Bakartzeari aurre egiteko errima jarioa

Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko konfinamenduak ezohiko egoera bat eragin du, bertsolaritzaren esparruan ere bai. Hala, egitasmo asko abiarazi dituzte sarean: tartean, bertso kateak, sareko bertso saioak eta eskaera bidezko bertsoak.

Jon Maia bertsolaria, iaz, bertso saio batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Nagore Arin.
2020ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Plaza omen da bertsoaren leku naturala. Plaza, bat-bateko adierazpide kulturalaren transmisio gune eta sorleku. Bertsolariak dira errima jarioaren emari; bertsozaleak, aldiz, hartzaile. Plaza hori, ordea, moldatu egin daiteke testuinguruaren arabera, eta koronabirusaren harira sortu den salbuespenezko egoera agertoki berri bihurtu da bertsolaritzarentzat. Hala, konfinamenduaren garaiotara egokitutako egitasmo ugari jarri dituzte martxan: besteak beste, bertso kate bihurtutako plaza, streaming bidez funtzionatzen duen plaza eta txio batetik abiatutako ixolamenduaren bertsoak. Hirurak ezohiko egoerari aurre egin eta gizarteari zerbait gozagarria eta entretenigarria eskaintzeko pentsatuak.

Beterri-Aiztondoko (Gipuzkoa) Aiurri aldizkariaren BertsoVid19 izeneko egitasmoa da horietako bat: herritarren puntuekin eta bertsoekin harilkatutako bertso katea. Mikel Arberas eta Olatz Lasa kazetariek jarri zuten martxan. Arberasen esanetan, parte hartzaile guztien artean zuhaitz bat sortzea da xedea: «Helburua da puntua jartzea eta puntu horri erantzun bat botatzea, eta, era berean, bertsoa osatu duen horrek beste bi pertsona izendatzea eta haiei puntu bana jartzea». Gaineratu duenez, euskara ardatz izango zuen erronka bat proposatu nahi izan zuten, «Aiurri ezagutaraziko zuena eta bertsolaritza sustatuko zuena».

Lasaren arabera, hasieran Andoainen kontzentratu zen bertso jarioa, baina, gerora, zabalduz joan da: «Andoaingo gazteak hasi ziren parte hartzen. Gero, eskualdeko herrietako lagunei puntuak botatzen hasi ziren, eta dagoeneko pila bat zabaldu da». Orain arte, 450 bideotik gora jaso dituzte, eta zifra gorantz doa. Ez zuten espero horrelako erantzunik, eta, gainera, askotariko jendearen bertsoak jaso dituztela erantsi du. Gaiei dagokienez, askotarikoak jaso dituzte, baina gehienek lotura dute koronabirusarekin. Umorea ere bideo askotan agertu dela esan dute; Lasaren aburuz,«bertso ia denetan dago umore zantzuren bat. Mozorrotuta ageri dira, animaliekin, eta astoren bat ere sartu dute egongelaren batean». Pozik daude izan duten harrerarekin, eta kateak aurrera jarraitzea espero dute.

Etxetik Etxera egitasmoa ere hutsune berberei erantzuteko asmoz sortu zuen Unai Elizasu gai jartzaileak: «Bertso jaialdi bat da. Hasieran, lau bertsolarirekin egin genuen, baina hemendik aurrera sei bertsolarirekin egingo dugu. Bertsolari bakoitza bere etxean egongo da, gai jartzailea ere bai, eta sarean ikusiko da, Youtube plataformaren bitartez».

Besteen pare, sarean konfinamenduari aurre egiteko proposamen ugari sortzen hasi zirenean izan zuen ideia: «Ikusten ari nintzen gure ohiko jardun horrek, bat-bateko jardun horrek, ez zuela oraindik sarean lekurik topatu». Horrela, telefonoa hartu, eta Aitor Sarriegi bertsolariari deitu zion, ideiaren berri emateko. Bien artean lurreratu zuten, eta talde bat osatu: «Aurreneko saioko laukotera iritsi ginen: Sarriegi bera, Julio Soto, Aitor Mendiluze eta Jone Uria».

Lehen aldi horretan, 600 pertsona baino gehiago batu ziren saioa jarraitzera. Harrera ikusirik, egitasmoari jarraipena ematea erabaki zuten, eta, gaur-gaurkoz, ostiralero streaming bidezko saio bat egitea da asmoa, konfinamendua amaitu arte: «Orain ez dugu plazetara joateko modurik, eta, plazetara joan ezin bagara, plaza ekarriko dugu etxera. Bertsozaleari bat-bateko saio bat ikusteko aukera ematea da xedea». Lehen saioan parte hartu zuten pertsona horiek «erdi finkoak» izango direla aurreikusten dute, baina, ostiralero, bertsolari berriak batuko dira egitasmora. Alderdi teknologikoari begira, erronka bat izan dela azaldu du bertsozaleak: «Ez gara sekula honetara jarri, eta nik uste dut leiho interesgarri bat zabaldu dugula».

'Ixolamenduaren bertsoak'

Jon Maia bertsolariaren kasuan, Twitter sare sozialaren bidez hasi zen bertsoak egiten: enkarguz, egoera jakin batzuei erantzunez. «Boluntariotza lan bat da, eta modu pribatuan egiten dut. Eskatzen dizkidan jendearentzat dira, eta, behin eginda, haienak dira». Aitortu duenez, nola egingo zuen ongi jakin gabe bota zuen proposamena, eta berehala hasi zen mezuak jasotzen: «Hasieran, eskaera handia eduki nuen. Gerora, egonkortu egin da. Oraingoz, 140 bat pertsonari idatzi dizkiet bertsoak. Balio izan dit konturatzeko pandemia honen atzean arazo mota ugari dagoela, kasuistika oso zabala dela». Oro har, «gaizki pasatzen ari den jendearentzat» egin ditu, eta ia beti izan dira norbaitek beste batentzat eskatuak.

Anorexiarekin bakarrik dagoen pertsona batentzat. Bananduta dagoelako seme-alabak ikusi ezin dituenarentzat. Bakarrik dauden aitona-amonentzat. Bisitak galdu dituzten presoen senideentzat. Ospitalean lan egiten duen jendearentzat. Buruko gaitzen bat dutenentzat. Haurdunaldian daudenentzat. Urteak bete dituztenentzat. Hil den jendearentzat. Horientzat eta gehiagorentzat idatzi ditu Maiak ixolamenduaren bertsoak. Duela egun gutxi, adibidez, bertso bat egin zion pertsona bat hil dela jakin du: «Bertsoa egin nion gizon bat koronabirusarekin hil dela jakin dut. Nire bertsoa jaso zuen, eta asko gustatu zitzaiola helarazi zidaten. Handik bi egunera hil egin zen». Egoera horien guztien berri izateak gizartea nolako pertsonaz osatuta dagoen ikusteko modua eman dio Maiari: «Zenbat errealitate desberdin dauden jakiteko balio dit, orain jendearen beharrak zeintzuk diren jakiteko... Diagnostiko interesgarria egiteko aukera da, eta jakiteko zein diren orain benetan inporta duten gauzak: esperantza, maitasuna, mimoa...».

Kulturaren inguruan gogoeta egiteko ere baliatu du egoera: «Garai interesgarria da kulturaren funtzioa baloratzeko: bizitzeko ez ditugu errepideak edo zubiak behar; bertsoak behar ditugu, kantuak, literatura, dantza, zinema...». Izan ere, kultur adierazpide horiek entretenigarri bezain sendagarri izan daitezkeela uste du bertsolariak: «Kantu batek, bertso batek edo liburu batek eragin dezakeen funtzio terapeutikoa eta bizigarritasunari eman diezaiokeen laguntza, beharbada, ezin du medizina batek ere lortu. Herri bat herri izateko, kultura behar du errepideen aurretik». Ildo horretatik, konfinamendua mugarri izatea gustatuko litzaioke: «Beldur naiz honetatik ere negu gogor bat etorriko ote den. Ez badugu sinesten kulturaren funtzio estrategikoan eta ezinbestekoan, herri batengan izan dezakeen eraginean... larri ibiliko gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.