Fronte Polisarioaren 50. urtemuga

KLANDESTINITATETIK ERBESTERA

BERRIA Fronte Polisarioaren hiru sortzailerekin izan da askapen mugimendu nazionala eratu eta mende erdira. Guardia zaharreko ordezkariak kolonialismoaren eta okupazioaren urteetako erresistentziaz aritu dira. Azken kongresuan aukeratutako ordezkari gazteenek uste dute beti bezain sendo dagoela mugimendua. Atakak eta erronkak izan dituzte hizpide.

2. Embarka Brahim Bumajruta. Polisarioa haren etxean sortu zen, Zueraten, Mauritanian. KRISTINA BERASAIN TRISTAN.
Kristina Berasain Tristan.
Tinduf
2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Mohamed Lamin Ahmed (Lemsid, 1947) entziklopedia baten modukoa da. Une historikoak astiro aletzen ditu, zehaztasun liluragarriz, pasadizoak tartekatuz eta datak eta lekuak ahaztu gabe. Fronte Polisarioaren sorreran parte hartu zuten hamazazpi sahararretako bat da. Ederki asko akordatzen da klandestinitatean bizi izandako urteez: «Mauritaniak ez zuen babesten gure borroka armatua, baina, ordura arte, gure independentziaren alde agertu zen, eta klandestinoki aritzeko baimena eman zigun; horrexegatik sortu genuen mugimendua Zueraten». 1973. urteko maiatzaren 10a zen. Artean Mendebaldeko Sahara kolonia espainiarra zen.

Laminek Rabuniko egoitzan hartu du BERRIA, preso marokoarrek eraikitako solairu bakarreko eraikin kalamastra batean. Hitz egiten hasi eta berehala aipatu du Francisco Franco Espainiako diktadorea: «Jada Cabo Judy eta Sidi Ifni entregatuak zizkion Marokori; bata 1958an, eta bestea 1969an. Mendebaldeko Sahararekin gauza bera gertatuko ote zen, horixe zen kezka. Basirik [Mohamed Sidi Brahim Basiri] horregatik sortu zuen Sahara Askatzeko Abangoardiako Mugimendua, 1969ko abenduaren 18an».

Fronte Polisarioaren hazia izan zen mugimendu hura. Basiri, haren sortzailea, handik gutxira desagerrarazi zuten. 1970eko ekainaren 17a zen.

Ikusi gehiago:Erresistentziaren lekukotasunak

Embarka Brahim Bumajrutaren (Aaiun, 1955) hitzetan, saharar herriaren historia aldatu zen egun horretan: «Egun historikoa izan zen. Nik 15 urte baino ez nituen. Lehen aldia zen protesta batean haimak ikusten nituena eta autodeterminazioaren aldeko leloak entzuten nituena. Aaiunen milaka saharar elkartu ginen, tartean emakumeak eta haurrak; melhfak eta darrak genituen soinean. Zemlako Intifada gure aurrenekoa izan zen». Espainiak indarkeriaz erantzun zuen, eta dozenaka saharar atxilotu zituen, tartean Basiri.

Espainiaren maniobra gaizki atera zen. Berez, metropolia izan zen egun horretako manifestaziorako deia egin zuena. Franco diktadoreak ordurako nazioarteko presio handiak zituen lurraldea deskolonizatzeko —NBE Nazio Batuen Erakundeak 1966an eskatu zion erregimenari autodeterminazio erreferenduma antolatzeko—. 1934an tribu nomadetako buruzagiekin, chiuj-ekin, egindako akordioaren harira, batzar tradizional bat eratu zuen 1967an. Yemaa izeneko egituraren bidez, sahararren babesa zuela erakutsi nahi zuen erregimenak, eta ekintza propagandistiko bat antolatu zuen, kolonizazioa zilegi egiteko. Aaiungo Afrika plazan zen hitzordua eta leloa: Sahara Espainiari lotuta egotea nahi dugu. Ordurako, baina, milaka ziren askapen mugimenduarekin bat egin zuten sahararrak, eta protesta alternatiboa egin zuten Zemlan. Legioaren erantzuna bortitza izan zen.

Bumajrutaren senarra izan zen atzeman zuten sahararretako bat: «Dahklako itsasargian izan zuten urtebetez. Askatu zutenean, baldintza bat jarri zioten: Mendebaldeko Saharatik at bizi behar zuen. Orduan, Zueratera joan ginen».

Embarka Brahim Bumajruta eta Ahmed Kaid Salehren etxean eratu zen Fronte Polisarioa. Kongresua 1973ko apirilaren 29an hasi zen. Sahararrak kolonialismoak ezarritako mugetan sakabanatuta bizi ziren, nomadak baitziren, eta adostutako testua kontrastatu egin behar zen zelula guztiekin. «Garai hartan, ez zegoen telefonorik. Epe bat ezarri zen. Mendebaldeko Saharan, Mauritanian, Marokon eta Aljerian zeuden militanteei azkar helarazi behar zitzaien informazio sekretua. El Ualik [El Uali Mustafa Saied] Nouadhiboura laguntzeko eskatu zidan. Burdina garraiatzen duen trenean joan ginen, bagoien barruan. Joatean, beteta zihoan, eta bueltan, hutsik. Oroitzapen ederra daukat bidaia hartaz».

Ekintzaileak, misioa beteta, berriz elkartu ziren etxean. Konstituzioa maiatzaren 10ean onartu zen. Kongresuak 48 ordu iraun zuen. Gau eta egun aritu ziren. Etenik gabe.

Bumajruta tea egiten ari da. Bojador wilayan duen haima ederrean ari da hizketan. Emakume gozoa da, eta begiek distira egiten diote historia kontakizun bat balitz bezala azaltzen duenean. Une historiko horren lekukoa izan zen. «Nire amaginarreba ere han zen, Nayat Lamjad. Egun handia izan zen, nahiz eta ez ginen ohartzen. Gure borrokaren hasiera izan zen, gure iraultzaren hasiera». Bumajrutak argi dauka mugimenduaren iraupenaren gakoa klandestinitatean aritzea izan zela: «Dena egiten zen sekretupean. Bakoitzak bazekien zein zen bere eginkizuna. Etxez etxe ibiltzen ginen, ezkutuan. Senarra eta emaztea mugimenduan egon zitezkeen, baina ez zioten elkarri ezer esaten».

Adar armatua

Fusilarekin askatasuna eskuratuko dugu. Horixe izan zen sorrerako testuaren leloa. Fronte Polisarioa eratzearekin batera, adar armatua eratu zen. Lehen konstituzioak argi adierazten du zein zen xedea: «Erabilitako bake metodo guztiek porrot egin dutela ikusita, fronteak indarkeria iraultzailearen eta borroka armatuaren aldeko hautua egiten du saharar herriak erabateko askatasuna izan dezan».

Espainiako kolonialismoaren aurkako erresistentzia armatua abian zen. Brahim Gali (Esmara, 1949) idazkari nagusi izendatu zuten, eta hari egokitu zitzaion lehen ekintza armatua zuzentzea, mugimendua sortu eta hamar egunera. «Al Khangako ekintza ezustekoa izan zen kolonialismoarentzat. Espainiako lurraldeko poliziako sei kide zeuden postuan. Ez genuen haietako inor atxilotu. Armak, munizioa eta gameluak eskuratu genituen. Oraindik irauten duen borroka horren hasiera izan zen».

1973ko maiatzaren 20a egun mitikoa da sahararrentzat. Fronte Polisarioko kideek bost fusil zituzten, eta horietatik hiruk bakarrik funtzionatzen zuten. Galik xehetasunak eman ditu: «Ekintza orduko armada zenaren bost elementuk burutu zuten. Guztira hamazazpi ginen, eta bostek zituzten armak. Armak zituztenek parte hartu zuten ekintzan». Harena omen zen hondaturiko fusiletako bat.

Gerrillen gerra hasi zen. Marokoko mugatik bost kilometrora zegoen postua zen Al Khangakoa. Han zeuden militarrak sahararrak ziren. Polisarioaren agindua zen kolonialismoarentzat lanean ari ziren sahararrei tiro ez egitea haiek tiro egin ezean. Erresistentziaren Museo Nazionalean zehazten denez, ekintza hartan bost misil, 240 bala eta bost gamelu atzeman zituzten.

Auserdeko wilayako adobezko etxe xume batean bizi da Gali. Errepaso azkar bat egin dio bere bizitzari: liburu batetik aterea dirudi. Basirirekin Sahara Askatzeko Abangoardiako Mugimenduan aritu zela gogoratu du. «Gaztetxoa nintzen». Zemlako Intifadan atxilotu zituztenetako bat izan zen: «Urtebete luze izan nintzen kartzelan. 1972an beste hiru hilabetez kartzelatu ninduten, panfletoak banatzeagatik. Mugimenduaren xedeen berri ematen genuen panfleto horietan, eta sahararrei gure borrokara batzeko deia egiten genien». Sahara sahararrentzat. Horixe zen leloa.

Ikusi gehiago:Urtebete gutxiago infernuan

Zemlako protestak kontzientzia nazionala piztu zuen sahararren artean. Manifestazioak gero eta ugariagoak ziren. Marokoko Tan-Tan hiria bihurtu zen protesten epizentroa.

Lamin Rabaten ikasten ari zen garai hartan, unibertsitatean: «El Uali nire laguna zen». Sorreratik Polisarioko zuzendaritzan egon den politikariak gogoan du nola atxilotutakoak azkar askatzen zituzten. «Hasan II.a animalia politiko bat zen. Ez zuen arazorik nahi sahararrekin. El Uali bera atxilotu zuen, baita azkar askatu ere».

El Uali mito bat da sahararren memoria kolektiboan. Marokon zeuden ikasle saharrak elkartu egin ziren, eta mugimendu nazionaleko kideengana gerturatu. Laminek dioenez, hasieran mugimendukoek susmoak izan zituzten ikasleei buruz, ez ote ziren erregeak antolatutako talde bat izango erresistentzian infiltratzeko». Obeid Luchaa ekintzaile historikoaren bidez jakin zuten biek asmo bera zutela; independentzia.

Errezeloak, baina, justifikatuta zeuden. «Marokok, erresistentziari aurre egiteko, mugimendu propio bat sortu zuen agente sekretuekin, 1972ko uztailaren 21ean: Gizon Urdinen Erresistentzia Mugimendua». Laminek almanaka bat dauka garunean. Ahoan irribarre bat duela, pasadizo bat kontatu du. Behin Fronte Polisarioa sortuta, zuzendaritzako kide bat mugimendu disidente horretako buruarekin elkartu zen. «Aljerren elkartu ziren. Mohamed Abdelaziz gure presidentea izan zenari agindu zioten harekin elkartzeko. Abdelazizen aurrean aurkeztu zenean, bere izena eman zion: Eduard Moha. Abdelaziz berehala ohartu zen izen hori ez zela sahararra, eta hamar hiri sahararren izenak emateko eskatu zion. Horrela jakin genuen agente sekretua zela».

Hura ez zen izan mugimendu nazionala ahultzeko ahalegin bakarra. Marokok erakunde armatu bat eratu zuen 1975ean: FLU Askapen eta Batasun Frontea.

Francok ere alderdi bat eratu zuen, sahararrek kolonialismoa babesten zutela irudikatzeko, 1974ko azaroan: PUNS Saharako Batasun Nazionaleko Alderdia. Espainian alderdi politikoak debekatuta zeuden, Falangea izan ezik, baina 53. probintzian ez.

Baina Fronte Polisarioa, ordurako, mugimendu antolatua zen. La Gueratik Mahbesera eta Aaiundik Tichlara. Lurralde osoan zegoen hedatuta. Bumajruta Aaiunera itzuli zen. NBEk lurraldera bidalitako lehen ordezkaritzari egin dio erreferentzia: «Nazioarteko lehenengo ordezkaritza zen. Sahararrak Aaiungo kaleetara atera ziren, erruz. 1975eko maiatzaren 13a zen. Banderak eta pankartak zeuden. Ilusio handia zegoen. Egiaztatzera etorri ziren saharar herria existitzen ote zen, gure eskubideak errespetatzen ote ziren. Orduan atera ginen klandestinitatetik».

Martxa Beltza

1975eko urriaren 21ean ordezkaritzako kideek kaleratutako txostena irmoa zen: «Badirudi Fronte Polisarioa dela lurraldean nagusi den indar politikoa. Biztanleak independentziaren alde daude». Baina, orduan, espero gabekoa etorri zen: Martxa Berdea. Sahararrentzat, Martxa Beltza.

Bumajruta Aaiunen zegoen orduan, eta gauerdian alde egin behar izan zuen etxetik: «Ekintzaile guztiei alde egiteko mezua helarazi ziguten. Kideak atxilotzen ari ziren. Ni Amgalara joan nintzen aurrenekoz. Gero Mahbesera. Aljeriak muga ireki zuenean, hemen babestu ginen, Tindufen».

Mauritaniaren traizioaz mintzatu da. «Polisarioko guztiak kanporatu zituzten; zuzendaritzako kideak atxilotu zituzten. Gure etxea setiatu egin zuten». Begiak malkoz bete zaizkio. «Espainiaren promesa ez zen bete; ez zen erreferendumik egin. Beste traizio bat izan zen. Beti egiten dut negar garai hartaz hitz egiten dudanean. Oso latza izan zen. Basamortura iritsi ginen, basamortuak duen esanahi guztiarekin».

Bonbardaketetatik eta errepresiotik ihesi, erbestean babestu ziren sahararrak. Exodoaren ostean, gerraren urteak etorri ziren, eta gero su etenarenak; sahararrek ez gerra eta ez bakea izendatzen duten garaia.

Bumajrutak argi du egun batean justizia egingo dela: «Lurrik gabe ez gara deus, baina herri hau aurrera ateratzea lortu dugu. Polisarioa imajinatu gabeko lekuetara iritsi da. Errepublika bat dugu, gobernu bat, erbestean bagaude ere. Pentsaezina da egoera horretan, ia baliabiderik gabe, armarik gabe, hain iraultza handia egin izana».

Deserrian bizi dira saharar asko eta asko, egun batean jaioterrira itzultzeko itxaropenarekin. Lamin bat dator Bumajrutarekin. Fronte Polisarioak ez du lortu bere helburua, baina erbestean dagoen estatu bat sortzeko gai izan da: «Orduan, bi etsai genituen: kolonialismoa eta ezjakintasuna. Gutun bat idatzi behar zenean, ia ez genuen inor aurkitzen idazteko. Orain, estatu bat dugu, eta irakurtzen eta idazten dakiten milaka haur eta gazte».

Ikusi gehiago:Brahim Gali: «Sanchezena hirugarren traizioa izan da; labana bera zauri berean mugitzea izan da»

Erresistentziaren arrakasta izan da. Mende erdi bateko ibilbidean, ataka zailei aurre egin die askapen mugimendu nazionalak, baina erronka itzelak ditu oraindik ere. Bake prozesua trabatuta dago, negoziazioak etenda, eta statu quo-ak indar okupatzaileari egiten dio mesede. Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko azken elkarrizketa ofizialak 2008an egin zituzten, New Yorken, eta, Staffan de Mistura Mendebaldeko Sahararako NBEko ordezkari izendatu zutenetik, 2021eko azaroan, bide diplomatikoak ez du aurrera egin.

Abagune honetan, erronkarik handiena estrategia politiko eraginkor bat bideratzea da, bide orri bat ezartzea. Aurtengoa, dena den, urte erabakigarria izan daiteke. Polisarioak asmatu egin du arlo juridikoan hartutako neurriekin. Datozen hilabeteetan ebatziko dute EBk Marokorekin duen arrantza akordioa behin betiko baliogabetu dezakeen errekurtsoari buruz.

Gerra da aintzat hartu beharreko beste elementu bat. Polisarioa eta Maroko higatze gerra batean ari dira 1991n adostutako su etena hautsi zenetik. 2020ko azaroaren 13a ere iltzatuta geratuko da sahararren historian. Maroko Guerguerat eremuan sartu izanak ia hiru hamarkadako menia haustea eragin zuen.

Lehbid Mohamed Abdelazizek (Tinduf, 1989) aski ondo ezagutzen du gerra. Bost urteko formakuntza militarra izan du, eta, azkeneko kongresuan, zuzendaritzako kide aukeratu dute. Abdelaziz presidente izandakoaren bosgarren semea da, eta belaunaldi gaztea ordezkatzen du Polisarioan. Mugimendua sendo dagoela dio: «Polisarioa sortu zenean, gurea herri ahula zen, zatituta zegoen, sakabanatuta, nomadak bezala bizitzen. Orain, denok asmo bakar batean elkartuta gaude, autodeterminazioa lortzea xedea duen ordezkari bakar baten pean».

Gaztea uniforme militarrez jantzita dago: «Niretzat, ohorea da aurreko belaunaldien lekukoa hartzea eta gure aurrekoek hasitako borrokari jarraitzea». Gerran hildako azken martiria izan du gogoan: «Diasporatik etorritako gazte bat zen: martxoan hil zuten, drone batekin».

Mohameden hitzetan, belaunaldi gaztea irmoa da: «Belaunaldi kementsua gara, prestatuagoa, eta hiltzeko prest gaude». Belaunaldien arteko gatazka badagoela ere aitortu du. Horixe da barne politikaren erronketako bat: gazteek urteak eman zituzten gerrara itzuli behar zela aldarrikatzen, eta, orain, erreleboa dute aldarri. Batzuk oso kritiko dira zuzendaritzarekin. Bada guardia zaharreko ordezkariak dinosauroak direla esaten duenik, baina argi dute horrek ez duela zatiketarik eragingo, ez behintzat independentzia lortu arte. Ez dute nahi Palestinakoa gertatzerik.

Mohamedek uste du barne zatiketak eta kritikak demokraziaren parte direla: «Politikan konstante bat da, alderdi guztietan eta herrialde guztietan. Polisarioan berdin gertatzen da. Belaunaldi zaharrek uste dute gazteak ez daudela aski prestatuta, eta gazteek kontrakoa pentsatzen dute. Dena den, nire iritziz eskubideak ez dira ematen, irabazi egiten dira». Ahoan irribarrea duela dio ez dagoela dagoen lekuan bere aitaren semea delako: «Hau ez da Maroko, non erregeari semeek jarraitzen dioten tronuan».

Erronka berriak

Polisarioaren egituran emakumeak ere, pixkanaka, bere lekua hartuz joan dira. Kanpalekuetan, eremu elkor eta monotonoan, ederra da emakumeen melhfa nabarrak ikustea. Bumajrutak hondarraren koloreko melhfa darama soinean. Kanpalekuak nola eraiki zituzten azaldu du: «Melhfekin etxeak egin genituen, eta denbora asko eman genuen oihal horien azpian bizitzen. Emakumeak ardurak hartu behar izan zituen, horretarako gai zela jakin gabe. Saharar bakoitzak bere hondar alea jarri du».

Haren ustez, zuzendaritzan emakumeen presentzia handitzea da beste erronketako bat. Wilayetako dairetan emakumezko alkate ugari daude, eta parlamentuan gero eta gehiago dira: 52 parlamentaritik 19.

Polisarioak urtarrilean egindako kongresuan zuzendaritza nazionalerako aukeratutako zortzi kide berrien artean, bakarra da emakumezkoa. Organo goreneko 27 kideetatik sei baino ez dira emakumeak. Enguia Salama (Tinduf, 1983) da aukeratu zuten emakume berri bakarra. Bulegoan preso politikoen irudiak ditu. «Emakumea beti izan da borrokaren ardatz, eta politikan ere hala da. Maila gorenean gutxi gara, baina horretan ari gara, beste borroka bat da hori», dio.

Salamaren izendapenak badu beste ñabardura inportante bat. Lehen aldiz, azal beltzeko ordezkari bat izendatu dute zuzendaritzan. Tribu sahararretan esklabo izandakoen ondorengoak aspaldi eskatzen ari ziren leku bat politikan, eta aitorpen hori beste pauso bat da kolonialismora arte iraun zuen praktika iluna amaiarazteko.

Salamak dio ateak denentzat irekita daudela: «Nire ustez, bide horretan ari gara, poliki baina beti aurrera. Desafio asko ditugu, ekonomikoak, sozialak, politikoak eta diplomatikoak, baina independentzia eskuratu arte batuta egotea da erronka. Gerran gaude, errefuxiatuta bizi gara, ezerezaren erdian, baina 50 urteren ondoren erabakitasun berarekin ari gara borrokan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.