Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak JxC Junts Per Catalunyaren teilatuan utzi nahi izan du pilota, adierazi baitu Carles Puigdemont buru duen alderdiaren esku dagoela ERC Esquerra Republicanarekin koordinatuta negoziatzea Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearen balizko inbestidura. Horiek horrela, JxCko iturriek BERRIAri azaldu diote galdera bat egin nahiko lioketela Aragonesi: negoziazio mahaitik altxatzeko prest dago ERC? JxCkoak, esan dutenez, bai. «Iazko ekainean, indultuen ondoren, Esquerrak sinatu zuen paper bat esaten zuena dena egingo zela marko konstituzionalaren barruan. Guk ez dugu hori egingo». Puigdemontek inbestidurarako babesa negoziatzen hasteko jarritako baldintzak —finean, amnistia eta erreferendum bati begira aurrerapausoak ematen hastea— ERCk azken lau urteetan Moncloaren aurrean defendatutakoak eta aldarrikatutakoak direla gogorarazi du Kataluniako Gobernuko presidenteak. Nolanahi ere, ohartarazpen bat egin du JxCk. «Kontua ez da zer eskatzen duzun, baizik eta hori nola negoziatzen duzun». Horretan ere jarriko du arreta datozen asteetan.
Sukaldeko lanean ari dira JxCkoak, eta PSOErekin edukitzekoak diren elkarrizketak «diskrezioz» eraman nahi dituzte aurrera. «Ez ditugu telebista bidez emango. Akordio bat dagoenean, kontatu egingo dugu, Espainiako Kongresuko Mahairako ituna egin zenean bezala». Kataluniako independentismoaren hegemonia edukitzeko lehian kontrario politiko behinena du ERC, eta oroitarazi dio duela lau urte koordinatuta joan behar zutela Madrilera. «Baina betoa jarri ziguten...». Puigdemont lider duen alderdiko iturrien esanetan, hurrengo asteetan «zerbait» partekatu dezakete ERCrekin, baina ez diote uko egin nahi PSOErekin «solaskidetza zuzena» edukitzeari. «Solaskidetza diskretua izatea nahi baitugu». Ez dira fio ERCkoez.
JxCk ez du jarri Sanchezen inbestiduraz hitz egiten hasteko ezinbesteko baldintza gisa erreferendum bat egitea, ANC Biltzar Nazional Katalanak eskatu bezala. «Independentismoaren zati batek urardotze baten gisara hartu du, baina sinesgarritasuna behar dugu. Ez dugula datarik jartzen? 2017an gertatutakotik ikasitako gauzetako bat da hori». JxCkoek mahaigaineratu dute hainbat modu daudela galdeketa baterako «metodoa» zehazteko.
«Giro» bat egosten ari dira orain, eta JxCko iturriek azpimarratu dute bai Kongresuko presidentetzarako lortutako itunak, baita beraiek zein ERCk behe ganberan talde parlamentario propioa eduki dezaten PSOEk eta Sumarrek egindako mugimenduak —diputatuak utzi zizkieten, behin-behinean— lagundu dutela hori bera sortzen. Iruditzen zaio, bide batez, lehengo astelehenean Puigdemontek Yolanda Diaz Espainiako jarduneko bigarren presidenteordearekin izandako bilera «inportantea» izan zela «markoa normalizatzeko».
Duela hiru aste, Francina Armengol (PSOE) ganberako presidente izateko botoen truke, JxCk eta ERCk eskatu zioten Sanchezi —nork bere aldetik— euskara, katalana eta galiziera Europako instituzioetan ofizial bihurtzeko eskaera erregistratzeko. Hala egin zuen gobernuak, eta hilaren 19an Europako Batasunaren Kontseiluaren bilera batean dira horri buruz eztabaidatzekoak eta bozkatzekoak. Talde komunitarioko estatu guztiek bozkatu behar dute alde. Espainia baikorra da. «Onartuko balute, aurrerapauso bat emango litzateke konfiantzan», nabarmendu dute JxCkoek. Zeren ez baitute konfiantzazko harreman bat PSOErekin.
Besteak beste, horregatik da negoziazioetarako baldintza bathitzarturikoa betetzen dela gainbegiratzeko eta bitartekaritza lanerako mekanismo bat finkatzea. Nazioartekoa izatea nahi dute. «Ezinbestekoa da figura hori, eta aukera asko dago: Henri Dunant zentroa, Carter zentroa, gobernuz kanpoko erakundeak ere badaude... Are, pertsona jakin bat izan daiteke, duen esangura politikoagatik: Romano Prodi, Jose Mujica...». JxCk ohartarazi du, baina, Espainiako Gobernuak eta Espainiako alderdiek, oro har, uko egiten diotela mekanismo horri. «Onartzen baduzu, gatazka aitortzen ari zara». JxCk zehaztu du bitartekaritzak legegintzaldi guztirako izan behar duela, eta Sanchezen inbestidura saioa baino lehen —beranduenez, azaroaren 27an— jakin behar dela nork edukiko duen eginkizun hori.
Data horietarako egon behar du, JxCko iturriek zehaztu dutenez, amnistia legeak «bozkatuta eta onartuta»; eta ,hala ez bada, «gutxienez Kongresuan lege proposamen gisa erregistratuta». Ba al dago horretarako denborarik? «Bai. [Espainiako] Konstituzioa uda batean erreformatu zuten. Borondate politiko kontua da dena». PSOEk esan du azken egunetan ez duela baztertzen Sanchezen inbestidura saioa urriaren 17ko astean egitea. «Hala nahi badute, korrika asko egin beharko dute. Oraindik ez gara hasi negoziatzen».
Borrasena ere, politikoa
Amnistia lege horren harira, JxCren Berme Batzordeko arduradun Magda Oranichek adierazi du «astakeria bat» litzatekeela legeak Laura Borras alderdiko presidentearen kasua ere barne hartzea. Kataluniako Auzitegi Nagusiak lau urte eta erdiko kartzela zigorrera kondenatu zuen martxoan, prebarikazioa eta dokumentuak faltsutzea leporatuta. «Amnistia legea erabaki politiko bat da, eta, orduan, eragin behar die bere ideiengatik [Puigdemonten esanetan, 2014ko azaroa baino pixka bat lehenagotik, 2017ko erreferendumaren ondoko errepresio guztiraino] jazarrita dauden guztiei. Uste dugu eta defendatzen dugu ekintza administratibo batzuetatik abiatuta auzi politiko bat sortu diotela».
PSOEk ez dio atea itxi inbestidurari bide emango ziokeen amnistiari, nahiz eta alderdiaren buruzagi historiko batzuk, Felipe Gonzalez, Ramon Jauregi eta Alfonso Guerra, kasurako, kontra agertu diren. JxCn ez daude horregatik arduratuta, pentsatzen baitute Sanchez «indartsu» dagoela alderdi barruan. «Baroiak garbituz joan da. Zirkunstantzietara egokitzen da, eta ideologia malgua du». Alderdi independentistako iturriek uste dute, gainera, PSOEren liderra Kataluniako, Euskal Herriko eta Galiziako subiranisten babesarekin inbestitua bada, PP«jota» utziko duela urte askorako.
Kataluniako independentismoari ere lagunduko lioke amnistia eta erreferendum bateranzko pausoak jasotzen dituen itunak, iritzita urteak daramatzatela aurrerapausorik eman gabe, «Esquerraren eta Espainiako Gobernuaren arteko mahaitik» mugitu gabe. «Akordio baten bidez errebultsibo bat badago, horrek sor dezake, aldi berean, errebultsibo bat bozei begira». Kataluniako Parlamenturakoak 2025eko otsaila baino lehen egitekoak dira.
Katalunia. Diada
Negoziatzeko eran ere jarriko du arreta JxCk
Puigdemont ez da fidatzen ERCkoez, eta ez du bultzatuko Sanchezen inbestidurarako elkarrizketak haiekin koordinatuta egitea. Sukaldeko lana eta PSOErekin solaskidetza zuzena izatea lehenetsi ditu, eta horretarako sorturiko «giroa» aldarrikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu