Batzuek kilometro ugari egin behar izaten dituzte goizero, ikastolarako bidean; beste batzuei ez diete herrian euskaraz ikasteko eskubiderik ere aitortzen; gehienek ez dute baliabiderik... Euskara ofiziala ez den lurraldeetan, zailtasun ugariri egin behar izaten diete aurre murgiltze ereduko ikasle, irakasle, guraso eta eskola komunitateko gainerako kideek. Errealitate zeharo ezberdinak izanagatik, denetan dute ezaugarri komun bat: engaiamendua.
IHINTZA OSTOLAZA
Bernat Etxepare lizeoko irakaslea
«Kontrabotere gune bat da Seaska; hori ez baduzu ulertu, tronpatu zara»
Ikastolen mugimendua euskara ikastea baino askoz gehiago da Ihintza Ostolaza irakaslearentzat. Donibane Lohizuneko (Lapurdi) ikastolan aritutako lehen belaunaldietakoa izan zen, eta Kanboko Xalbador ikastetxean egin zituen kolegioko ikasketak, haiek ere euskaraz. Maila handiagoko ikasketak euskaraz egin ezinik, Maurice Ravel lizeoan izena eman zuen, 15 urterekin. Astebete iraun zuen han: «Ez nuen zereginik eskola frantses batean. Shock bat izan zen». Hondarribira (Gipuzkoa) joan behar izan zuen ikasketak euskaraz egin ahal izateko, baina aldea handia zen han ere. Ikastetxe mistoa zen Hondarribikoa: adin bereko lau ikasgela, eta bakarra euskaraz [gaur egun, denak euskarazkoak dira eskola publiko horretan]. Harritu egin zuen horrek, «ez baita gauza bera euskaraz ikastea, ala Seaskan ikastea».
Hain zuzen, Donibane Lohizuneko ikastolan ikasi izanak gauza asko eman dizkiola uste du Ostolazak: «Nire nortasunean hazteko espazio bat eman zidan ikastolak. Talde baten sentsazioa ere bai: elkartasuna, elkarkidetza, partekatzea... Adin ezberdineko ikasleak ikasgela berean, materialik gabe... biziraupen giro batean ginen, eta erakutsi ziguten posible zela». Horrez gain, «nazio kontzientzia» ere garatu zuen ikastolan [«bizi ginen gu bezala euskaldunak zirenekin, eta gure ateraldi anitz hegoaldeko ikastolekin ziren»], baina, horrekin batera, hurbiletik ezagutu zituen euskaldunen aurkako jarrerak eta mespretxuak: «Euskaldun izateagatik erasoak ginen. Irri egiten ziguten».
Halakoak ikusirik, beste haur euskaldun batzuk lotsatu egiten zirela gogoratu du Ostolazak, baina bera ez. «Inoiz ez dut lotsarik izan euskalduna izateagatik. Donibaneko hondartzara joatean, euskaraz mintzatzen ginen, eta jendeak arraro begiratzen gintuen. Behin, batek galdetu zuen zer hizkuntzatan ari ginen, eta bere taldeko beste batek erantzun zion apatxeak ginela. Etxean, aitak erran zidan baietz: gu apatxeen alde ginela, ez cowboyen alde». Are: euskarari eusteak «gutxietsitako beste zenbait nortasun errespetatzen» lagundu ziola dio. «Zer ginen gu? Olentzerorekin ateratzen ginen zazpi haur eta asto bat; hori ginen gu. Ez nau lotsatzen gutxiengoa izateak».
Oztopo bat bainoago, murgiltze ereduan ikasteak exijitu dion konpromisoa «suerte bat» dela uste du irakasleak: «Helburu berak partekatzen dituztenen arteko proiektu batean egoteak eskatzen dizun ardura da: guraso gisa, irakasle gisa... Ez dakit ardura eta engaiamendu horiek gabe lan egiten ahalko nukeen. Zentzua ematen dio egiten duzunari: zer zaren, nor zaren, zer egiten duzun, zertara zoazen... Nire gasolina da».
Horregatik uste du Seaskarekin engaiatzea «arazo ekonomikoez» harago doala: «Engaiamendua ez da baizik euskararena: euskal identitatea, herriarekin engaiamendua, eragile izatea... Militantzia da». Zerbaiten parte sentitzea «oso lagungarria» dela gaineratu du Ostolazak, eta urrats bat harago joateko deia egin die gurasoei: «Ez da aski haurrak ikastolan uztea. Taloak egin behar dira, ados, baina taloak euskaraz egin behar dira. Bilkurak euskaraz egitea ez da ebidentea. Euskaldun alfabetatua izan behar zara. Seaska ez dago hegemonian, eta euskara ere ez. Kontrabotere espazio bat da, eta baikor hartu behar da. Hori ez baduzu ulertu, proiektuz tronpatu zara».
Bernat Etxepare lizeoko irakasle gisara ere «euskalduna izateak berekin dakartzan balioak» erakusten dizkie nerabeei: «Ikusarazten diet euskarak mundu bat duela, aliantzak dituela eta gutxietsiak diren beste hainbat identitaterekin enpatia izan behar dutela; bestela, ez dute euskara maitatuko».
JOSU GOÑI
Mendigorriko gurasoa
«Herrian gelditu, erdal ereduan, edo kanpora joan: hori zen hautua»
2015ean aldatu zuten Nafarroako Euskararen Legea azkenekoz, eta, geroztik, eremu misto eta ez-euskalduneko sare publikoan D eredua ezarri den hamalaugarren herria da Mendigorria. Irailaren 8an hasi ziren eskolak han ere. Gurasoen ahaleginak lortu du euskarari bidea egitea, ustez legeak horretarako aukera jaso arren, eskubide hori dutela aldarrikatu behar izan dutelako, behin eta berriz.
Josu Goñiren alaba da Mendigorriko euskarazko lerroan hasi berri den haurretako bat. Ikasturte hasiera «oso berezia» izan dela aitortu du aitak. «Orain arte, hautu mingarria egin behar izaten zuten gurasoek: haurrak herriko eskolan matrikulatu, erdaraz, edo kanpora joan, euskaraz ikas dezaten. Aurten, lehen aldiz, ez dugu aukeratu beharrik izan».
Mendigorrian urteak zeramatzaten herrian murgiltze eredua eskatzen, baina Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak bizkarra eman die orain arte: «Carlos Gimeno kontseilariak gurekin izan duen jarrera oso-oso txarra izan da beti». Goñik oroitu du aurreko urtean gurasoen %53k egin zutela D ereduaren alde seme-alabentzat. Sei haur baziren euskaraz ikasten hasteko zain, baina Hezkuntza Departamentuak ez zien aukera eman, argudiatuz zortzi neska-mutilez osatutako taldea behar zutela gutxienez.
Aurretik, gobernuak malgu jokatu izan du landaguneko eskolei ezarritako baldintzekin, ikaslerroak mantentzea lehentasuna zelakoan. Gimenok, baina, ez zuen amore eman nahi: «Abokatuek esan ziguten tramite administratibo hutsa zela, eta, borondate politikoa balego, astebetean konpontzen ahal zela auzia, baina egoera luzatu eta luzatu ibili zen Hezkuntza kontseilaria, aitzakia berriak asmatzen». Azkenean, auzitara jo zuten, iaz sortutako arazoa konpontzeko. Aurten, ez da horretarako beharrik izan: iragan otsailean, D ereduko lerroa zabaltzeko baimena eman baitzien gobernuak. «Ez ditzatela beste herrietako gurasoek guk izandako oztopoak aurkitu; izan dadila errazagoa besteentzat».
XABI AMESTOI
Trebiñuko gurasoa
«Haurrak baditu lagun asko herrian, baina denak erdaldunak dira»
COVID-19aren izurriak jo eta hilabete gutxira, bizitokia aldatzea erabaki zuen Xabi Amestoik, eta Trebiñura mugitu zen. Han bizi da orain, bikotekidearekin eta hiru urteko haurrarekin batera. Trebiñuko barrendegian bi udal talde daude: Trebiñuko konderria eta Argantzon. Administratiboki, Burgosen (Espainia) jabetzako eremua da, baina Trebiñu Araba da! dioten banderek eta bide seinaletako pintaketek argi uzten dute Euskal Herriaren aldeko sentimendua oso bizia dela herrian. Hezkuntzari ere eragiten dio barrendegiaren jabetzaren inguruko sestrak. Murgiltzea eskaintzen duen ikastetxe bakarra dago: Argantzon ikastola, izen bereko udalerrian. Amestoik hara eramaten du haurra goizero.
«Zortzi kilometro egiten ditugu egunero haraino, Trebiñuko eskualde osoan euskarazko hezkuntza eskaintzen duen ikastola bakarra delako», azaldu du. Eskolara joateko autobus zerbitzua eskaintzen die administrazioak, baina nahiago dute joan-etorria autoz egin, «autobusez, 40-45 minutuko bidaia delako egunero».
Bestalde, Trebiñuko konderrian bertan badute beste eskola bat, baina ez dute euskarazko eredurik eskaintzen: «Erosotasuna bilatuko bagenu, hara eraman genezake haurra, baina A ereduko eskola da, eta ikasgai gisa soilik ematen dute euskara». Amestoik argi du euskarazko hezkuntza nahi duela bere seme-alabentzat, eta, zenbait tokitan, hautu horrek zailtasunak dakartzala berekin: «Nik beti egin izan dut eskola publikoaren alde, baina kasu honetan, ez dugu aukera hori euskaraz, eta hizkuntz eredua lehenesten dugu».
Egunero eskolaraino egin beharreko bideaz gain, herrian euskaraz egiteko aukerarik ez edukitzea ere txarretsi du Amestoik. «Gure haurrak baditu lagun asko herrian, baina denak erdaldunak dira. Etxetik eta ikastolatik kanpo, inork ez dio euskaraz egiten».
SAIOA CRESPO
Argia ikastolako zuzendaria
«Kalera atera behar dugu: entzun dadila euskara, ez dadila arrotz izan»
Fontellas herrian dago Argia ikastola (Nafarroa), Tuteratik oso gertu. Erriberan D eredua eskaintzen zuen ikastetxe bakarra izan da hainbat urtez [2016az geroztik, beste lau ikastetxe publikotan eskaintzen da], eta, oraindik ere, euskararen arnasgunerik bakarrenetakoa da eskualdean. Ikastolako ikasle izandakoa da Saioa Crespo irakasle eta zentroko zuzendaria. «Guretzat, ikastola zen familia txiki bat bezalakoa», gogoratu du. «Gure kuadrillako gehienentzat, hau zen euskaraz hitz egiteko espazio bakarra. Gaur egun, Tutera inguruan badira aukera gehiago, eta euskal komunitate sendoago bat, baina garai hartan euskaraz egiteko aukerak oso murritzak ziren».
Euskara ikasgelara mugatutako hizkuntza izan ez dadin, ahalegin berezia egiten dute Argia ikastolan: «Ikastolan engaiatutako guraso talde bat dugu, eta euren egitekoa da ikastolatik kanpo euskaraz aritzeko abaguneak eskaintzea: ipuin kontalariak, zuhaitzaren eguna... Hainbat ekitaldi antolatzen dituzte, euskara ardatz gisa hartuta, betiere». Horrez gain, euskararen aldeko eragileen plataforma baten parte da ikastola, beste hainbat elkarterekin batera, euskara ikastolaren esparrutik kanpo ateratzeko xedez.
Cresporen irudiko, euskara ahulen dagoen eremuetan, ezinbestekoa da «komunitatea sortzea» eta ikastolaren inguruan hazitako familiari eustea, baina, hortik harago ere, urrats gehiago eskatu ditu: «Kalera atera behar dugu, harreman sareak zabaldu, ez mugatu gure artean hitz egitera. Entzun dadila euskara kalean, ez dadila arrotza izan, normalizatu dezagun gure hizkuntzaren presentzia».
Ikusi gehiago:
Eskolatik euskaran murgiltzen
Hiztunak lortzeko modu bakarra
Eskolak bakarrik ezin duenean
Aisialdian ere euskarari eremuak irabaztera
Murgiltze ereduak. Periferietako bizipenak
Nola murgildu lur idorretan?
Murgiltzearen aldeko hautuak ahalegin berezia eskatzen du euskarak ofizialtasunik ez duen eremuetan. Oztopoez harago, militantziak lagundu du komunitate harremanak sendotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu