Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Baserria

2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herrian lehenengo irratiak sortu zituzten aitzindariek hasiera-hasieratik ikusi zuten komunikabide horrek zerbitzu handia eman ahal zuela nekazaritzari buruzko albisteak, aholkuak, oharrak... zabaltzeko orduan. Lehenengo programazioetan, futbola edo beste kirol batzuen emankizunak baino lehenago, sartu ziren baserriko bizitzarekin loturiko berriak. Baserritarrei heltzeko asmoz ere lortu zuten eliz irratiek euskaraz emititzeko debekuari ihes egitea; eta ospe handia zuten dedikaturiko diskoen atalak gaztelaniaz eman behar baziren ere, nekazaritzarekin loturiko informazioak (eta erlijioa) euskaraz eskaintzen zituzten: azoken berri, landatze edo uztaren inguruko aholkuak, eguraldia... Oso ezagunak izan ziren ere Enrike Zurutuza eta Manu Oñatibia, Jose Miguel eta Don Antonio izeneko irratsaioan baserritarren kezka batzuk antzezten zituzten bi esatariak. Antza, Afrikako eta Latinoamerikako zenbait tokitan ere irrati komunitarioek antzeko funtzioa dute, eta nekazarientzako oso garrantzitsuak izaten diren informazioak zabaltzen dira, bereziki Internet heltzen ez den eremuetan.

Pentsa dezakegu horiek direla beste toki edo garai batzuetako interesak, eta gaur egun, berriz, toki gutxi dutela inteligentzia artifizialari begira dagoen gurea bezalako gizarte batean. Hala ere, izango da elikadurari garrantzia ematen diogulako, naturarekiko lotura eteten ez dugulako edo, besterik gabe, ingurua ezagutu nahi dugulako..., lehenengo sektoreko saioek tokia dute gure programazioetan, eta ez soilik nekazaritza eremuetan kokaturiko irratietan. Horren adibidea, Euskadi Irratian larunbatero Arantxa Arzak gidatzen duen Landaberri saioa. Nekazaritzari buruzko informazioa ez ezik, elikadurarekin, abeltzaintzarekin eta arrantzarekin loturiko —oso zentzu zabalean— hainbat erreportaje eta elkarrizketa eskaintzen dituena.

Baina garaiak aldatu dira. Entzuleak, baserriko profesionalak baino gehiago, zaletuak gara, gure lurrak ematen dizkigun ondareak dastatzea gustuko dugunak, beharbada etxeko balkoian edo ondoko zoruan baratzea edo loretokia zaintzen dutenak, elikadura osasuntsua mantentzen ahalegintzen garenok edo, besterik gabe, inguruan ditugun landare eta abereen bizitzaz ditugun jakin-mina ase nahi dugunak. Eta, nire ustez, saioaren beste lorpen bat da bertako ekoizleen eskaintza entzuleengana hurbiltzea. Iraganean baserritarrentzako zerbitzu informazioa zena gaur hirikumeontzat bizirauteko gida baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.