Giza eskubideen defendatzaileen etxeak babesean hartu duen lehen ekintzailea da Dalila Argueta (Guapinol, Honduras, 1988). Nekazaria da, eta «ingurumen defendatzailetzat» du bere burua; izan ere, duela hiru urte jaioterritik alde egin behar izan zuen, Botaderos mendiko mineralak ustiatzen dituen enpresak mehatxatuta. Nekazari dabil oraindik Basoan, baratzean. «Lurrean erein dugunetik bizi izan gara, lurrarekiko errespetuz. Ez dugu inori kalte egiteko premiarik izan».
Irakurri gehiago: Eredu utopikoak praktikan jarriz
«Gure mendia mineralez betea dago; haiek egiten dute aberats guri jaten ematen digun lurra». 2017an abiatu du kontakizuna Arguetak: «Botaderos mendia naturaren erreserba bat da, baina gobernuak murriztu egin du eremu babestua, eta lurrak ustiatzeko baimena eman dio Inversiones Los Pinares enpresari, aire zabaleko meategiak egiteko».
Enpresa errepideak zabaltzen ari zela, 2018ko apirilean ibaia lokaztuta zetorrela ikusi zuten Guapinoleko herritarrek, eta larritu egin ziren: «Ibai horretan, 34 iturri daude, Aguan araneko 42.000 biztanleak urez hornitzen dituztenak. Iturri denak mehatxatuta daude, eta bost kutsatuta edo lehortuta daude egun, lanen eta deforestazioaren ondorioz».
Antolatzen hasi ziren orduan: «Apirila eta uztaila bitartean ez genuenez ezer lortu, 2018ko abuztuaren 3an kanpaleku bat egin genuen mendian». 89 egunez egon ziren han. Argi dauka zuzen jokatu zutela: «Eskubideak ez ditugu mesedez eskatu behar, geureak dira».Urriaren 27an, militarrak agertu ziren: «400 pertsona geunden une hartan, eta 1.500 militar bidali zituzten». Hala ere, ez zuten amore eman: «Bagenekien abantaila zutela, baina argi genuen burua gora atera beharko gintuztela».
Indarrez atera zituzten handik, eta, ondoren, jazarpena asko gogortu zen: «Enpresa sikarioak kontratatzen hasi zen, eta meatzariak emakumeak iraintzen ere hasi ziren». Izan ere, Arguetak azaldu duenez, defentsa horretan ari ziren ia denak ziren emakumeak: «Lurraldea gure gorputzekin defendatzen ari ginen, eta ez zuten ulertzen emakumeak horrelako zerbaitetan ibiltzea».
Arguetak oroitu du akanpadaren ondoren herrian jarraika izaten zituztela sikarioak, eta etxean mehatxuzko telefono deiak ere jaso zituela: «Galdetzen zidaten ea bizitzak enbarazu egiten zidan, eta emakume izateagatik ere iraindu ninduten, esan zidaten haiek bezalako gizon bat behar nuela. Nazkagarria izan zen».
Bi aldiz jarraitu zioten. Lehengoan autoaren atzeko aldea tirokatu zioten: «Mehatxua izan zen». Bigarrena motoz izan zen: «Beste komunitate batera nindoan, eta ikusi nuen atzetik nituela. Umeak zeuden komunitate hartan jolasean, eta pentsatu nuen hil behar baninduten hobe zela nengoen tokian izatea, eta ez umeen aurrean». Gelditu egin zen, eta gauza bera egin zuten segika zituenak ere: «Armarekin mehatxu egin zidaten».
Heriotza epai gisa hartu zuen Arguetak, eta etxera heltzean Hondurasko Giza Eskubideen Defendatzaileen Sareko koordinatzaileari deitu zion: «Telefonoak kontrolatuak genituenez, ezin nuen lasai hitz egin; esan nion: 'Oinak hotz ditut, eta litekeena da bihar hotzago izatea'». Biharamunean, 04:00etan atera zuten etxetik, eta astebete egon zen segurtasun etxe batean. Bi ume ditu, egun 6 eta 12 urte dituztenak: «Semea ohean utzi nuen, eta, esnatu zenean, ez nengoen han; minduta egon da denbora askoan». Ez die seme-alabei esan arriskuan zegoelako alde egin behar izan zuela: «Uste dute lanean ari naizela, haiek bisitatzera joateko aukerarik ematen ez didan postu batean».
Astebeteren ondoren, Espainiara joan behar zuela esan zioten, seguru egoteko modu bakarra zela: «Nik ez nuen nahi; aireportuan bertan eskatu nien mesedez ez uzteko hegazkinera igotzen. Kideek esan zidaten bizirik jarraitzea ere borrokatzea zela».
Zaragozara iritsita, egokitzea ez zen erraza izan: «Ohituta nengoen nire herrian naturaz inguratuta bizitzera, eta hirian ito egiten nintzen». Hiru hilabetera egoerak ez zuenez hobera egin, asilo eskaera egin zuen. Basoara ekarri zuten gero. Hemen seguruago badago ere, beldur da seme-alabei egin diezaieketenaz: «Badakite ni isilarazteko erabil ditzaketela, eta asko mugatzen nau horrek». Hala ere, ez du bere jarduna alde batera utzi: «Esnatu gara, eta ez dago berriz lokartuko gaituenik». Defendatzailea da, berezkoa du hori: «Defentsa gure bizitzaren parte da».
«Ustiapen baliabideak»
Salatu du merkantzia balira bezala sentitu direla: «Haientzat, ustiapen baliabideak gara; berdin zaizkie gure bizitzak eta gure mendiak». Euskal Herriko egoera bestelakoa bada ere, antzekotasunak aurkitu dizkio Arguetak: «Hemen ere handinahiak mehatxatutako lurraldea ikusten dut; jakingo balute zenbaterainoko hondamendia dakarren...».
Ez da erraza azken hiru urteotan bizi izandakoaren berri ematea. Oroitzapenek begiak bustitzen dizkiote oraindik Dalila Arguetari, baina irribarrea ateratzen zaio seme-alabentzat prest duen ohea erakustean: «Hemen hegoak berreskuratzen ari naiz».
Dalila Argueta. Ekintzailea
«Eskubideak ez ditugu mesedez eskatu behar, geureak dira»
Dalila Argueta nekazaria eta ingurumenaren defendatzailea zen Hondurasen, eta horregatik egin behar izan zuen alde jaioterritik. Gaur egun, Artean bizi da, Basoa etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu