Euskal Herriko eta Kataluniako indar abertzaleak ezinbesteko bihurtu dira Espainiako Gobernuaren egonkortasuna bermatzeko, eta 2022rako aurrekontuen negoziazioetan ere haiena izan da protagonismoa. Tokian tokiko azpiegituretara bideratutako dozenaka inbertsio adosteaz gain, aurrekontuen markoa gainditzen duten hainbat gai tratatzera behartu dute Moncloa, hala nola hizkuntza eta gizarte arloei dagozkionak.
Eskuin unionistak —PP, Vox eta Ciudadanosek— eta hainbat alderdi erregionalistak —UPN, Foro Asturias eta Coalicion Canariak— hasieratik itxi zioten atea gobernuari, ezezko botoa iragarrita. Gauza bera egin zuten gero JxCk eta CUPek, hitz egiteko beharrezkotzat jo zituztenean Kataluniako gatazka politikoari konponbidea emateko urratsak. Hartara, gainerako indar abertzaleak ezinbesteko bihurtu zaizkio Moncloari gehiengo osoa bermatzeko.
Lehen pausoa EH Bildurekin lotutako akordioa izan zen. Hainbat inbertsio egiteko ados jartzeazgain, koalizioak hiru akordio nagusi erdietsi zituen gobernuarekin. Arlo sozialari dagokionez, amiantoaren biktimei zuzendutako 25 milioi euroko funtsa eta ezkutu sozial iraunkorra finko egitea. Euskarari lotuta, berriz,ETB3ren emisioa Nafarroa osora zabaltzea. EH Bilduren atzetik emango zuten euren akordioen berri Mas Pais, Compromis, Nueva Canaria, Teruel Existe eta PRCk ere.
Ondoren mugitu zen negoziazioetako protagonista nagusia. ERCko hamahiru diputatuak aurrekontuen alde egitekoak ziren Kongresuan, besteak beste Ikus-entzunezkoen Lege berrian hizkuntza koofizialetan eginiko lanentzat gutxieneko kuota bat ezartzearen truke. Halere, azkenera arte luzatu da Senatuan ere baietza bermatzeko negoziazioa, Ministro Kontseiluak aurkeztutako lege aurreproiektuak ez baitzuen konbentzitu ERC. Esquerrak hainbat zuzenketa aurkeztu zituen Moncloa negoziatzera bultzatzeko, baina bertan behera utziditu, katalanezko telesailentzat hamabost milioi euroko funts bat adostu ostean.
Euskaraz, katalanez eta galegoz eginiko ikus-entzunezko lanak sustatzeko 10,5 milioi euroko funts bat ere aurreikusten dute kontuek, ERCk, EH Bilduk eta BNGk gobernuarekin hala adostuta. Ez da hura ERCk eta EH Bilduk batera eginiko akordio bakarra. Biek ere adostu dute mossoen eta foruzainen erretiroa estatuko gainerako polizia indarretako kideenarekin berdintzea.
Negoziazio luzea
Kongresuan gehiengo osoa lortuta, arnasa har zezakeen Moncloak, baina negoziatzen jarraitu zuen. Hala, EAJk bi akordioren berri eman zuen afera ganbera hartan zela. Osoko zuzenketa bat aurkezteko aukera baztertu zuen bizitzeko gutxieneko errentaren kudeaketa Jaurlaritzaren eskuetara igarotzea adostu ostean, eta aurrekontuei baiezkoa eman zien hainbat inbertsioren truke; hala nola Añarbeko kanala (Gipuzkoa) eta Galindoko HUA (Bizkaia) 2022an lizitatu eta euskal erakundeen esku uztea, eta gaixotasun larriak dituzten adingabeen zaintzara bideratutako diru laguntzak haiek 23 urte bete arte luzatzea.
Ordura artekoak, baina, ez zuen guztiz ase EAJ, eta Espainiako Gobernuarekin negoziatzen jarraitu zuen. Hartara, tramitazioa Senatuan zela iritsi zen jeltzaleek helburu zuten tratua:AHTaren Bilboko eta Gasteizko geltokiak lurpean egingo dituzte, eta Jaurlaritzarena izango da horretarako eskumena.
Trenen kudeaketen ingurukoa izan zen PDeCATek adostutako zuzenketa nagusia ere. Kataluniako alderdiak, tokian tokiko 40 proiektu eta Universitat Oberta de Catalunyaren «bideragarritasun ekonomikoa» sustatzeko inbertsioak lortzeaz gain, Rodalies aldiriko trenetara bideratutako funtsaren kudeaketa Generalitatearen esku uztea bermatu zuen: 240 milioi euro inguru.
BNGko Nestor Rego diputatua azkenera arte egon zen negoziazio mahaian. Hark, ordea, «abstentzio kritikoaren» alde egin zuen Kongresuan, Galiziarako inbertsioak handitu bai baina alderdiaren eskaera nagusiak erantzunik jaso ez zuelako: Alcoan esku hartze publiko bat egitekoak. Izan ere, AEBetako aluminio enpresak A Mariñan (Galizia) duen fabrikako 500 langile kaleratuak izateko arriskuan daude, eta, horri aurre egiteko, 200 milioi euroko zuzenketa bat prestatu zuen BNGk.
Senatuan ere badira talde abertzaleak, baina ordezkaritza apalak eta gobernua lan gehienak eginda iritsi izanak maniobrarako tarte txikia utzi die haiei. Geroa Baik hainbat zuzenketa aurkeztu zituen, baina baztertu egin ditu Moncloarekin hainbat akordio itxi ostean; besteak beste, Ultzama ibaian hobekuntzak egitea eta AP-68 errepidean irteera berri bat egitea, Lodosan (Nafarroa), Bilborako noranzkoan.
Trenak, plataformak eta marrazki bizidunak
Espainiako Gobernuaren ezinbesteko bidelagun bilakatu dira Euskal Herriko eta Kataluniako indar abertzaleak. Lortu duten eraginaren adibide izan dira 2022rako aurrekontuen negoziazioak eta adostu duten zuzenketa kopurua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu