Indarkeria emozionala, adingabeetan ohikoena

Lehen maitasun harremanetako indarkeria kasuak aztertu ditu Maria Dosil psikologiako doktoreak. 539 neraberen testigantzak jaso ditu, eta ikusi du adingabeen artean biktimizazio tasa handia dela eta normalizatu egiten dutela indarkeria.

Gazte batzuk sare sozialak erabiltzen, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Oihane Puertas ONA
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
«Indarkeria eta biktimizazio moten artean, emozionala da lehenengo maitasun harremanetan gehien erabiltzen dena». Hori izan da Maria Dosil psikologiako doktoreak atera dituen ondorioetako bat; izan ere, lehen maitasun harremanetako indarkeria ikertu du bere doktorego tesian, eta, besteak beste, ikusi du indarkeria adierazleak nerabezaroan hasten direla. Ikerketa horren harira, egun, ziberindarkeriaren prebentzio programa bat bideratzen dihardu Bilboko bi institututan, Euskal Herriko Unibertsitateko PSIDES ikerketa taldearekin.

Adingabeen egoitza batean egin zuen lan Dosilek, eta bertan ikusi zuen nerabeek izaten zituzten bikote harremanak «ez zirela osasuntsuak», eta horrek haien garapen pertsonala «okertzen» zuela. Kezka horretatik abiatuta, eta fenomeno hori prebenitzeko asmoz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 12 eta 17 urte bitarteko 539 neska-mutilen testigantzak jaso ditu ikerlariak; horietatik 271 egoitza harreratakoak, eta 268, ikastetxeetakoak.

Dosilen arabera, nerabeek prebalentzia eta biktimizazio tasa handiak dituzte, eta «askotan» normalizatu egiten dute indarkeria emozionala; besteak beste, bikotekideen artean gatazkei aurre egiteko erabiltzen dutelako. Horrez gain, indarkeria emozionalaren bidez bikotekidea kontrolatzea «maitasun seinale» gisa hartzen dute zenbait nerabek. «Mito erromantikoak atzean daude gaur egun ere», adierazi du.

Emaitzetan ikusi duenez, gainera, adinean aurrera joan ahala indarkeria tasa handitu egiten da. Biktimizazioari dagokionez, berriz, adinak ez ezik, sexuak ere badu eragina; bi faktore horien arteko interakzioa aurkitu zuen: «Neskak biktimizatuagoak ziren, eta adinean aurrera egin ahala, biktimizazioa ere handitu egiten zen». Horrez gain, ikerketako emaitzek erakutsi dute, besteak beste, sexismoa eta depresioa lehenengo maitasun harremanetako indarkeriarekin ere lotzen direla.

Teknologia eta indarkeria

Sare sozialek ere eragina izan dute nerabeen bikote harremanetako indarkeria kasuetan: «Gaur egun, online eta offline indarkeria batera gertatzen da askotan», azaldu du doktoreak. Izan ere, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek «onura handiak» dakartzate maila sozial eta pertsonalean, baina, era berean, abusuarekin eta erasoekin lotutako arazoak «areagotzeko» modua eman dute.

Dosilen arabera, gainera, nerabeen arteko harremanetan «funtsezko zati gisa» integratu dira teknologia berriak. Horren adibide da, esaterako, PSIDESek egindako ikerketa baten emaitza: parte hartzaileen %30ek bikotekideak kontrolatzen zituzten teknologia berrien bitartez. Ziberindarkeria kasuetan sexu desberdintasunik ez dagoela dio doktoreak: «Bai mutilek bai neskek neurri berean egiten eta jasaten dute indarkeria hori».

Lehen maitasun erlazioetako indarkeriari aurre egiteko, prebentzioaren garrantzia nabarmendu Dosilek. Horretarako, uste du «funtsezkoa» dela diziplina anitzeko taldeak elkarlanean aritzea: «Kasua profesional gehiagorekin bideratu daiteke, prozesuak irteera hobea izan dezan».

Doktorearen arabera, prebentzioa «ezinbestekoa» da bikote harremanetan indarkeria desagerrarazteko; nerabezaroko harremanetako indarkeriak eragina izango duelako pertsona horien etorkizuneko harremanetan. Horregatik, uste du giza eskubideak errespetatzea sustatzen duten esku hartze psikoedukatiboko programak garatu beharko liratekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.