Gazteen pornografia kontsumoa. Txostena

INOIZ BAINO ESKURAGO DAUKATE

Save the Children erakundeak eman du datua: pornografia kontsumoa handia da nerabeen artean, eta oso goiz hasten dira ikusten. Areago, pornografiatik hartzen dituzte ideiak sexu harremanetarako. Horren «arriskuez» ohartarazi dute: pornografia «fikzioa» baita, ez errealitatearen ispilua.

INOIZ BAINO ESKURAGO DAUKATE.
edurne begiristain
2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Nerabe gehienek pornografia kontsumitzen dute, eta maiztasun handiz, gainera. Save the Children gobernuz kanpoko erakundearena da oharra. Sexu (des)informazioa: pornografia eta nerabezaroa txostenean jasotako informazioan oinarrituta iritsi da ondorio horretara. Aski adierazgarriak dira azterlanean bildu dituzten datuak: hiru nerabetik bik «nahiko maiz» jotzen dute pornografiara. Eta oso gaztetan hasten dira kontsumitzen: batez beste, 12 urterekin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 13 eta 17 urte bitarteko gazteen artean egindako inkesta batetik atera dituzte datuak, baina Euskal Herri osorako balio dezakete emaitzek.

Nerabeen pornografia kontsumoa eta horrek haien harremanetan eta garapenean duen eragina ikertu dituzte txostenean, eta lana egin duen erakundeak ez du ukatu «kezkatzeko» moduko datuak jaso dituztela. Save the Childrenek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen zuzendari Charo Arranzek aitortu du sumatzen zutela horrelako emaitzak jasoko zituztela, eta alde horretatik ez dituela ustekabean harrapatu. Kezka, ordea, emaitza horiek islatzen dutenak piztu die: «Kezkagarria da nerabeen sexu desiraren eraikuntza, neurri handi batean, pornografiaren kontsumoaren gainean egiten ari dela».

Nerabeak haur izanda hasten dira lehen eduki pornografikoak kontsumitzen. 12 urte dituztenean. Eta mutilek zein neskek kontsumitzen dute pornografia, baina ez neurri berean. Bi sexuen artean bada alderik. Txostenak jasotzen duenez, mutilek nabarmen gehiago kontsumitzen dute neskek baino: mutiletan, hamarretik bederatzik jotzen dute pornografiara, eta nesketan, erdiek. Gainera, pornoaren kontsumoa ohikoagoa da mutilen artean: hamarretik zortzik aitortu dute sarritan ikusten dutela; nesken kasuan, berriz, hamarretik lauk.

«Nabarmenak» dira generoen arteko aldeak, Arranzen ustez. Mutilek ia egunero ikusten dute pornoa, eta «modu kontziente eta aktiboan». Eduki pornografikoetara jotzen duten lehen aldia ere hala izaten da: «Bilatu egiten dute. Abiatzeko erritu baten moduko bat da haientzat». Neskek, berriz, ez dute espresuki pornoa bilatzen Interneten: «Ustekabean» topatu ohi dituzte gisa horretako webguneak. Horrek egoera zaurgarrian uzten ditu neska gazteenak, ezezagunen sexu jazarpena pairatzeko «arrisku handiagoan», Arranzek ohartarazi duenez.

Save the Childrenek argitaratutako zenbakiak ez zaizkio arrotzak egin Raul Marcosi, Emaize sexologia zentroko arduradunari. Emaizek urteak daramatza gazteei sexu heziketa, aholkularitza eta terapia ematen, eta bertako profesionalek ongi dakite porno hegemonikoaren kontsumoa oso gaztetan hasten dela. Emaizek 2016an egin zuen gaiari buruzko ikerketa batek are emaitza gordinagoak utzi zituen: batez beste, 7 urterekin hasten dira haurrak eduki erotikoak kontsumitzen. «Goizegi hasten dira, eta edukiak erabat desegokiak dira adin horretarako». Datuak deigarriak izanik ere, Marcosek ezinbestekotzat jo du harago joatea: «Urteak daramatzagu datuekin iskanbila sortzen, baina tartean ez da soluziorik hartzen».

Save the Childrenen txostenak argi bereizten ditu mutilen eta nesken kontsumo ohiturak, baina Emaizeko arduradunak uste du generoen arteko aldea ez dela hain handia. «Neskek pribatuan aitortzen dute pornoa ikusten dutela. Baina seguru asko beste era bateko pornoa da, indarkeria gutxiago erakusten duena, erromantikoagoa eta samurragoa». Beste kontu bat da, haren esanetan, pornoa inolako sexu heziketarik gabe ikusteak antzeko «ondorio kaltegarriak» eragiten dituela mutiletan zein nesketan.

Azkar, doan eta erraz

Pornografiaren kontsumo goiztiar horretan teknologia berriek duten eraginaz ere ohartarazi du Marcosek: «Duela urte batzuk, gurasoen nolabaiteko kontrol bat zegoen Interneteko edukien gainean, baina, Internetek sakelako telefonoetara salto egin zuenetik, arazoa askoz gehiago katramilatu da. Inoiz ez da hain erraza izan eduki pornografikoak ikustea». Gazteak aro digitalean jaiotakoak dira, eta teknologia berriek aukera ematen diete pornografia azkar, doan eta erraz kontsumitzeko. Horretan jarri du fokua Arranzek: «Pornoaren kontsumoa eta Internet elkarrekin doaz; banaezinak dira». Gazteek sakelako telefonoetatik kontsumitzen dituzte nagusiki eduki pornografikoak —%90ek egiten dute horrela—, eta intimitatean betiere: «Bakar batek ere ez du pornoa ikusten bikotekidearekin».

Teknologiak ez du pornografia sortu, baina ukaezina da eskuragarriago egin duela. Irisgarriago, mugagabeago —bai edukietan, bai praktika moldeetan—, anonimoago eta interaktiboago. «Gazteen berezko ezaugarria da berehalakotasuna, baina teknologia digitalak izugarri ugaritu du hori», azaldu du Marcosek. Bat-batekotasunak ezaugarritzen ditu gaztetasuna eta teknologia berrien bidezko pornografia kontsumoa, baina harreman afektibo-sexualak egoki eraikitzeko «sosegua» ezinbestekoa da. «Gai honetan oso garrantzitsua da gazteek galga zapaltzea, gogoeta egiteko gelditzea, eta beren buruari galdera hau egitea: zer nahi dut benetan?».

Errealitatearekin arrakala

Pornoaren kontsumoa bainoago, kontsumitzen denari buruz nerabeek egiten duten interpretazioa da arazoa. Alegia, erreminta baino gehiago, baliabide hori nola erabiltzen den. «Jokabide arriskutsuak edo kaltegarriak ekar ditzake», ohartarazi du Arranzek. Izan ere, porno hegemonikoak erakusten dituen jarrerak eta balioak erabiltzen dituzte nerabeek beren fantasia sexualen iruditeria eraikitzeko. Pornoa eredu dute: inkestatuen erdiek uste dute «ideia berriak» aurki ditzaketela, beren erlazioetan proba ditzaketenak, eta aitortu dute ikusitakoa praktikara eraman nahiko luketela. Joera hori nabariagoa da mutilen artean. Haatik, gazteek erreferentziatzat hartzen dituzten eredu horiek, gehienetan, ez dira izaten «osasuntsuak» gerora eraikiko dituzten erlazioak errespetuan eta berdintasunean garatzeko. Arranzenak dira hitzak: «Sexu desira sortzeko prozesuan murgilduta daude, eta zimenduak egoera irrealen gainean eraikitzen ari dira».

Pornografia hegemonikoa erotikaren «zientzia fikzioa» dela nabarmendu du Marcosek. Fikziozko sexu harremanak erakusten dituela, gorputz irrealekiko harremanak, indarkeria azaleratzen dutenak, baimenik gabekoak eta desberdintasunean oinarritutakoak. Eta arriskutsua da nerabeek eredu hori hartzea sexurako erreferentzia gisa. Porno konbentzionala ez baitago heziketarako pentsatua. Ikusteko balio dezake, baina ez ikasteko, eta are gutxiago sexuan hezteko. Emaizeko arduraduna etsita mintzo da horrekin: «Oso tristea da sexuaz ikasteko erabiltzen duten liburua zientzia fikziozkoa izatea. Sexu heziketa Nacho Vidalen esku dago».

Horretan ere jarri du fokua Save the Childrenek, inkestaren emaitzekin kezkatuta. Handia da pornoaren eta errealitatearen arteko arrakala, eta arriskutsua izan daiteke pornografia «inspirazio iturri» gisa hartzea, Arranzek azpimarratu duenez. «Atentzioa ematen dit sei nerabetik batek errealitatearen eta fikzioaren arteko bereizketarik ez egiteak, eta pentsatzeak bere sexu desirak beste pertsona batek aseko dituela». Are kezkagarriago iritzi dio inkestaren beste datu honi: hamar gaztetik batek aitortu du bikotekideari baimenik ez diola eskatu pornoan ikusi duena imitatzen saiatu denean. «Oso bide arriskutsuetara eramaten gaitu baimenik gabe jokatzeak». Pornografiaren eraginez askotariko arrisku joerak izan daitezkeela uste du Arranzek, baina horietako bat azpimarratu du besteen gainetik: genero desberdintasuna. «Inkestatutako nesken %5ek pornografiara jotzen dute eurengandik zer espero den jakiteko. Izugarria da».

Sexu heziketa, gakoa

Adituak bat datoz: pornografia hegemonikoa ez da pedagogiko erabilgarria, eta gakoa sexu heziketan dago. Izan ere, inkestan parte hartu duten gazteen erdiek aitortu dute pornografiara jo dutela inguruan ez dutelako jaso sexuari eta afektibitateari buruzko informazio aski, eta hirutik batek aitortu du pornografia dela sexuaz jakiteko daukaten informazio iturri bakarra. «Haurren sexu desirek zimendu osasuntsuak eduki ditzaten, ezinbestekoa da heziketan inbertitzea», azaldu du Arranzek. Pornografia deabrutzeari utzi eta gazteei «bestelako material erotikoa» eskura jartzearen aldekoa da Emaizeko arduraduna: «Sexuaz hitz egitea normalizatu egin behar da».

Ildo horretan hainbat gomendio egin ditu Save the Childrenek txostenean. Administrazioei eskatu die onar dezatela Espainiako Kongresuan Haurrak eta Nerabeak babesteko Lege Organikoa, txerta ditzatela curriculumean afektibitatea eta sexu hezkuntza, eta programa gehiago abia ditzatela «jardunbide egokiak» lantzeko. Familientzat eta irakasleentzat sexu heziketarako baliabideak ere eskatu ditu. Horrez gain, nerabeei mezu bat bidali die Arranzek: «Etxean sexuaz modu irekian hitz egitera gonbidatzen ditugu, baita pornografiarekiko pentsamendu kritikoa izatera ere». Horrekin bat dator Marcos: «Pornografiak jartzen dizkien etxeko lanei baino, euren desirei erreparatu behar diete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.