Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna. Testigantzak

«Indarkeria etengabeko tanta jarioa da»

Indarkeria matxista jasan duten andreen elkarte bateko kideak dira Nekane eta Ane. Bata lehendakaria da, eta bestea, abokatua. Biek ala biek jasan dute biolentzia: Nekanek, bikotekide ohiarena, eta Anek, aitarena. Haurren babesgabetasunean jarri dute arreta.

BERRIA.
Maider Galardi
2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
«Nik indarkeria txikitatik bizi izan dut, eta aurre egiteko bi bide daude: ez ikusiarena egin, ala bizi izan duzunetik ekarpena egin eta besteei lagundu. Horregatik erabaki nuen Zuzenbidea ikastea». Abokatua da Ane—segurtasunagatik, benetako izena gorde du—. Zehazki, indarkeria matxista jasan duten andreen abokatu aritzen da, emakume bizirauleen elkarte batean. Lan horretan ari zela ezagutu zuen Nekane —hori ere asmatutako izena da—. Egun, Nekane elkarte horretako lehendakaria da, baina autodefentsa feministarako ikastaro batean ezagutu zuten elkar. Han ziren bortizkeria matxista jasandako beste hainbat emakume ere. Nor bere bizi istorio propioarekin, bakoitza erasotzailearen eskuetatik askatzeko prozesuaren une diferenteetan. Baina elkarri begiratu, eta ikusten zuten zerbait: «Enpatia bat, epaitua ez izatearen lasaitasuna», diote. Ikastaro hori amaitzean erabaki zuten emakume bizirauleen taldea sortzea. Eta, ordutik, haiek eta elkarteko beste emakumeak bat eginda daude. «Halako egoeretan ez da gutxi». Biziraute prozesuak abiarazten dituzten andreak ere batzen zaizkie; besteak beste, babes juridiko bila.

«Babesa». Horixe da Nekanek ahotan gehien darabilen hitza, «babesgabetasuna» bezainbeste. Indarkeria psikologikoa jasan zuen hamabost urtez bere bikotekide izan zenarengandik. Ahizpa ohartu zen egoeraz, eta udaltzainetara jo zuen laguntza eske. Hala bukatu zuen autodefentsa feministako ikastaro horretan: «Han nengoela ohartu nintzen ez zela nik asmatutako kontu bat. Nirekin zegoen pertsona horrek ni eta nire haurrak zauritzen gintuen». Ordutik, ezinbestean izan ditu senideak eta lagunak bidelagun: «Abokatuak familiaren parte batek ordaintzen dizkit; psikologoak, beste batek». Azpimarratu du, gainera, zein garrantzitsua den inguru soziala gertu edukitzea: «Erasotzaileak egiten duen lehen gauza da familia eta lagun arteko bideak ixtea. Gutako gehienak bakarrik bizi ginen etxean, ia senideen babesik gabe. Nik zortea izan nuen: ez nuen hori galdu».

«Beste ezer gertatu aurretik, hori hasten da», dio Anek: «Tratu txarrak hasi aurretik, erasotzaileak egiten duen lehen gauza biktima bakartzea da. Jokabide tipiko-tipikoa da hori. Esaten du zure inguru guztia gaiztoa dela, kaltea eragingo dizula, babestu zaitzakeen bakarra bera dela... Beraz, zu geroz eta txikiagoa zara, eta babestu zaitzakeen sarea, geroz eta murritzagoa». Anek dioena berretsi du Nekanek: «Berak zioen ez nuela lagun bakar bat ere ona. Denak sorginak zirela. Nire familiaren maila intelektuala barregarria zela. Esaten zidan ez zutela nire arreta merezi, eta ez ginela igandero joango bazkaltzera. Eta kasu egiten diozu, bestela izango duzun haserrealdiak harri eta zur utziko zaituelako».

Eta hortik aurrera zer? «Indarkeria matxista zer den azaltzea ia ezinezkoa da, etengabeko tanta jarioa baita», ohartarazi du Nekanek. Izan daiteke sekulako liskarra «ogia gaizki erosi» duelako andreak. Edo irain segida bat, begiak bere zulotik ateratzen zaizkiola. «Edo izan daiteke bortxaketa bat», dio Anek. «Niri eskua bi aldiz altxatu zidan azken urtean, baina bazekien jotzen baninduen berehala detektatuko nuela biolentzia», gogoratu du Nekanek. «Diozunagatik, indarkeria psikologikoagoa izan zen», erantzun dio Anek. Bestelakoa da berak txikitatik bizi izandakoa: «Nire etxeko egoera oso muturrekoa zen. Gure ama izan zen Euskal Autonomia Erkidegoan Bortxa sistema ezarri zioten lehen andrea [indarkeria matxistaren biktima diren andreei ematen dieten telefonoa, GPSa duena lokalizatuta egon ahal izateko, eta larrialdiko deiak egiteko balio duena]». Aita etxera joaten zen horietan gauzak nola apurtzen zituen ere oroitzen du: «Txikitatik ohartzen zara zer gertatzen den. Nik aitari sekulako izua nion, eta ez dut inoiz maite izan. Baina ezkutatzen duzu lotsa ematen dizulako». Etxetik alde egin zutenean 12 urte zituen.

Haurrak babesgabe

Nekanek etxetik alde egin zuenean, haren haurrek 7 eta 9 urte zituzten. Orain, 11 eta 13 dituzte. Joan den asteazkenean Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrean erregistratutako Berdintasunerako Lege berrirako proposamenak aitortzen die biktima izaera indarkeria matxista jasan duten andre horien seme-alabei, baina ez da hala izan orain arte. «Haurrak daude babesgabeen», dio Anek. Ados da Nekane: «Babesgabe daude osasun arloan, hezkuntzan eta zuzenbide ikuspegitik. Urruntze aginduarekin ala gabe». Bat egin du Anek. Berak, esaterako, ia normalizatua zuen etxean zuen indarkeria: «Niretzat arrunta zen hori».

Esperientzia pertsonalaz gain, abokatu ikuspuntua eman du: zaila izaten da erasotzaileei haurrengandik urruntzeko agindua ezartzea. Kasua genero indarkeria moduan epaitzen bada ere, eta emakumeek urruntze agindua badute ere, posible da haurren aitek ez bete behar izatea neurri hori umeekin. Are gehiago, nahiz eta amek izan haurraren zaintza, erasotzaileek ikus ditzakete beren seme-alabak astean behin eta bi asteburuz behin. «Azpimarratu behar da ez dagoela aita ona den erasotzailerik», nabarmendu du Anek. «Ezinezkoa da: beren seme-alaben amari hori egiten dion gizon bat ezin da izan aita ona. Erasotzaileek haurrak erabiltzen dituzte».

Funtsean, halako gizonek haurrak baliatzen dituzte amei zauri are sakonagoak egiteko. Bere bulegora arta eske doazen andreei hala azaltzen die Anek: «Esaten diet egoera amaiarazten ez badute haurren kalterako izango dela». Haren ustez, indarkeria matxista jasaten duten emakumeak babestuago daude, legez, haurrak baino. Horren adibide gisa jarri du zaintza partekatua: «Argi dago, eta liburuetan ere ikasten da: erasotzaileak bere biktimari eman nahi dio min; ezin badu, urruntze agindua duelako, haurrekin egingo du. Hori hala da».

Nekanek horixe bizi izan du bere larruan: «Ni etxetik joan nintzenean, automatikoki alaba bihurtu zen etxeko emakumea, 9 urterekin. Egunero dutxatzera derrigortzen zuen, usain txarra zuelakoan». Horrez gain, salatu du haurren aitak txiki bihurrarazten dituela umeak: «Esaten die ez dutela ezeren ideiarik; ez die uzten etxeko lanak elkarrekin egiten; eskolan euskaraz hitz egiteagatik sari bat jasotzen badute, esaten die hizkuntza hori 'kaka zahar' bat dela eta ez duela ezertarako balio; eskolako antzerki batean ezpainak gorriz pintatuta azaltzen badira, 'puta' bat ematen dutela...». Mehatxu ere egin izan die: ez direla Nekanerekin itzuliko, «ama gaizki portatu» delako.

Eskolatik ere deitu izan diote. Lehenik, alabarengatik: «Tutorea ohartu zen bi astez behin txakalaldi emozionalak zituela, eta konturatu zen batean ni joaten nintzaiola bila, eta bestean aita. Galdetu zion ea aitak jo egiten zuen. Ez zion erantzun». Gauza bera gertatu zitzaion semearen tutorearekin ere: «Egun batean haurra negarrez ikusi zuen, eta galdetu zion ea zer gertatzen zitzaion. Umeak kontatu zion aitak esan ziola amarekin bizitzera bazihoan, ikusten zuen hurrengo aldia hilerrian izango zela». Nekanek, ordea, bi irakasleei azaldu behar izan die ezin dutela ezer egin, haurren segurtasuna arriskuan jar dezaketelako.«Zergatik? Ez dudalako tratu txar fisikorik izan, eta ezin dudalako indarkeria matxista frogatu. Hortaz, beste edozein dibortzioren modukoa da nire prozesua».

Horregatik, Anek azpimarratu du tratu txarrak jasan dituzten emakumeek etxea uzten dutenekoa dela egoerarik zaurgarriena: batetik, erasotzaileek askotan ez dutelako urruntze agindurik; bestetik, bide judizialak nabarmen eragin dezakeelako baliabide ekonomikoetan; eta, amaitzeko, andreak askotan beren gurasoen etxera itzuli behar izaten dutelako, horrek dakarren ezegonkortasun emozionalarekin. Nekanek gehitu du erasotzaileek haurrekin jokatzen dutela andreei min egiteko: «Umeek terapeuta behar badute, aitaren baimena ere behar dute, eta ez du inoiz emango; medikura eramaten baditut haurrak eta unitate psikiatrikoaren artaren beharra dutela agertzen bada, aitari jakinarazi behar diote. Nik sei hilabetez frogatu nion epaileari erasotzaileak ez zidala ematen umeak terapiara eramateko baimenik». Alderantziz ere gertatzen da. Nekaneren erasotzaileak epaileari eskatu zion zaintza aldaketen txandan Nekane ez agertzeko, haurrei «estresa eta antsietatea» eragiten zielako amagandik urruntzeak.

Anek oroitarazi du Nekaneren prozesua luzea eta malkartsua izaten ari dela, hain justu, indarkeria psikologikoa denez —eta ekonomikoa— ezin izan duelako frogatu tratu txarrak jasan dituela, eta kasuko epailea ez delako genero indarkerian aditua. Prozedura auzi zibiletik doa, beraz, eta ez zigor arloko bidetik.

Justiziak bazterrean utzita

«Pentsa, urtean hogei kasu jasotzen baditut, soilik bost iristen dira zigor arloko bidera», azaldu du Anek. Beste hamabost horien modukoa da Nekanerena, bide zibila urratzen duena, «edozein dibortzio prozedura» balitz bezala. Berez, egina du indarkeria matxistaren biktima batek egin duen bidea: «Deitu ninduten udaltzainetatik, bi urteko jarraipena egin zidaten, baina ez nuen kalte fisikorik ezer frogatzeko, ez bideorik... Hori gertatzen da erabaki nuelako nire etxetik ateratzea ahal bezain azkar, ohartu nintzenean bizi nuena indarkeria zela eta ez zela normala». Dibortzio kasuen atzean tratu txarrak askotan ezkutatzen direla ohartarazi du Anek. «Sekulako babesgabetasuna da», ihardetsi du Nekanek.

Horregatik, Anek uste du ezinbestekoa dela arlo hori ere zuzenbidean aintzat hartzea: «Ez badago kalte fisikoen frogarik, normalean ez doa indarkeria matxista lantzen duten epaitegietara. Baina niretzat tratu txar arriskutsuena psikologikoa da. Zantzu fisikoak izanda, nolabait emakume hori babestuta dago, baina biolentzia psikologikoa jasan duten horiek ez dute inolako babesik. Edozer gertatzen bada zer esango dute? Horiek dute arrisku handiena; gero, harritu egingo gara egunkarietan ikusten dugunean andre bat hil duela bere bikotekideak, eta ez zuela salaketarik jarri edo ez zuela urruntze agindurik».

«Ito egiten zaitu bide judizialean ere». Hala azaldu du Nekanek etxetik irten osteko prozesua. Lau urte igaro diren arren, epaitegietan gora eta behera katramilatuta dabil bikotekide ohiarekin oraindik. Eta, gainera, epaile aurrean indarkeria matxistaren biktima dela ezin frogatuta, berak ordaindu behar ditu abokatuak. Horregatik, hala dauden andre guztientzako doako laguntza juridikoaeskatu dute bai Nekanek eta bai Anek. Nabarmendu dute, bestalde, senideen eta inguruko lagunen babesa ezinbestekoa dela halako bide luzea egiteko.

Erresistentzia gaitasuna

Abaro horrek, ordea, «epairik gabekoa» izan behar duela oroitarazi dute bi emakumeek: «Askotan esaten dizute ea nola ez zenuen aurreikusi erasotzailea zela. Bada, edonor egon daiteke erasotzaile batekin. Hasieran oso noizbehinkako gauza da, eta uste duzu pasatuko dela, baina ziklo horiek geroz eta laburragoak dira azkenerako».

Hamabost urtez jasan du indarkeria psikologikoa Nekanek: «Harremana amaitzerakoan, ez nekien zer gustatzen zitzaidan ere: ez nuen aisialdian egiteko ezer gustukorik, berdin zitzaidan zer jaten nuen.... Ez nuen inor esango zidana zer kozinatu behar nuen. Muga horretara ailegatzen zara».

Eskatu dute, gainera, ez gutxiesteko indarkeria matxista jasaten duten andreen erresistentzia. «Lortzen duzu nolabait trikimailuak egitea egoera horretan bizirik irauteko, ez egiteko beti esaten duena», gogoratu du Nekanek. Horregatik, uste du ezinbestekoa dela tratu txarrak pairatu dituen andreren bat edo erasoren bat ikusiz gero ongi artatzeko oinarrizko ikaskuntzak izatea: «Eskolan ikasi beharko litzateke. Ikasi behar da nola eman babesa emakume horiei, baina arriskuan jarri gabe».

Anek, gainera, nabarmendu du lanean gero eta kasu gehiago ikusten ari dela nerabeen artean. Kezkatuta dago: «Pentsatzen dugu: nola da posible? Bada, hala da, gazteagoen gero eta kasu gehiago ailegatzen dira». Nekanek uste du gizartea «erlaxatu» egin dela gaiarekin: «Badirudi asperdura sortzen dugula, beti gai berarekin. Eta gertatzen segitzen duenez, jendea jada ez da mobilizatzen. Baina mugiarazi behar dugu. Ezin gara errenditu».

Sareak eraikitzea ere ezinbestekoa izan da bien prozesurako. Orain, indarkeria matxista jasan duten beste andre batzuekin aritzen dira, biek aurrez egindako prozesu berean, bidelagun. Tartean dira azken hilabeteetan konfinamendua beren erasotzaileekin pasatu duten andreak ere: «Erasotzaileentzat paradisua izan da; 24 orduz zegoen andrea etxean, eta erabat kontrolatuta», dio Nekanek. «Oso egoera konplikatua izan da», Anek.

Hustuta daude Nekane eta Ane elkarrizketa amaitu denerako, baina Nekanek badu azken deiadar bat egiteko lain indar: «Gizarteak ez dezala gutxietsi emakume batek aurrera ateratzeko duen gaitasuna, eta, aldi berean, ez diezagutela leporatu lehenago ez atera izana. Ditugun baliabideak ez dira nahikoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.