Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Sua

2022ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Suak irudikatu zuen atzo mugimendu feministaren indarra. Zapaltzen gaituen sistemari sua lelopean egin ziren hiri, herri eta auzoetan mobilizazioak. Sinbolikoki bada ere, sua eman nahi izan zaio sistema patriarkalari. Eta, behin sinbolikoki sua ematen hasita, jarrai daiteke sua piztu eta bertan erre beharrekoen zerrenda osatzen. Sutara emakumeen kontrako indarkeria, eta sutara indarkeria hori baliatu, justifikatu edo isilarazten duen oro ere. Sua zaintza emakumeen bizkar utzi eta zaintzari balioa —ekonomiko eta soziala— kentzen dionari; baita horren kontura negozioa egiten duenari ere. Sua emakumea apaingarri, objektu sexual edo bigarren mailako gizaki gisa ikusten duen orori. Sua hilketa matxistei, sexu abusuei, taldekako bortxaketei, bakarkako bortxaketei, umiliazioari, paternalismoari, mikromatxismoari, soldata arrakalari, kristalezko sabaiari, indarkeria bikarioari, tradizioaren izenean egindako eskubide urraketei, edozein sinesmenen izenean emakumeek bizi duten zapalkuntzari, kontrolari, derrigortuta ezkonarazteari, ablazioari, emakumeek esandakoa berriro azaldu beharra dagoela uste dutenei, hilekoarekin zaudenean «hara, egun horietan zaude!» esaten dizunari, ezezkoa onartzen ez dakiten gizonei, emakume izateagatik gutxietsia izateari, emakumeak boterean ikustean ezeroso sentitzen denari, indarkeria obstetrikoari...

Zerrenda ez da sekula amaitzen. Sistema da.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.