Joseba Arregi da espetxeratuta dagoen euskal presorik zaharrena: 76 urte ditu, eta horietatik 30 egin ditu kartzelan. 2022. urtea, ordea, berezia izan zen harentzat. Kartzelako lur laua atzean utzi, eta mendian gora eta behera aritzeko aukera izan du, haren bikotekide Nekane Basaurik (Bergara, Gipuzkoa, 1944) azaldu duenez: «Oso polita eta zoriontsua izan da». Hori guztia, ordea, azaroaren 21ean amaitu zen. Fiskaltzaren helegiteari men eginda, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak gradu erregresioaren alde egin zuen. Ondorioz, Arregi Martutenera (Gipuzkoa) itzuli zen.
Ikusi gehiago:Dioni Orbe. Zalantzek eragindako sufrimendua
Basaurik gogoan du Arregi espetxetik atera zen eguna. Haren arrebaren etxean bazkaldu, eta oinez egin zuten etxerako bidea: Aietetik Amara Zaharrera (Donostia). Hasieran, bazuten beldur bat barrenean: «Bera mundu batean, eta ni beste batean. 48 urtean sekula hilabete oso bat egon gabe ginen». Halere, azaldu du horri aurre egin ziotela, elkarrekin zuten «mugagabeko denbora» disfrutatzeari ekinda, bisitetako ordulariak bazterrean utzita. «Jaiki, gosaldu, mendira... muga gabeko denbora maitasun praktiketarako ere».
Zortzi hilabetetatik zazpi, ordea, atzetik mamu bat zutela egin dituzte, fiskaltzak martxoan jarri baitzuen gradu progresioaren aurkako helegitea. «Horrek esan nahi zuen epaileak edozein momentutan eman ahal zuela erantzuna». Basauriri lehen hilabetea egin zitzaion bereziki gogorra, galdera bat burutik kendu ezinda: «Gaur izango da?». Gerora, ordea, «libre» izango balira bezala bizitzeko hautua egin zuen bikoteak. «Madrilgo ezpata hau burutik kendu, eta benetan hasi ginen egunez egun eta minutuz minutu bizitzen».
Hala izan zen azaroaren 21era arte. Hiru egun lehenago jaso zuen Arregik abokatuaren deia. Etxeko terrazan zegoen, eta hitzik erabili gabe adierazi zion zetorrena. Eskuak itxita, bular parean gurutzatu zituen besoak. Epaileak bat egin zuen fiskaltzaren helegitearekin. «Mendira joateko esan nion; bestela, biok negarrez bukatuko genuen». Asteburua igarota, astelehenean iritsi zen espetxeko deia, egun hartan bertan itzultzeko esanaz.
Arregirentzat «gogorra» izan zen, bikotekideak azaldu duenez, nahiz eta espetxean barrukoen «mimoak» jaso. Izan ere, Basaurik azaldu du biek zutela buruan gerta zitekeela, baina horrek ez duela unea errazago bilakatzen. «Beti dago esperantza hori».
Esperantza Arregiren adinagatik, besteak beste. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarteko Politikako sailburu Beatriz Artolazabalek jakinarazi zuen Auzitegi Nazionalak bere ebazpenean adierazi zuela gradu progresioa «giza arrazoiengatik» bideratzeko iradoki zuela.
«Iraganean txertatutako» erakundeetan jarri du Basaurik gertatutakoaren zama. Hau da, Auzitegi Nazionaleko fiskalen eta epaileen gainean. Azaldu du egoerak «izugarrizko sufrimendua» eragiten diela presoei zein horien senideei, eta «ziurgabetasun» etengabe batean bizi direla. Izan ere, Basaurik uste du beti topatzen dutela presoak —«eta, aldi berean, senideak»— zigortzeko moduren bat. «Borroka armatu gabe dena posible zela esaten zuten...».
«Berriz ezagutu»
Basauriren eta Arregiren arteko harremana ez da erraza izan. 50 urte inguru egin dituzte batera, baina ez gorabeherarik gabe. Arregi 1992an espetxeratu zuten, eta bederatzi urte egin zituen Frantziako kartzeletan. Isolamendua eta espetxeetako araudiak tarteko, ez zen 1999ra arte iritsi «berriz ezagutzen» hasi ziren unea: «Hiru hilabetean behin astebeteko oporrak hartzen nituen, eta egunero bi ordu eta erdi egoten ginen».
Mende aldaketarekin Espainiaratu zuten Arregi, eta 30 urteko beste espetxe zigor bat betetzen hasi zen. 2026ko ekainean beteko du osorik, nahiz eta, Frantzian betetako zigor urteak batuz gero, 2018tik aske behar lukeen. Oraintsu arte, bidaia ugari egin ditu Basaurik. Tartean, baina, bisitarik gabeko denbora tarteak egin ditu, gaixotasun immunologiko batek behartuta. «Urte asko gaizki pasatu nituen».
Orduan, Villenatik (Herrialde Katalanak, 660 kilometrora) Villabonarako (Espainia, 390 kilometrora) aldaketak «izugarrizko poza» eragin zion Basauriri. Lekualdaketa hark, baina, eragina izan zuen bere osasunean ere. Lehen bis intimoko emozioak lausotu egin ziren gau hartan bertan. «Bihotza ez zegoen ongi, eta ospitaleratu egin ninduten. Markatuko nuke emozioek senideen bizitzan daukan eragina; albiste onak zein txarrak jasotzen ditugunean».
Villabonan iritsi zen hirugarren gradura igarotzeko lehen saiakera ere. Arregik, baina, telefonoz adierazi zion emazteari ez ziotela onartu. Arrazoia? Ordu gutxira jakinarazi zioten Martuteneko espetxera mugituko zutela; 2020ko urrian izan zen hori. «Horrek esan gura zuen autobusa hartu eta ordu laurden batean espetxean gaudela».
Arregiren bizimodua ere aldatu zen. Euskara eguneroko hizkuntza bilakatu zen harentzat. COVID-19ak, ordea, senideekiko harremanak zaildu zituen. «Ezin ukitu, sentitu, irribarrea ikusi. Komunikazio humanoa ezabatu zen», azaldu du Basaurik: «Hain hurbil eta, aldi berean, hain urrun sentitzen ginen». Orain, egoera berean dira berriz.
Ikusi gehiago:Milaka lagunek eskatu dute ez oztopatzeko presoen etxeratzea
Euskal presoak. Senideak
Nekane Basauri. Auzitegiak eten die «denbora mugagabea»
Joseba Arregik eta Nekane Basaurik bikote harremana indartzeko baliatu zuten Arregiren hirugarren gradua. Azaroan, baina, gradu erregresioak eten egin zuen hasitako bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu