«Desadostasunak» ezin gainditu segitzen du eskumenen mahaiak

jon olano
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Atzo ere ez. 1979ko estatutuaren arabera Eusko Jaurlaritzari dagozkion baina oraindik Espainiako Gobernuaren kudeaketaren pean dauden eskumenak transferitzearen xehetasun teknikoak aztertzen dituen mahaiak ez zuen adostasunik lortu atzo, eta, beraz, are gehiago atzeratu da alor tekniko horri oniritzi politikoa eman behar dion Transferentzien Batzorde Mistoaren bilera. Jaurlaritzako iturrien arabera, ia lortu dute akordioa, baina oraindik zehaztasun ekonomikoak dituzte fintzeko. Asteazkenetik, desadostasun horiek gainditzeko lanetan ari dira Jaurlaritzako eta Madrilgo ordezkariak, baina, lan horiek ez zuten emaitzarik izan. Kontzertu Ekonomikoarekin dute lotura desadostasunek, baina Jaurlaritzak bide horrekin segitu nahi du: «Eraginkorra eta justua da bi aldeentzat. Eredu hori alboratzeak eskumen guztien oinarria auzitan jar dezake», zioten Jaurlaritzako iturriek.

Negoziazioak zein puntutan dauden galdetu zioten atzo Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara iristean. Aitortu zuen «desadostasunak» dituztela, baina espero zuela atzoko egunean ados jartzea eta Batzorde Mistora deitu ahal izatea. Urkulluk berak aitortu zuen joan den astetik gaiaz mezuak trukatzen ari dela Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarekin.

Bizkaiko eta ArabakoAP-68aren kudeaketa, produktu farmazeutikoen legeen aplikazioa, ohiko erretiroaren aurretiko laguntzak enplegu erregulazio espedienteengatik kaltetutakoentzat eta eskola asegurua dira mahai gainean dauden eskumenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.