Iritsi zen atzo Johnny Depp Donostiara, eta eman zioten Donostia saria ere. Erabat subjektiboa da Donostia sarien aukeraketa; ez du film jakin batean egindako lan bikaina saritzen: ibilbide bati egiten zaion aitortza da, eta ibilbide horretako edozein unetan jaso izan dute aktore, zuzendari eta abarrek. Zaila da inork Johnny Deppek egindako ibilbide oparoa ukatzea; eta askorentzat egongo da gutxiago merezi izan duen saridunik ere. Baina Deppen izendapenak hautsak harrotu ditu.
Auzi bat du irekia bikotekideari hainbat urtez tratu txarrak emateaz akusatuta. Baina, Depp saritzeak sortu duen harrabotsari buruz galdetzean, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak erantzun du errugabetasun presuntzioa errespetatzen dutela. Indarkeria matxistagatik auzi bat irekia duen aktore bati saria eman baino lehenago, ez al zegoen mundu osoko zinemagintzan Deppek bezainbeste merezi zuen beste inor? Donostiako Zinemaldiak, Deppek saria merezi duela sinistu arren, ezin al zuen itxaron beste urtebetez, edo bi urtez, gutxienez auzia argitu bitartean?
Auzia irekia duela Deppi saria ematea Zinemaldiak aurreztu zezakeen keinu bat da. Errugabetasun presuntzioa gainditzen duen keinu bat da; babesa ematen dio aktoreari, egiten zaizkion akusazioei pisua kenduz, eta haren irudia zurituz.
HIZPIDEAK
Sari baten egokitasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu