Fleche Wallonnek 87. aldia izango du gaurkoa, eta Tadej Pogacar (UAE) da, ezbairik gabe, faborito nagusia. 194 kilometro egingo dituzte txirrindulariek, eta Huyko horma famatuan izango du helmuga lasterketak. Amstel Gold Raceren ostean, Ardenetako bigarren klasikoa izango da, eta igandean jokatuko da hirugarrena: Lieja-Bastogne-Lieja. Lehenengoa irabazita, hirurak irabazi nahi ditu Pogacarrek.
Ikusi gehiago:Josean Fernandez 'Matxin': «Pogacarrekin ezin zara ezkutatu; irabazi nahi dugu»
Esloveniarraren aurkari nagusietako bat Tom Pidcock (Ineos) izango da. Strade Bianche irabazi zuen sasoi hasieran, eta Amstel Gold Racen ondo erantzun zien Pogacarren saiakerei. Baina azken mendateetako batean atzean gelditu zen. Beste hainbat txirrindulari ere ahaleginduko dira Pogacarri garaipena kentzen. Horien artean izango dira Enric Mas (Movistar), David Gaudu (Groupama), Sergio Higuita (Bora) eta Neilson Powless (Education First). Euskal ziklisten artean Mikel Landa (Bahrain) da izen nabarmenduena, baina bertan arituko dira ere Pello Bilbao taldekidea, Alex Aranburu eta Gorka Izagirre (Movistar) eta Ion Izagirre eta Jonathan Lastra (Cofidis).
Goizean, emakumezkoak
Goizean goiz abiatuko da emakumeen lasterketa. 127 kilometro egingo dituzte, eta haiek ere Huyko horma famatuan izango dute helmuga. Marta Cavalli (FDJ) da faboritoa, baina izen handiak izango ditu aurkari: Demi Vollering (SD Worx), Silvia Persico (UAE) eta Annemiek van Vleuten (Movistar), besteak beste. Ane Santesteban (Jayco) izango da euskal herritar bakarra.
Izen asko, baina faborito handi bakarra dago gaur Fleche Wallonnen
Asteburuan Amstel Gold Race irabazi ostean, Fleche Wallonne eta Lieja-Bastogne-Lieja ditu helburu Tadej Pogacarrek aste honetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu