Rio de Janeiro hegoaldean, Angra dos Reis kostaldean, 29 irla txiki daude, Unescok aurten munduko ondasun izendatu dituenak—150.000 hektarea inguru dira—; Itsasalde Berdea deitzen diote, eremua oihan berdez inguratuta baitago. Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak etxe bat du han, eta 2012an, Diputatuen Ganberan ordezkari zela, Ingurumen Ministerioak 2.300 euroko isuna ezarri zion, legez kanpoko arrantza egiteagatik. Arrazoia zera izan zen: Itsasalde Berdea babesturiko eremu bat dela, eta ez zuela han arrantzatzeko baimenik, ez eta eskubiderik ere. Bolsonarok, ordea, ez du inoiz ordaindu isun hori, eta iragan uztailean zigorra baliorik gabe geratu zen. Jose Augusto Morelli funtzionarioa, berriz, presidenteari isuna jarri ziona, lanpostutik bota zuten.
Bolsonarori buruzko gertakari horrek era ezin hobean laburbiltzen du agintariak ingurumenari eta klima larrialdiari buruz duen ikuspuntua. Kargua hartu duenetik, Brasilgo presidentea oso kritikatua izan da, etxean eta kanpoan, ingurumenaren arloan atzerapausoak ematen ari direlako haren jarreraren ondorioz. Bi adibide dira esanguratsuenak, bata bestearekin lotuta daudenak: indigenen lurren egoera eta Amazoniarena. Bolsonarok bien ustiapena ahalbidetu du, babesturiko eremuak izan arren.
Bereziki Amazoniaren egoerak izan du oihartzun handia hilabeteotan: munduaren birika deiturikoa etenik gabeko suteak pairatzen ari da, eta nazioarteko herrialdeen kezka areagotu du. Horri aurre egiteko, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak proposamen bat jarri zuen mahai gainean iragan hilabeteko G7koen goi bileran, guztiz berria ez dena: suteen «egoera larria» eta Bolsonaroren jarrera kontuan hartuta, Frantziako agintariak aldarrikatu zuen Amazoniari nazioarteko estatus bat emateko beharra. Beste hitz batzuekin esanda, Brasilen dagoen oihanaren eremua nazioartekotzeko asmoa jakinarazi zuen.
Iragan astelehenean NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren harira antolatutako klimari buruzko goi bileran eztabaidatu zuten gaia. Diru laguntza plan bat aurkeztu zuen Macronek, baina nazioartekotzearen gaiak bide gutxi egin du.
Egun, Amazonia bederatzi herrialdetan dago zatitua: Brasil, Peru, Kolonbia, Bolivia, Venezuela, Ekuador, Guyana, Surinam eta Guyana Frantsesa (Frantzia). Hango oihana ezinbesteko protagonista da klima larrialdiaren aurkako borrokan, karbono dioxidoaren parte bat hartzen duelako, eta munduko tenperatura erregulatzen duelako; gainera, biodibertsitaterik aberatsena du.
Denera, basoak 5,5 milioi kilometro koadroko eremu erraldoia hartzen du, eta horren parte handiena, %64 inguru, Brasilen menpeko lurretan dago. Horregatik du berebiziko garrantzia Bolsonarok Amazoniarekiko duen jarrerak eta subiranotasunaren argudioa erabili izanak.
Juan Jose Alvarez EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradunaren iritziz, Brasilgo presidentearen erantzuna ulergarria da: «G7koen bilerak berriz ireki zuen askotan planteaturiko gaia, Amazoniaren estatusarekin lotura duen dimentsio geopolitikoarena. Ikuspuntu juridiko batetik, ez dago zalantzarik: bere [oihanaren] estatusa eta subiranotasuna estatu mailakoak dira. Tamalez, ez da existitzen Amazoniari nazioarteko babes estatus desberdina ematen dion itunik. Iruditzen zait oso zaila izango litzatekeela horrelakorik gertatzea, Amazonia duten estatuei euren eremuaren subiranotasuna mugatzen dien itun bat egotea».
Mauricio Santoro Rio de Janeiroko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako irakaslea ere bat dator Bolsonaroren erantzunarekin, baina muga bat jarri dio Brasilgo presidentearen argudioari: «Macronek erabilitako terminoak kontuan hartuta, Bolsonaroren erantzuna onargarria da. Baina ez da zilegi nazionalismoa aitzakia gisa erabiltzea Amazonia suntsitzeko. Brasilgo diktadurako [1964 eta 1985 artekoa] pentsamoldea da. Uste nuen arazo hori gainditu genuela eta politika publiko desberdinak eraiki genituela gobernu demokratikoetan».
Aldaketa «utopikoa» da
1978tik, Amazoniarako Lankidetza Ituna dago indarrean Amazonia euren eremuetan duten herrialdeen artean, hango baliabideen «kontserbazioa eta erabilera arrazionala» arautze aldera.
Ez dago, aldiz, Amazonia babesteari buruzko nazioarteko akordio zabalagorik. Errealitate horren atzean dauden arrazoiak eman ditu Alvarezek: «Balizko estatus aldaketa hori egin liteke nazioarteko hitzarmen bati esker, baina nahi eta nahi ez Brasilen eta gainontzeko Amazoniako herrialdeen oniritzia beharko litzateke. Egiazki, mundu mailako dinamika geopolitikoak nola funtzionatzen duen kontuan hartuta, utopikoa da pentsatzea eremu hori naturaren santutegi delako batean edo babesturiko eremuen sare bat bilaka daitekeenik».
Larria da egoera: Amazoniako oihanaren 25.000 kilometro koadro baino gehiago erre dira jada, Amazonia bere historiako egoerarik larrienetako batean dago, eta horrek eragina du mundu osoan, Greenpeaceren arabera. Ordea, noraino joan beharko litzateke Macronek nahi duen nazioarteko lankidetza hori?
Testuinguru horretan, Amazoniako suteek eta klima aldaketak agerian utzi dute eztabaida: nazio-estatuen dinamikaren mugak noraino iritsi behar diren, eta mundu mailako arazoei aurre egiteko beharrezkoa al den horiek gainditzea.
Hilaren hasieran, Amazoniako ia herrialde guztiek Leticiako Akordioa sinatu zuten, eta, Ivan Duque Kolonbiako presidenteak nabarmendu zuenez, adostasun hori izan zen «biodibertsitatearen mehatxuei aurre egiteko asmo komunean batzeko une bat». Baina ekinaldia errealitatearen isla izan zen: Amazoniako estatuek begi onez ikusten dutela bizilagunekin lan egitea, baina kanpokoen lankidetzaz aritzean, iritzia kontrakoa dela. Eta, orain arte, horretaz jakitun izan dira Amazoniaz kanpoko estatuak.
Frantziako presidenteak G7koen goi bileran egin zuen nazioarteko estatusa ematearen proposamena, eta, urteroko bilera den arren, aurtengoa harentzat ez zen edonolakoa: Macronek antolatua zen, hura zen gonbidatzailea, eta, hortaz, gailurrak arrakasta izan behar zuen, proposamen eta ideia zehatzak aterata.
Dinamika horretan ulertu behar da Frantziako presidentearen ideia, hark bakarrik aipatu baitzuen nazioartekotzearen neurria. Santoro xehetasun horretaz ohartu zen: «Iruditzen zait nazioartekotzearena Frantziako presidentearen jarrera dela soilik. Gainontzeko herrialdeak kritiko agertu ziren Bolsonarorekin, eta kezka agertu zuten, baina beste hitz eta tresna batzuk erabili zituzten. Tartean, nazioarteko lankidetza eskaintzea edo zigor ekonomikoen mehatxua erabiltzea».
Nazioartearen laguntza
Miarritzen (Lapurdi) egindako goi bilera horretan, nazioartekotzea proposatzeaz gain, Macronek jakinarazi zuen, Sebastian Piñera Txileko presidentea alboan zuela, «ekinaldi bat» adostu zutela. Joan den astelehenean, Piñeraz gain, Ivan Duque Kolonbiako presidentea ondoan zuela egin zuen aurkezpena New Yorken (AEB). Esan zuen 90,7 milioi euro emango zituela suteei aurre egiteko. G7ko bilkuraren ondoren tentsio diplomatiko handia sortu zen Frantziaren eta Brasilen artean. «Zintzoak izan gaitezen. Zein da arriskua? Arriskua Brasil da», esan zuen klima larrialdiari buruzko NBEren goi bileran. «Mundu guztiak esaten dit: 'Zer egin behar duzu Brasilekin?'. Brasil ongi etorria da, eta uste dut denek lan egin nahi dutela Brasilekin».
Bolsonarok biharamunean erantzun zion, Batzar Nagusiko tribunatik, eta abuztuko argudioei eutsi zien: «Akats bat da pentsatzea Amazonia gizateriaren ondare bat dela, eta akats bat da esatea, zientzialariek dioten moduan, gure basoa munduaren birika dela».
Brasilgo presidentearen erreakzioa, ingurumenari buruzko nazioarteko zuzenbidearen ikuspuntutik ikusita, modu batean azal daiteke. Alvarezen arabera, zuzenbide hori bi printzipioren artean aritzen baita: «Begiratu batean, bi printzipioek kontraesanezkoak dirudite; subiranotasuna eta ardura dira. Bolsonaroren gobernuarekin, egoera kritikoa da. Ez du herrialdea atera [Klima Aldaketaren Kontrako] Parisko Akordiotik, baina horko konpromisoak betetzeko helburutik urrundu da. Deforestazioa errazten duten hainbat lege onartu ditu, gizarte zibilaren parte hartzea murrizten duten hainbat erabaki hartu ditu eta Ingurumenaren Ministerioaren aurrekontua %95 murriztu du».
Brasilgo presidentearen kasuan, beraz, arduraren printzipio hori ez da betetzen ari, eta beste printzipioaren aitzakia hartu du, subiranotasunarena, nazioartekotzeari ezezkoa emateko.
Brasildarren jarrera
Brasilen, bada, Bolsonarorekin bat egin dute Macronen proposamena entzun eta gero: herritarren gehiengoa eta alderdi politiko guztiak daude nazioartekotzearen kontra. Iritzia aho batezkoa da, beraz; ez, ordea, Brasilgo presidentearekiko babesa.
Sao Pauloko Unibertsitateko ikerlari eta irakasle Neli Aparecida de Mello-Theryrentzat, Frantziako presidentearen proposamena «ez da estrategia ona»: «Brasildarrak haserretzen dira gai horren inguruan. Subiranotasuna izateaz harro daude. Sentimendua berdina da herritarrengan: 'Gurea da; gu arduratuko gara; arduratsuak gara'. Egun eremu bakarra dago estatuen mugak gainditzen dituena, eta hori Antartika da. Beste guztiak estatuak dira, eta lurralde bat ordezkatzen dute».
Aparecida de Mello-Theryren iritzi berekoa da Santoro: «[Macronen ideia] Ikuspuntu txarra da. Nazioartekotze hitzaren erabilerak atzerriko esku sartze baten beldurra sorrarazten du brasildarrengan, eta gobernuari ahalbidetzen dio denak bandera nazionalaren inguruan batzea, Amazoniako egiazko arazoak abertzaletasunaren atzean ezkutatzeko. Kezko hesi bat da».
Alvarezentzat, ordea, herrialdeek aurrez proposatu duen hitzarmena balia lezakete nazioarteko balizko esku sartze horri mugak ezartzeko, eta horrek ahalbidetuko luke, haren ustetan, Amazoniako oihana «era hobean» babestea: «Nazioarteko estatusa izango balu, uste dut herrialdeek mugatuko luketela enpresek baliabide naturalak ustiatzeko luketen aukera. Kontrola gardenagoa izango litzateke, pluralagoa eta eraginkorragoa».
Zer irtenbide lehenetsi
Bolsonaroren jarreraren aurrean, eta Amazoniaren nazioartekotzea baztertuta, zer aukera geratzen dira? Aparecida de Mello-Theryk eta Santorok irtenbide bera ikusten dute: ingurumenaren eta Amazoniaren aldeko ekintzaileak laguntzen jarraitzea, eta nazioarteko presioa mantentzea.
Batetik, oraingoari eustea gakotzat du Sao Pauloko Unibertsitateko irakasleak; hau da, ekintzaileek «egiten ari direna egiten jarrai dezatela». Horren adibide batzuk jarri ditu: «Eremu babestu asko daude. Zuhaitzen ustiapena egiten da, baina aldi berean kudeaketa zehatz bat: zuhaitz bat moztean, beste bat landatzea. Horrelako proiektu txiki asko daude, baina ez dira politika nagusi bilakatzen».
Zehazki, indigenek eta Amazoniaren inguruan bizi direnek dihardute lan horietan, eta horiek dira Amazoniaren mantentze lanen oinarri nagusia: «Laguntza proiektu asko daude, laborarien erakundeenak eta Amazonian bizi direnenak, esaterako. Oihanean jarduten dute. Horiek lan egiten jarraitzen badute, eta presio egiten badiote presidentetzari eta Ingurumen Ministerioari, lortuko dute jarrera aldaraztea».
Iritzi aldaketa horren adibide bat ezagun egin da: duela bi hilabete, Ricardo de Aquino Salles Brasilgo Ingurumen ministroak adierazi zuen ez zuela nahi Alemaniak eta Norvegiak Amazoniarako funtsean jarri zuten dirua; bada, aste honetan jakinarazi du Europan bira bat egingo duela Amazoniaren egoera hobetzeko diru laguntza bila. «Batzuetan gauza bat esaten dute, eta gero atzera egiten dute».
Bestetik, kanpora begira, aukeretako bat da nazioarteko presioari eustea, horrek brasildarrei lagunduko dielakoan, Santororen arabera: «Nazioarteko presioa garrantzitsua da Brasilgo egungo egoera politikoan. Horrek lagun liezaieke talde lokalei gobernu federalaren jarrera aldarazten. Beste aukera bat da nazioarteko lankidetza sustatzea erakunde lokalekin». Brasilgo estatuetako gobernuez, eta hiri eta herrietako alkateez ari da; izan ere, Brasil federazio bat da, eta erakunde lokalek eskumen eta botere maila handia dute.
Horrekin batera, beraz, Bolsonarori eta haren gobernuari presio egitea litzateke irtenbide bakarra. Etorkizunerako, baina, Alvarezek beste bide bat zehaztu du: «Klima larrialdiaren aurkako borrokak ez du soilik exijitzen nazioarteko lankidetza mota berri bat; estatu-nazio kontzeptu tradizionalaren moldaketa edo erlatibizazioa ere egin beharko da. Klima aldaketak dakartzan mehatxuei ezingo zaie aurre egin egungo marko legalekin».
Amazonia larrialdian. Nazioartekotzeari buruzko eztabaida
ETXETIK EKIN NAHIA
Suteei aurre egiteko, Amazonia nazioartekotzea proposatu du Macronek, eta aste honetan eztabaidagai izan dute hori Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian. Aldaketa juridikoa egin daitekeen arren, Brasilen ez daude ados, herrialdearen subiranotasunaren aurka doala argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu