: gizakion sorrera eta akaberaren arteko bilakaeran bi aldi nagusitzen dira, hasierako jausialdi motela eta amaierako igoaldi pausatua; zazpi mundu dira osotara: hiru mundu beherantz, iluntasun osoko laugarren bat segidan eta, ororen buru, beste hiru argitasunerako bidean. Hopi indioen ustetan, gaur egun laugarren mundua bizi dugu, materialismoarena, inperialismoarena eta konpromiso ezarena. Mundu honetatik irtengo bagara, bosgarren mundurantz zuzendu behar ditugu gure urratsak; bosgarren munduan jende xumeak, nazio ttikiek, gutxiengo arrazialek izango dute protagonismoa. Uste dut hau bezalako ipuinen beharra dugula, nola gauden esplikatuko diguten metaforak behar ditugula, elezaharrek lagunduko digutela eleberriak sortzen. Babelgo istorioa, zentzu horretan, itzulipurdikatu beharra dago: zigorra baino gehiago, opari bat da. Steinerrek dioenez, hizkuntza batek berebiziko paisaia erakusten digu, hizkuntza berriak ikastea hainbat mundu berritan sartzea da.
Haur literaturan bide luzea egina duzu. Liburuko ipuinak bezain gordinak eta beldurgarriak, gaur egun, ez ditu inork idazten, haurrentzat behintzat...
Chestertonek esan zuen denok dragoi bat, herensuge bat daramagula geure baitan, eta literaturak zalduna eskaintzen digula hura akabatu dezagun. Haurrek ere behar dute zaldun hori, baina askotan ez ditugu aintzat hartzen: azukre gehiegi erabiltzen dugu haientzako lanetan, errealitatea zelofan distiratsuan bilduta eskaintzen diegu, eta ezkutatzen, eta ipuinek gatza ere behar dute, gaua, misterioa...
Transmisioaren inguruko kezka ere ageri da liburuan. Zu zeu ere, idazle gisa, maiz joaten zara eskoletara. Ikuspegi horretatik, nola ikusten duzu egoera?
Transmisioarekin kostata gabiltza, zama zaigu. Lehen Hezkuntzan errazago lantzen da, maisu-maistrak lan isil eta eraginkorrean dabiltza, baina nekez lortuko dugu ezer onik eskola liburutegiak ixten jarraitzen badugu. Bestalde, penagarria da ikustea lehen maila horietan egindako lana alferrik galtzen uzten dugula haur horiek nerabetzen hastearekin batera. Hor idazleok ere badugu erruaren parte bat: lan gehienak haurrentzat idazten ditugu eta gazte literatura ona falta dugu, bai kualitatiboki bai kuantitatiboki, eta klasikoak proposatzeko ausardia ere eskas dugu: Xeherezaderen edo Tom Sawyerren espiritua hegan dabilkigu, baina guk ehizatzen jakin ez...
Haur eta helduentzako lan ugari idatzi dituzu, eta genero ugaritan aritua zara, gainera. Zeinetan sentitu izan zara erosoen?
Liburuak, eremu abandonatuetan edo sasiak hartutako lurretan botatzen diren seedbomb horien antzekoak iruditzen zaizkit: granada gisako horiek haziak edukitzen dituzte, konposta eta ongarriarekin batera, eta landarez eta lorez betetzen dituzte bertan behera utzitako lur zatiak. Kanpotik proposamen estetikoak dirudite, apaingarri hutsak irudi dezakete, baina barnetik etikoki eta politikoki sabotatuak daudenean sortzen da literaturaren lorategia. Hortxe kokatzen dut nire ahalegina, eta oraindik ez diot hegaldatzeari utzi: Iruñean Maddi Oihenart kantariarekin eta Pello Ramirez txelo jolearekin egin genuen nobelaren aurkezpen-errezitaldia, eta irailean gutxienez Bilbon, Bidebarrietan, eta Gasteizen, Ignacio Aldecoa kultur etxean eskainiko dugu berriro ere.
Patxi Zubizarreta. Idazlea
«Uste dut nola gauden esplikatuko diguten metaforak behar ditugula»
'Julien Vinsonen hegaldia' eleberrian, Zubizarretak hizkuntzari buruz gogoetatzeko aitzakiatzat hartu du euskalariak orain 144 urte globoan egindako bidaia. Euskara ikasten ari direnei gorazarre egiteaz gain, herri ipuinen balioa aldarrikatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu