KENKARIEN EZBAIA

Kenkarien eta pizgarrien ondorioz, Hego Euskal Herriko ogasunek 544 milioi euro biltzeari utziko diote sozietate zergan aurten. Neurrion asmoa da enpresek xede batzuetara bideratzea, baina Nafarroan egin den txosten batek «zalantza handiak» azaldu ditu lau kenkariren eraginkortasunaz.

joxerra senar
2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Sektore publikoa finantzatzeko diru iturri nagusia da zerga bilketa, baina, era berean, politika ekonomikorako palanka baten gisan erabil daiteke, enpresa zein norbanako zergadunak interes orokorreko helburuetara bideratuz. Sozietate zergaren kasuan, ikerketa eta garapena bultzatzea, kalitatezko enplegua sortzea, inbertsioak egitea... Helburu horiek lortzearen truke gobernuek uko egiten diote diru hori biltzeari. Ia ezinezkoa da biltzen den diruaren eta lortu nahi den helburuaren arteko oreka perfektua erdiestea. Zer gertatzen da, baina, palanka ondo olioztatuta ez badago eta ematen dena baino askoz gehiago kentzen badute? Horretan datza kenkarien ezbaia: zenbateraino merezi duen diru hori biltzeari uztea, baldin eta xedea ez bada lortzen edo eraginkortasun gutxikoa bada.

Udazkenero legez, Nafarroako Parlamentuan eta Batzar Nagusietan, zerga neurrien inguruan eztabaidatuko dute alderdiek, eta aurten kenkarien gainean egongo da fokuetako bat. Testuinguru berezian dator eztabaida. OCDEk Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak multinazionalei gutxieneko %15eko tasa ezartzea proposatu du —ikus alboko testua—.

Gutxieneko tasak

Nafarroan, gutxieneko tasa %13 eta %18 artekoa da, enpresaren tamainaren arabera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, %11koa ezarri dute enpresa txikientzat, eta orokorra %13 da. Dena den, lau lurraldeetan, gutxieneko horretatik behera ordaintzeko modua dute enpresek zergapetze bikoitza saihesteko kenkarien, ikerketa eta garapenerako kenkarien eta, Nafarroaren kasuan, ikus-entzunezkoen sektorerako kenkarien bitartez.

Horrez gain, urte batean zerga oinarri likidagarriak izanez gero, galerak etorkizuneankonpentsatzeko modua dute konpainiek—Nafarroan hamabost urtez eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 30 urtez—. Iragan otsailean, ELAk txosten batean salatu zuen gutxieneko hori ez dela erreala, eta iaz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 22 enpresa handienek batez beste %7,6 soilik ordaindu zutela, eta ogasunek 225 milioi biltzeari utzi ziotela —Petronorrek, Tubacexek, Bridgestonek, Pepsicok eta GKNk ez zutela euro bakar bat ere ordaindu kritikatu zuen irmo—.

2011ko azarotik, Europako Batasuneko zuzentarau batek behartu egiten ditu administrazioak zerga bakoitzetik biltzeari uzten zaion diru horren aurrekontu bat aurkeztera. Informazio horren bidez jakin daiteke Hego Euskal Herrian sozietate zergan kuotaren gaineko kenkarien faktura 330 milioi eurokoa izango dela aurten. Horri gaineratu behar zaizkio kuotaren gain ezartzen diren bestelako neurri eta pizgarriak: orotara, biltzeari utzitakoa 544 milioi euroren zerga etekinak dira. Zenbateraino erabili da diru hori jarritako helburuak betetzeko? Nafarroan lehen aldiz horri buruzko ariketa egin dute.

Iaz, aurrekontuei buruzko akordioan, hainbat kenkariren eraginkortasuna neurtzeko azterketa egitea hitzartu zuen EH Bilduk Nafarroako Gobernuarekin, eta hilabeteotan bederatzi adituz osatutako talde batek landu du txostena. Profil anitzeko adituak izaki, azterketan antzematen da oreka zail bat gorde dutela. Dena den, aztertutako bost kenkarietatik lauri buruz «zalantza handiak» dituztela ondorioztatu dute azterlanean.

Enplegu kenkaria

Horietako bat da enpleguarena. Hego Euskal Herrian foru ogasunek hamabi milioi euro biltzeari uzten diote urtean. Nafarroan, langile bati urtean 27.000 eurotik gorako soldata duen kontratu finkoa izenpetzeagatik, kenkari bat ezartzen zaio eta langileko laguntza 1.000 euro eta 6.800 euro artekoa izan daiteke —Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gutxieneko soldata baino %70 handiagoa izango den soldatari aplikatzen zaio eta laguntza 5.000 euro artekoa da—.

Nafarroan, 2016tik hona kenkariaren baldintzak hiru aldiz aldatu dituzte legegileek, baina apurka enpresek gero eta gutxiago erabiltzen dute: krisi urteetan, 2009. eta 2011. urteetan, batez beste zazpi milioi euroren laguntzak jaso ziren; egun, 3,5 milioi ingurura jaitsi da erabilera —nahiz eta urtearen arabera, gorabehera batzuk egon daitezkeen—. Enpresen izaerari dagokionez, batik bat izaera sozialeko enpresek eta tamaina txikikoek erabiltzen dute.

Txostenaren arabera, ez dago informazio nahikorik jakiteko zenbat enplegu sortu diren kenkaria ezartzearen ondorioz eta zenbat sortuko liratekeen laguntza izan zein ez. Horregatik, uste dute eraginkortasun txikia duela; hots, kostua handiegia da, «edozein kasutan sortuko litzatekeen enplegua baita». Gizarte Segurantzaren kotizazioen hobariak eraginkorragoak direlakoan daude, denboran irauten baitute eta kenkaria behin soilik aplikatzen baita. Gainera, Nafarroan laguntza aplikatu ahal izateko baldintza 27.000 eurotik gorako soldata izatea «gehiegizkoa» dela deritzote. Hori guztia kontuan harturik eta Europan, egun, herrialde gutxitan aplikatzen denez —soilik Bulgarian, Txekian, Grezian, Hungarian eta Espainian—, kenkari hori ezabatzeko aholkatu dute.

Antzera gomendatu dute inbertsioari lotutako hiru pizgarriekin: kenkaria, berrinbertsiorako salbuespena eta erreserba. Hiru neurriok aktibo finkoen inbertsiorako egituratu badira ere, egileek «zalantzak» dituzte haien eraginkortasunari buruz. Aurten 82 milioi euro inguru biltzeari utziko diote lau ogasunek. Txostenak ondorioztatu du Nafarroan pizgarrietako bat kendu egin beharko litzatekeela, eta beste bi «hobeto egituratu, batik bat sektore estrategikoetara bideratuz».

Auzia da ea sozietate zergan jasotzen diren kenkari guztiak ezabatu egin beharko liratekeen. Galdera horren aurrean, adituek proposatu dute lehenik zerga bere osotasunean aztertu beharko litzatekeela.

Ondorio orokor horiek eztabaidako oinarria eman diete ezkerreko alderdiei. EH Bilduk interesgarritzat jo du emaitza, aldez aurretik zuten arrazoizko zalantza baieztatu dielako txostenak: «Kenkarien ezarpena justifikatzen duen helbururik ez da betetzen». Azken hamarkadan, krisiak krisi, ekonomiak gora egin duen bitartean, sozietate zergaren bilketak behera egin du: 2009an, 571 milioi euro bildu ziren Nafarroan, eta, iaz, 250 milioi. Adolfo Araizek nabarmendu du zerga bilketaren murrizketaren azken emaitza horixe bera dela: enpresek gutxiago ordaintzen dutela, «besterik ez».

Negoziazioak hasi berri diren honetan, erreforma sakon baten beharra aldarrikatu du, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin batera. Haatik, Nafarroako Gobernuak «lasaitasuna» eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.