Milaka eta milaka ume txiki, haur eta nerabe daude etxean itxita konfinamenduaren ondorioz, eta bakoitzak behar espezifikoak ditu. Lau hormen artean itxita geratu diren adingabe guztien egoera ez da berbera, ez eta itxialdiak batzuengan eta besteengan duen eragina ere. Baina guztientzat da berria egoera, eta guztiek behar dituzte tresnak egunerokoari heltzeko.
BERRIAk kontsultatu dituen psikologoen ustez, umeen adina da kontuan hartu beharreko faktore nagusia. Iraide Fontaneda haur eta nerabeen psikologoak hiru adin tarte bereizi ditu: 0-6 urte, 6-12 urte, eta nerabeak. Lehen etapan, umeek «ziurtasuna» behar dutenez, helduek informazio oso «zehatza, erreala eta ulerterraza» eman behar diete. «Adibidez, ipuin batekin azaldu ahal zaie zergatik ezin diren etxetik atera, xehetasunetan sartu gabe. Ume txikiak zaindu behar ditugu telebistatik eta elkarrizketa serioetatik, ez direlako ulertzeko kapaz». Lasaitasuna da gakoa, Fontanedaren ustez: «Ume txiki bat, gurasoak lasai ikusten baditu, kapaz izango da egoera hau eramateko».
6 urtetik 12 urte bitarteko haurren kasuan, «beldurra» da kontuan hartu beharreko faktorea, eta, ume txikiekin bezala, helduak «emozioen anabasa» ordenatzeko tresna izango dira. Adin tarte horretako haurrek nahiko garatua dute ulermena, eta, zenbat eta nagusiagoak izan, orduan eta galdera zehatzagoak egingo dituzte gertatzen ari denari buruz. Haiei entzutea da gakoa: «Barruak husten eta beldurrak ateratzen utzi behar diegu, eta, lasaitzen direnean, haiekin hitz egingo dugu eta mezu positibo bat emango diegu».
Alvaro Beñaran psikopedagogoak ere argi dauka: ezinbestekoa da10 urte baino gutxiagoko umeei «segurtasuna» transmititzea, eta etxealdiak irauten duen bitartean helduak izango dira haien erreferente nagusia. Konfinamendua luzatu ahala hainbat fase egongo direla aurreikusi du Beñaranek, eta doluarekin alderatu du: «Orain arte ezagutu dugun bizitzaren heriotza da, eta hainbat fasetatik igaroko dira haurrak: ukazioa, haserrea... Helduok erantzunak bilatu behar dizkiogu une bakoitzari».
Nerabeen kasua ezberdina da: «Beren adinekoekin egon nahi dute, eta intimitatea izan». Fontanedaren esanetan, adin tarte horretan funtsezkoa da ezarritako errutinekin eta mugekin «malgu» jokatzea itxialdiak irauten duen bitartean.
Portaera arazoak dauzkaten umeekin lan egiten du Alberto Rodriguez Agintzari elkarteko psikologoak; bereziki, familien babespean edo adopzioan dauden umeekin. Haren esanetan, zaintza eta behar bereziak dituzten haur horiek «ikara handiarekin» bizi dute oraingo egoera hau; besteak beste, etxean dauden denboran une oro entzuten ari direlako pandemiari buruzko albisteak, eta horrek «beldur sentsazioa» areagotzen dielako. «Eguneroko albisteek psikosi kolektibo antzeko bat sortzen dute, eta ume horiek gaizki pasatzen dute».
Are okerragoa da egoera «zailtasun emozionalak» dituzten haurren kasuan. Kalera ateratzeko behar handiagoa dute haur horiek, mugimenduaren bitartez lortzen dutelako emozioak baretzea. Etxean, baina, ezin dituzte behar bezala ase behar horiek, eta ondorioak pairatuko dituzte konfinatuta dauden bitartean: «Etxean nekea eta akidura sentituko dute». Kasu horietan, etxean «elkarbizitza» bermatzeari begira, Rodriguezek uste du funtsezkoa dela umeen gaineko «presioa arintzea». Ikasteko arazoak dituzten umeekin jarri du adibidea: «Etxean arreta handiagoa behar dute, baina ez da komeni haien gainean gehiegi egotea, liskarrak sor daitezke eta».
Arauak, malgututa hobe
Errutinak ezartzearen eta presioa arintzearen arteko «orekan» dago gakoa. Ideia horretan bat datoz hiru adituak. Oreka helmuga gisa jarrita, etxe bakoitzean «sakoneko egitura» bat sortu behar dela nabarmendu du Beñaranek: «Garrantzitsua da bi muturretan ez erortzea. Ez da ona bizitza errutina zurrun bilakatzea, baina ezta zirku edo festa etengabe bat izatea ere». Oreka hori lortzeko ardura gurasoen esku dago: «Haurrek gauza batzuk erabaki ditzakete, baina erabaki garrantzitsuak helduok hartu behar ditugu. Guk zaindu behar dugu bizitza erritmoa».
Etxean itxita egoteak denboraren pertzepzioa galtzera eraman dezake, eta, hori saiheste aldera, aste barruan eta asteburuetan errutina ezberdinak ezartzearen aldekoa da Fontaneda. «Ikasteko ohitura aste barruan jartzen badugu, asteburuetan zerbait berezia egingo dugu, eta horrela jakingo dugu larunbata eta igandea dela». Errutina oro, hala ere, malgutasunez ezarri behar da: «Helduok zenbat eta ziurrago egon gure arauekin, orduan eta errazago malgutuko ditugu. Izango dugu aukera ezetz esateko normaltasunera itzultzean».
Konfinamendua indarrean den heinean, kalera ateratzea debekatua dute, orokorrean, umeek. Adituek kezkaz ikusten dute neurri hori. Portaera arazoak dituzten haurren kasuan, adibidez, kalera ateratzea izaten da antsietatea gutxitzeko eta hobeto ikasteko sendabidea. Orain, ordea, ihesbide hori errotik moztu zaie, eta behartuta daude bestelako irtenbideak bilatzera. «Kaleak ematen dien energia hori guztia beste zereginetara bideratu behar dute, eta errutina berriak bilatu behar dituzte», azaldu du Rodriguezek. «Sofan geratzea ez den bestelako egiteko bat proposatu behar diegu». Errutina horien artean egon litezke etxean yoga egitea, irakurtzea edota profesionalekin sare sozialen bitartez harremanetan jartzea. Baina horiek funtzionatzen ez badute, sosegua eta malgutasuna dira giltzarriak, Rodriguezen esanetan: «Ororen gainetik, etxean bizikidetza bermatzeak izan behar du lehentasuna».
Itxialdiak luze joko duenez, «egunez egun» bizitzea gomendatzen dute adituek, bai eta egoerari alde positiboa ateratzea ere. Uste dute familiako harremanak «sendotzeko» aukera izan daitekeela. «Helduek eta umeek elkar ezagutzeko baliatu dezakete itxialdia. Umeek ere bai baitute guri zer irakatsi», dio Fontanedak. Beñaran: «Harreman gaitasunak berreskuratzeko baliatu behar dugu salbuespen egoera hau».
Koronabirusa
Lau hormaren artean «oreka» nola lortu
Konfinamendua dela eta, etxetik atera ezinik geratu dira milaka ume txiki, haur eta nerabe. Adingabe guztiek ez dute modu berean bizi itxialdia, baina adituek diote denek behar dituztela errutinak, eta «malgu» jokatu behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu