Bilboko portutik Saudi Arabiara armak zeramatzan itsasontzi bat zamatzeko lanetan laguntzeari uko egiteagatik egin zen ezaguna Ina Robles suhiltzailea. Urteak daramatza mugimendu antimilitaristan, eta jarrera argia erakutsi du Ukrainako gerraren aurka ere; horrez gain, Ukrainako errefuxiatu batzuk hartu ditu etxean.
Ikusi gehiago:GERRA HAUSPOTUZ
Nola dago gaur egun mugimendu antimilitarista?
Nik batez ere armen produkzioa eta trafikoa lantzen dut, eta ikuspuntu horretatik nahiko indartsu egon ginen pandemia aurretik, Arabia Saudira armak bidaltzearen eta Euskadin armak ekoizten dituzten enpresen aurka. Hala ere, COVIDaren ondorioz, nabarmen jaitsi da gure ikusgaitasuna, eta berreskuratzea ez da erraza. Horri gehitu behar diogu Ukrainako gerrarekin gizarteak, oro har, militarismorantz egin duela gerra honetan, eta badirudiela, gainera, posizio antimilitarista izatea umekeria dela; ez duzula benetan egoera ulertzen. Alegia, ez duzula ulertzen gerra beharrezkoa dela.
Ukrainan eta Errusian klandestinitatean daude antimilitaristak. Harremanetan zaudete haiekin?
Armen salerosketari dagokionez, beste talde batzuekin elkarlanean gabiltza, batez ere Europako Parlamentuan. Ukrainako talde antimilitaristekin ere hitz egin dugu, baina egoera honetan oso zaila da haiekin harremana mantentzea, errepresio handia pairatzen baitute.
Zer iritzi duzue Ukrainan gertatzen ari denaz?
Duela hamarkada batzuetatik datorren gatazka da, bi aldeen erantzukizunik ezak eragin duena, eta ez pertsona burugabe bakar baten erabakiek sortu dutena, saldu diguten bezala. Bi alde daudela esaten dudanean, NATO eta Errusiari buruz ari naiz. Ukrainan lehendik egon den patroi bat errepikatu baino ez da egin; NATO eta Errusia ez dira ausartzen beraien mugen barruan gerra egiten, eta beste herrialde batzuk baliatzen dituzte hori egiteko; oraingoan Ukraina izan da, baina lehenago Siria izan zen, esaterako.
Mugimendu antimilitarista «isilik» egon dela ere salatu dute askok, beste gerra batzuetan izan den jarrerarekin alderatuta.
Gerraren hasieran manifestazio dezente izan ziren armak bidaltzearen kontra; armadako jeneralek zioten orduan Ukrainari armak ematea erokeria bat zela, eskalada handitzea ekarriko lukeela, eta milaka hildako izango zirela. Azkenean, ikusi dugu Ukrainarentzat hondamendia izan dela, eta modu diplomatikoan konpondu beharko litzatekeela gatazka hau hasieratik: modu serioan Errusiaren eskakizunak baloratu eta noraino heldu zitekeen ikusi. Umekeriatzat hartu zuten gerraren aurkako posizioa; baina orain iritziz aldatzen ari dira. Hala ere, tristea da: aldaketa hori ez da eman hildakoengatik edo gerrak eragindako kalteengatik, kontu ekonomiko batengatik baizik.
Isilarazte horri batu zaio pandemiaren osteko ahulaldia ere?
Bai, uste dut bi gauzek izan dutela eragina. Hala ere, mobilizazioak antolatzen direnean beharrezkoa da hedabideetan gutxieneko oihartzun bat izatea. 2003. urtean, esaterako, Irakeko gerran arrakasta izan zuen Gerrari ez! aldarriak. Arrakasta hori medioak gerraren aurka zeudelako lortu genuen. Baina gerraren aurka mobilizatu arren eta aldarrikapenak egin arren medioen aldetik ez badago gerraren kontrako diskurtso bat, ezinezkoa da. Beren burua aurrerakoitzat daukaten iritzigile askok ere gerraren alde egin dute, eta haren aurka gaudenon kontra.
Errefuxiatuak izan dituzu etxean. Nolakoa izan da esperientzia?
Familia bat izan dugu etxean, eta haien aldetik esperientzia positiboa izan da orokorrean. Hala ere, parte hartu genuenean pentsatu genuen harrera hori egonkortuko zela, eta beste herrialde batzuetako errefuxiatuei ere egingo zitzaiela. Baina ikusi dugu ez dela hala izan. Horrez gain, burokratikoki egin behar izan duten bidea infernu bat izan da haientzat; eta hilean Jaurlaritzak diru laguntza txiki bat ematea ez da nahikoa. Autonomia behar zuen familia horrek, etxe propio bat. Lortu ez dutenez, Ukrainara bueltatu behar izan dute.
Ikusi gehiago:Ihesean doazenentzako ostatu
Gerra Ukrainan. Ina Robles. Antimilitaristen, mugimenduko kidea
«Gizarteak, oro har, militarismorantz egin du gerra honetan»
Roblesek azaldu du antimilitarismoa «umekeriatzat» hartzen dela orain. Uste du Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazka «modu diplomatikoan» konpondu izan balitz «hondamendia» saihestuko litzatekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu