Sexu arrakala digitalak eta sareetako jokabide matxistak identifikatu eta ikertu ditu Estibaliz Linares doktoreak (Barakaldo, Bizkaia, 1991). Ikerketa lerro horren ardatz nagusiak aletu ditu Iruñeko Udalak antolatutako Gazteak, ingurune digitalak eta indarkeria sexistak izeneko jardunaldietan.
Zure hitzaldiaren izenburua Iceberg digital matxista da. Zer da kontzeptu hori?
Online mundua offline munduaren isla da, eta, gure gizartean, eraikuntza soziokultural matxista bat egituratuta dago. Egitura horrek genero kode batzuk ditu oinarrian: nola jokatzen dugun, zer kontsumitzen dugun... Gehienetan, kode horiek ikusezinak dira, baina indarkeria matxistaren haztegi ere badira. Hortaz, icebergaren analogian, ziber-indarkeria matxista izango litzateke tontorra, ikusten dugun zatitxo hori; eta ur azpian leudeke indarkeria hori baldintzatzen eta ahalbidetzen duten faktoreak.
Zeintzuk dira faktore horiek?
Funtsean, barru-barruan ditugunak, gizarte egituretan txertatuta dauden horiek: matxismoa, homofobia, transfobia, arrazismoa... Hori guztia ez dago Interneten: gizarteak berezko zituen lehendik. Internet ez da hor nonbait dagoen entitate bat. Internet gu gara. Mundu zabal bat da, eta denetarik dago. Hortaz, faktoreak askotarikoak dira, eta, besteak beste, kontsumitzen diren edukiek ere badute garrantzia. Bideo jokoek, adibidez: bideo joko askok sexismo karga inplizitu eta esplizitua dute, eta planteatu behar da nork egiten dituen, nori zuzenduta dauden, nork kontsumitzen dituen... Gogoeta sakona merezi du auziak.
Indarkeria matxistak forma ezberdinak hartzen ditu plataformaren arabera?
Terminologia joria da: sexting, sextortsioa, grooming... Ni ez naiz horiek erabiltzearen zale, finean badakigulako zer den jazarpen sexista edo sexu erasoa, eta Interneten gauza bera da. Horregatik nahiago dut ziberindarkeria matxistaz edo ziberjazarpenaz hitz egin. Hala ere, bada alderik online eta offline kasuen artean.
Zeintzuk?
Eragin dezaketen mina ezberdina da. Online munduan gertatzen denak hor irauten du, ez da desagertzen. Zure plataforma eta kontu guztiak ixten ez badituzu, ezinezkoa da erabat deskonektatzea. Gainera, askoz irismen handiagoa du ziberjazarpenak, edonora ailegatzen baita. Demagun Bizkaiko herri txiki batean bizi zarela, eta bizilagun batek zure argazki bat zabaltzen duela. Hori ez da zure herrian geldituko: handik gutxira, Bizkai osoak izango du, ezagutuko zaituzte eta ez da ahaztuko... Horrek areagotu egiten du sufrimendua. Hilabeteak edo urteak pasatuta ere, askok seinalatzen zaituzte: «Zu zara bideo horretan agertu zen neska». Gainera, jazarpena ez da behin bakarrik gertatzen: sare sozialen bidez, behin eta berriz azaleratzen dira bideoak eta argazkiak, eta, hori gertatzen den aldiro, prozesua errepikatzen da.
Nerabeak dira zure ikerketaren oinarria. Zergatik?
Duela zenbait urte, doktoretza tesia egin nuenean, nerabeen arteko harremanak aztertu nituen batez ere. Z belaunaldia deritzogun hori interesatzen zitzaidan, teknologia berriekin jaio zirelako: haien jarrerak, bizipenak eta harremanak hertsiki lotuta daude teknologia horiekin. Hala eta guztiz ere, urteek aurrera egin ahala, denak sartu gara gurpil horretan, eta ikerketaren fokua zabaldu dut. Interesgarria da nerabeekin lan egitea eta haiei begirako proiektuak garatzea, baina beharrezkoa da hezkuntzari edo familiari ere erreparatzea: ez badugu gurasoekin edo irakasleekin lan egiten, nekez aldatuko dugu gizartearen egitura.
Familiekin, nola?
Sare sozialetan sexu indarkeria sufritu duten neska gazteekin lan egin izan dut, eta, batzuetan, familiek joera dute errudun sentiarazteko: «Zu zara gertatutakoaren erantzule, norbaiti argazki batzuk bidali zenizkiolako edo gorputza erakutsi zenuelako». Birbiktimizazio prozesu bat da. Horregatik, oso garrantzitsua da familiekin lan egitea, bestelako diskurtsoak eta narratibak eraikitze aldera. Nerabe gehienek, finean, familiarengana jotzen dute halako arazoren bat dutenean, eta, familiek ez badute baliabide egokirik, betiko rolak eta egiturak errepikatu besterik ez dute egingo.
Zer behar da egoerari buelta emateko?
Oso garrantzitsua da hezkidetza gizarteko hainbat sektoretara zabaltzea, besteak beste, biktima erruduntzat jotzeko joera horiek baztertzeko eta birbiktimizazioa eragozteko. Harreman eta egitura berriak sortu behar ditugu.
Erreferentziazko emakumeak falta dira sareetan?
Ez dut uste. Adibidez, Youtuben gero eta erreferente gehiago daude: gamer emakumeak, feminismoaren esparruan mugitzen diren youtuberrak, ahots ezberdinak... Nik beste batzuen falta sumatzen dut: bestelako maskulinitate ereduena, adibidez.
Sare sozialek eta Internetek eskaintzen dituzten aukerak ere nabarmendu dituzu...
Bai, noski. Garai batean, telebistan azaltzen zirenak bakarrik ziren famatuak edo izaten zituzten jarraitzaileak. Gaur egun, aldiz, zure ahotsa edonon aditu daiteke, eta oihartzun handia izan dezakezu. Baduzu plataforma bat zure mezua zabaltzeko. Gaur egun, nerabeek sare sozialetan dituzten erreferenteak gero eta pluralagoak dira, eta hori nabari da, besteak beste, hezkuntzan. Ikasleek oso barneratuak dituzte zenbait kontzeptu. Zoaz ikasgela batera, eta atera ezazu identitateen gaia: haientzat oso normala da. Transexualitatea, intersexualitatea, genero ez-binarioak... Guk baino erreferente gehiago dituzte. Egia da oraindik arrakalak daudela eta estereotipoak gainditu behar direla, baina erreferenteak ez dira falta, eta Youtuberen gisako plataformek aukera ederra eskaintzen dute horretarako.
Estibaliz Linares. Deustuko Unibertsitateko irakaslea
«Ziberjazarpenak min handia eragin dezake, edonora iristen baita»
Ziberindarkeria matxistaren prebentzioaren arloan lan egiten du Estibalitz Linares Gizarte Laneko graduko irakasle eta ikertzaileak. Sare sozialetako jarrera matxistak «gizartearen isla» direla nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu