Mitxel Lakuntza. ELAko idazkari nagusia

«Patronalaren bozeramaile bihurtu dira erakundeak, konplexurik gabe»

Metalgintzako patronalak «itunik merkeena» nahi zuela esan du Mitxel Lakuntzak, eta ELAk bidaide izan dituen beste sindikatuekin duen «desberdintasun bat» nabarmendu du: «Grebei aurre egiteko prestaturik dago».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
xabier martin
Donostia
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Greba orokorraren aldeko aldarriari argudioak emateko saioan sartu da buru-belarri Mitxel Lakuntza (Iruñea, 1976). ELAko idazkaritza nagusira heldu zenetik zortzi hilabetera heldu da deialdi hori, LABekin gutxieneko adostasun batzuk josi eta gero.

Lan, bizitza eta pentsio duinen aldeko greba orokorrera deitu duzue. Ez al daude lan, pentsio eta bizitza duinak orain?

Okerrera goaz, eta etengabeko prozesu bat da. Ez dugu bakarrik guk esaten, estatistika ofizialek ere bai, Caritasek ere bai. Legebiltzarrean ohartarazi dute berriki egoeraz, erantsita badakitela ez dietela kasurik egingo. Ba, horrelaxe sentitzen gara gu ere. Greba testuinguru horretan deitu dugu.

Langabezia %10ean dago orain Hegoaldean, eta %16an zegoen 2013an. Dena ez doa okerrera.

Langabezia jaitsi da hein handi batean kontratu partzialengatik. Zer nolako kontratuak egiten dira orain? Genero ikuspegitik ere azter daiteke; hor dago soldata arrakala.

Baina hobe da %10eko tasa bat %16koa baino, ezta?

Gure kezka enpleguaren kalitatea da. Minijobs kontzeptua hedatu egin da; ez dago politika erreal bat langileen enpleguak hobetzeko.

Ez da erreala lan merkatua hobe dagoela Atzeraldi Handia bukatu zenean baino?

Desberdintasunak areagotzen ari dira, eta patronalak ere onartzen du hori. Beraien hautua da: gero eta gizarte desorekatuago batera garamatzate. Gobernuen politika ez da desberdintasunak murrizteko politika; zerga arloan ere argi ikusten da. Langile pobreen fenomenoaren atzean zer dago, bada? Aberastasunaren banaketa dago, funtsean, eta ezkerrak hor kokatu beharko du eztabaida nagusia.

Azken sei urteetan ez duzue greba orokorrera deitu, eta egoera ez zen orain baino hobea. Zergatik orain?

Borroka desberdinen batuketa dago orain. Indartu dira mugimendu feminista eta pentsiodunena, baita sindikalismoa ere. Ez dira edozer gauza sindikatuek azken urteetan egindako borrokak.

Adibidez?

Azken bi urteetan izugarri ugaritu dira lan gatazkak, enpresetan eta sektoreetan. Eta horrek islatzen du pultsu bat dagoela. Hazkunde ekonomikoan gaude, baina patronalak dihardu krisi ekonomiko betean bageunde bezala. Beste aldera, sindikalismoa dago, eta langileak, jakinda gauzak mugitu behar direla aldatuko badira.

Feministak, gazteak, pentsiodunak eta langileak batu dituzue duintasunaren alde, baina langileak dira greba egin behar dutenak, ez erretiroa hartutakoek. Ez ote da mezua galduko hain zehaztapen gutxi emanda?

Borroka bera da dena, politika publikoak aldatzeko eskatzen baitugu denok. Hiru ardatz egonda ere, borroka beraz ari gara: klase borrokaz ari gara. Eta aldarrikapen zehatzen taula bat dago. Aldarrikapen horiek, aurretik kalean ez badaude, ez dira iritsiko inora. Gizarte antolatu bat dugu, Urkullu lehendakariak atsegin ez duena, eta antolatzen garenean, grebak egitean, gauzak lortzen ditugu.

Lausoegi ez ote da iritsiko mezua hainbeste eskaera batera eginda?

Soldatei buruz hitz egiten ari gara, pentsioei buruz, enplegu kalitateari buruz, zaintzari buruz... Politika zehatzak dira, azken finean.

ELAk eta LABek pentsiodunen mugimendua zatitu dute? Horrela salatu dute pentsiodun batzuek.

Ez, pentsiodunen mugimendua askotarikoa da, baina greba hau haiekin izandako elkarrizketaren ondorioa da, hein handi batean. Beren borroka denon borroka dela esan ziguten, jauzi bat eman nahi zutela mobilizazioan, eta ados gaude horrekin.

CCOOk eta UGTk ere salaketa bera egin dute.

Sindikatu bi horiek esan dute greba Jaurlaritzaren aurka egiten dugula, baina UGTk eta CCOOk bestelako arazo bat dute greba honekin. 2011ko urtarrilean beraiek sinatutako pentsio erreforma aldatzeko egin behar dugu greba, izan ere. Erreforma horrek finkatu zuen erretiroa atzeratzea eta jasangarritasun aldagaia sartzea. Damutuko ziren akaso, baina kontraesan hori daukate aurrez aurre greba honekin.

Grebak gizarte hobea dakarrela esan duzu berriki. Grebaren gorazarrea egiten duzu aldiro. Zuzen ote dabiltza diotenak ELAk greba helburu gisa duela?

Ez da egia, baina zenbat eta greba gehiago egin, orduan eta gehiago lortzen dugu. Estatistika da. Lorpen batzuk ez dira posible grebarik gabe. Zer pasatu da metalgintzan?

Zer pasatu da? Zergatik ez duzue bat egin akordioarekin?

Patronalak itunik merkeena nahi zuen, eta guk ez dugu ulertu beste sindikatuen presa. Patronala mugitu bada, grebari esker izan da.FVEMek esan du gu eroso gaudela akordiotik kanpo, baina gauza bat esango dizut: gurekin ez dira harremanetan jarri ere egin. Badakite gurekin beste gauza batzuei buruz hitz egin beharko zutela.

ELAri bizkarra emanda egin da metalaren akordioa?

Hein batean bai.

Metaleko enpresetan borrokan jarraituko duela esan du ELAk. Taktikoa ala estrategikoa da zuen erabakia?

Ez. Itun kolektibo mordoa egin ditugu azken urteotan. Gertatzen dena da ELA eta beste sindikatuen artean badela desberdintasun handi bat: gu prestaturik gaude grebei aurre egiteko. Lorpenak greben bidez egiten direla uste dugunez, egitura egin behar izan dugu horretarako. Erresistentzia kutxa gisako tresnek estrategia bera baldintzatzen dute.

Gipuzkoako metalgintzan antzeko prozesu bat has daiteke?

Ez dakit noiz, baina halako batean borroka prozesu bat abiarazi beharko da sektoreko itunaren bila. Eztabaida irekia dago.

Aliantza estrategikoaren porrotaren ajeak aje, ematen duLABekin harremana bideratzen ari zaretela, greba orokorraren deialdia aintzat hartuta.

Gehiengo sindikala errealitate bat da, baina ez dugu lortzen duen potentzialtasun guztia baliatzea, ez gatozelako bat hainbat esparrutan, ezaguna denez.

Moteltzea iritsi da, eta harekin lan gatazka sonatu batzuk, tartean Aralucerena. Zer dator?

Moteltzea gehien eragiten duena politika ekonomikoa da, oraindik indarrean dirauen austeritatea, eta gobernuek gauzatzen dutena, Europan, Espainian eta Euskal Herrian.

Gipuzkoako zahar etxeen gatazkak konpondu behar al du inoiz?

Bizkaian konpondu bazen, zergatik ez Gipuzkoan? Diputazioaren esku dago.

Ze interes dauka aldundiak ez konpontzeko?

Zaila jarri nahi digute. 'Kostatuko zaizue', pentsatzen ari dira. Zerbitzua negozio bihurtu nahi dute. Gatazka bi daude: langileena eta zerbitzuarena. Eskatzen dugunak ez luke eragin handirik izango aurrekontuetan. Azkenean, sindikatuari eta borrokari aurre egiteko posizioa lehenetsi dute, baina bukatuko dute akordio bat egiten. Prest gaude eusteko.

Enpresa kultura berria sustatzeko Fabrika proiektuarekin ari da Adegi eta haren kide izango dira aldundiak. Sindikatuak ere kide izatea espero du Eduardo Junkerak.

Eser dadila gure zain egoteko. Adegik zahar etxeen sektorean %8 duen sindikatuarekin egin du akordioa [UGTrekin]. Non daude joko arauak? Hori da enpresa kultura berria? Asmakizun bat besterik ez da. Jadanik ez dakigu nork hitz egiten duen, patronalak edo erakundeetako ordezkariek. Patronalaren bozeramaile bihurtu dira erakundeetan, inolako konplexurik gabe. Zenbat diru sartuko dute Adegiren proiektuan? Zahar etxeetan sartuko balute, hobe.

Unai Rementeriak ELAko kide izateari utzi dio aurten, ez zaudetelako «garai berrietan». ELA «zaharkitua» geratu omen da.

Rementeriaren modernotasuna bada intermodal berrian aritzen direnen lan baldintzak, jai dugu. Beste planetakoak izango gara akaso. EAJn muturreko posizio liberalen ordezkaria da Rementeria. Aldundien arteko eztabaida da muturreko liberalen eta neoliberalen artekoa gaur egun.

EAJk beti demokristau gisa ikusi du bere burua?

Ez dakit ezer geratzen zaion hortik. Azken hamarkadetan egindako ibilbidea neoliberala da, eta Rementeriak argi islatzen du posizio gogor hori, baita politika fiskalean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.