Koronabirusa

Ikasturtea hasteko nahia eta ezina

Ikasturte berria ate joka dago, baina ikastetxe batzuek BERRIAri jakinarazi diote oraindik ez dutela babes materialik jaso. Zuzendariek kezka dute ea hartu dituzten neurriak nahikoa izango diren eskolen bidez COVID-19a ez zabaltzeko.

Eskola bat itxita, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Kontingentzia planak eta protokoloak betetzea ezinezkoa da; izan ere, kontraesanez beteta daude». Ikasgeletara itzultzeko hartu beharreko neurriez ari da hizketan Simon Setien, Gipuzkoako eskola publiko bateko irakaslea —ez du eskolaren izena eman nahi izan. Zailtasunak espero ditu neurriak betetzeko: «Ikasgelan, distantzia horiek nekez errespetatuko dira; autobusean, ez dira errespetatzen».

Ikasturtea COVID-19arekin hasteak dakartzan gorabeherei beste bat erantsi zaiei eskola horretan: obrak. «Patioaren hiru laurden ezin dira erabili», ziurtatu du Setienek. Patioa ez ezik, bi eraikinetako fatxadak ere obretan dituzte: «Zaratak zailtasunak eragingo dizkigu eskolak emateko, eta espazioa ere hor dago: gehiago behar dugun momentuan, murrizten ari da».

Ez da erronka makala izango 2020-2021eko ikasturtea. Prestaketa lanetan dihardute zuzendaritza taldeek; ez oztoporik gabe, ordea. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren neurriak «berandu» iritsi direla eta ez direla «nahikoa» izan salatu du Irantzu Duce Karrantzako (Bizkaia) Kontxa eskolakozuzendariak. 205 ikasle hartzeko prestatzen ari dira, baina baliabideak behar dituztela dio: «LHn, hiru talde ditugu hogeitik gorakoak, eta ondo legoke ratioa gutxienez hogeira jaistea». Haren hitzetan, «ezinezkoa» da ikasleko 2,25 metro koadro izan eta 23 ikasle sartzea.

45 ikasle soilik izan arren, COVID-19ak eragina izango du Aginagako (Usurbil, Gipuzkoa) eskolan ere. «Erabaki genuen bi bizikidetza talde egonkor egingo ditugula: HHkoak eta LHkoak», azaldu du Leire Salaberria zuzendariak.

Ikasturtea berria ate joka dela, babes materialik ez dute jaso eskola horietan. Maskarak eta gel hidroalkoholikoak iristeke zeuden asteartean Karrantzan, eta egoera bera zuten Aginagan asteazkenean. «Ekainean, eskolara etorri ginen irakasleok, eta ez genuen babesteko ezer jaso; eskolak erosi zituen maskarak eta gelak, eta Usurbilgo Udalak utzi zizkigun produktuak ordenagailuetako teklatuak, mahaiak... desinfektatzeko», dio Salaberriak. Ducek ziurtatu duenez, Karrantzan ere eskolak erosi behar izan ditu hainbat material: gela bakoitzerako zaborrontzi pedaldun bat, sarreretarako desinfektatzeko alfonbrak, autobus bakoitzerako termometro bat... Horrek gastu bat eragin die: «Mila eta piko euro daramatzagu gastatuta; izugarria da».

Iruñeko Iturrama institutuan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 726 ikasle hartzeko antolaketari «azken ukituak ematen» ari direla azaldu du Arantxa Irisarri zuzendariak. Dagoeneko, jaso dute babes materiala Hezkuntza Departamentutik: hidrogelak, irakasleentzako maskara berrerabilgarriak... Halere, nabarmendu du arazorik handiena espazioekin dutela, baina ikasgeletan tartea errespetatu ahal izango dutela dio: «Gela guztietan sartzen dira ikasleak metro eta erdikodistantzia justu-justu errespetatuta».

Prestaketak prestaketa, badituzte kezkak zuzendariek. «Protokolo guztiak irakur ditzaket, ez dakit zenbat neurri hartu, baina nire azken erabakia eta erantzukizuna hor daude, eta batzuetan, ez dakizu ondo egiten ari zaren», dio Ducek. Antzera mintzatu da Irisarri: «Aurten denok daukagun kezka da hartzen ari garen neurriak eta osatu dugun plana nahikoa izango ote diren COVID-19ari eusteko, eta gure ikastetxea hori zabaltzeko leku bat izan ez dadin».

Ikasgelatik kanpo zer?

Ikasgeletan ez ezik, garraioan, jantokian eta sarrera-irteeretan ere nabarituko dute COVID-19a.

Karrantzako eskolan, ikasleak oso sakabanatuta bizi direnez, hamar autobusetan iristen dira ikastetxera. Ducek ziurtatu du tenperatura hartuko dietela autobusean sartu baino lehen, eta ikasleak beti leku berean joango direla, euren mailako ikaskideen ondoan. Gainera, ez pilatzeko, hainbat sarrera jarri dituzte, eta etxetik oinez doazenak hamar minutu lehenago sartuko dira.

Jantokian ere bizikidetza talde egonkorrak mantenduko dituzte Karrantzan eta Aginagan. Salaberriaren ustez, hor arazo bat izan dezakete: «Bazkalostean kanpora ateratzen direnean, bi taldeak ezin dira nahastu, baina begirale bakarra dago, eta ez dakigu besteren bat jarriko diguten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.