Espainiako Auzitegi Nazionala herriko tabernen auziko sententzia gauzatzen hasi da azkeneko egunetan, haien kontu korronteak bahitzeko agindua emanda, Sortuk atzo ohar baten bidez jakinarazi zuenez. «Jadanik hasi dira tabernen eta elkarteen kontuak enbargatzen, eta hurrengo egunetan guztiena gauzatuko dela pentsatzen dugu».
Auzitegi Nazionalak 2014ko uztailean atera zuen 35/02 sumarioko epaia, eta, kartzela zigorbatzuk emateaz gain, 103 herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen, «ETAren egitura»finantzatzea egotzita. Zigorra jaso zuten 103 herriko taberna horietatik, 53 Bizkaikoak dira, 35 Gipuzkoakoak, zortzi Arabakoak eta zazpi Nafarroakoak. Beste 11,absolbitu egin zituen AuzitegiNazionalak: Bizkaiko bi eta Gipuzkoako bederatzi.
Defentsak helegitea aurkeztu ondoren, Gorenak 2015eko ekainean eman zuen sententzia, eta, espetxe zigorrak jaitsi arren, kasik bere horretan utzi zuen herriko tabernen aurkako neurria—101 bahitzeko agindu zuen—. Auzitegi Nazionala hasi da epaia gauzatzen. Gorenak sententzia jakinarazi ostean, Justizia Ministerioaren iturrietatik zabaldu zen herriko tabernak itxi eta enkantean jarriko zituztela, hortik ateratako etekinak «[Espainiako] Estatuaren mesedetan» erabiltzeko xedez, baina bost urtean ez dute mugimendurik egin, orain kontuen bahiturak hasi arte.
Sorturen salaketa
«Epai politiko eskandalagarrihonek 1936ko gerraz geroztik gertatu den espolio politiko eta ekonomiko handienari bide eman zion», adierazi du Sortuk; «epai hau ezker abertzalearen eta Euskal Herriaren aurkako lapurreta erraldoi bat da».
Madrilen «autoritarismoa» eta borondatea gaitzetsi ditu. «Espainiako Erresumak eta haren estatu aparatu frankistek bakearen aldeko urrats oro oztopatzen tematuak jarraitzen dute». Azaldu du bera ez dela «isilik» geratuko. Erantzun politikoa prestatzen ari da. «Oker dabiltza halako jokaldiekin ezker abertzalea bere bidetik aterako dutela uste badute. Euskal Herriaren askapen prozesuan urrats sendoak egin ditugu azken urteetan, eta norabide horretan borrokan segituko dugu».
2015: inor ez kartzelara
Baltasar Garzon epaileak ekin zion 35/02 sumarioari, 2002ko apirilaren 29an operazio bat aginduta. Batasuneko 11 lagun atxilotu zituzten. 2013ko urrian hasi zuten epaiketa, Auzitegi Nazionalean, 36 auzipeturekin. Zortzi eta hamabi urte arteko espetxe zigorrak eskatzen zituzten haientzat, eta sententziak urtebete eta hiru urte artekoa ezarri zien hogei laguni: HBko eta Batasuneko zortzi mahaikide ohiri, «ETAren fronte instituzionala» osatzea, erakunde armatuko kide izatea eta herriko tabernen sarea kontrolatzea egotzita; eta herriko tabernenzatiko hamabi auzipeturi, elkarteen bidez «ETAren egitura» finantzatu eta laguntzeagatik.
Defentsak Auzitegi Gorenera jo zuen, eta horrek 2015ean kartzela urteak gutxitu egin zituen, gehienezko zigorra bi urtetik beherajarrita; horrela, haren epaiaren ostean zigortutako inor ez zuten sartu preso. Dena dela, auzipetu batzuk aurrez preso egonak ziren sumario horretan.
'Herriko tabernen' auziko sententzia gauzatzen hasi da Auzitegi Nazionala
Hainbat kontu korronte enbargatu ditu dagoeneko. 101 taberna bahitzeko ebatzi zuen Gorenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu