Azken minutuan lortutako akordio historikoari esker, Europako Batasunak eta Erresuma Batuak merkataritza libreko itun bat izan go dute 2021eko urtarrilaren lehenetik aurrera. Brexit gogorra da, baina kaosari izkin egitea ahalbidetuko du, eta, 47 urteko ibilbide komun baten ondoren, flotagailu bat izango da enpresentzat eta herritarrentzat. Ez baitu arautu soilik merkantzia eta zerbitzuen merkataritza; EBrentzat funtsezkoak diren beste hainbat atalen jarduerek nola izan behar duten ere jaso du: inbertsioa, lehia, estatu laguntzak, fiskalitatea, errepide eta aire garraioa, arrantza, jasangarritasuna...
MUGA ZERGARIK EZ
Itunik gabe, Erresuma Batuko produktuak eta zerbitzuak MME Munduko Merkataritza Erakundearen arauen bidez baino ez ziren arautuko, eta hark %10eko muga zergak jartzen dizkio autogintzari, eta produktu fresko batzuei %30erainokoak ere bai, adibidez. Bada, itunari esker merkataritza librean salerosi ahal izango dute irlako enpresek Europan, eta alderantziz. Ez da muga zergarik ezarriko, ezta kuotarik ere —produktuen gehienekoak—. Dena den, gaur egun indarrean dagoen araudia —trantsizio arorako onartua— baino mugatzaileagoa da ituna.
HERRITARREN JOAN-ETORRIAK
Urte berriarekin batera, Erresuma Batuko herritarrek ezingo dute libre zirkulatu, bizi, lan egin edota ikasi —Erasmus programaren bidez— Batasuneko estatu kideen lurraldeetan, Batasuneko herritarrek bezala. Alderantziz ere gertatuko da noski. Lanerako eta turismorako, Batasunean sartu nahi duten britaniarrek pasaportea beharko dute, ez soilik nortasun agiria. Eta 90 egun baino gehiago egoteko, baimen berezia eskatu beharko dute, muga arteko kontroletatik pasatuz. Hori bai, brexit-aren aurretik mugaren beste aldean bizi ziren britaniarrek beren eskubideei eutsiko diete; era berean, esaterako, Londresen bizi diren europarrek ere gaur arteko eskubideak izango dituzte, gizarte segurantzarekin lotutakoak barne.
LEHIA ETA INGURUMENA
Ituna egiteko lokarri handiena izan da lehiari dagokiona. Joko zelai orekatua esan diote auziari. Brusela oso kezkaturik dago Londresek nola joka dezakeen Batasunean estandarrak direla eta. Lehia arauak oso garrantzitsuak dira Erresuma Batuko enpresek jaso ez ditzaten Batasunekoek jaso ezin dituzten estatu laguntzak. Horrek, desabantaila handian jarriko lituzke europarrak, Txinakoen aldean sarritan gertatzen zaien modura. Hori dela eta, itunean bidezko lehia bermatzeko mekanismo bat jaso dute, gatazkarik sortuz gero horiek aztertu eta konpontzeko. Hala, Bruselak zigorrak ezarri ahal izango dizkie Erresuma Batuko enpresa jakinei, eta alderantziz ere bai, Batasunaren estandarrak betetzen ez badira. Izan ere, alde biek konpromisoa hartu dute exijentzia handiari eusteko ingurumenarekin lotutako ataletan, esaterako. Klima aldaketaren aurkako helburuak ez apaltzea nahi zuen Bruselak. Langileen eskubideekin lotutako estandarrak ere errespetatzen jarraitzea nahi du Batasunak, eta zer esanik ez zerga maila. Alegia, merkantziak salerosi behar badira alde bien artean, merkantzia horien ekoizpenarekin lotutako baldintzek ahalik eta paretsuenak izan behar dutela mahairatu du Batzordeak, eta horrek esan nahi du zergak, laguntzak, lan baldintzak eta abar zaindu behar direla.
ARRANTZA
Ekonomikoki ez da pisurik handieneko auzia, baina brexit-aren akordioa lortzeko lokarri politiko garrantzitsua bilakatu da. Erresuma Batua bere kostaldeko urak kudeatzeko estatu independentea izango da urtarrilaren lehenean, eta horrek esan nahi du ez duela lotuko Arrantza Politika Bateratuak. Datozen bost urte eta erdian, trantsizio epe bat zabalduko da orain arteko arrantza arauei hein batean eusteko. Epe horretan, dena den, EBko arrantzontziek %25 apaldu beharko dituzte beren harrapaketak Erresuma Batuko uretan. Trantsizio epe hori bukatzen denean, Bruselak beste arrantza akordio bat egin beharko du Londresekin. Urte berriarekin batera indarrean sartuko den arau berriak, modu batera edo bestera, euskal arrantzaleei eragingo die, litekeena baita arrantza kuotak aldatu behar izatea.
ADUANAK
Astebete barru, aduana kontrolak jarriko dituzte Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren artean. Horrek esan nahi du egunotan Doverren (Ingalaterra) ikusi diren kamioi ilaren argazki beldurgarriak gehiagotan ikusiko direla aurrerantzean, batik bat Frantziako Calaisko portuaren inguruan eta Dover inguruan. Izan ere, itunak jaso duen arren garraioa etengabea eta jasangarria izango dela bi aldeen artean, merkatu bakarrak eskaintzen dituen baldintzen oso azpitik daude itunean jasotakoak.
'Brexit'-a. Akordioa
Merkantziak eta pertsonak mugitzeko arau berriak: dibortzioaren giltzarriak
Erresuma Batuak eta Bruselak 1.246 orrialdean jaso dituzte banaketaren jarraibideak; elkarrekin egindako 47 urteko ibilbidearen amaiera da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu