Gaurtik aurrera, Hego Euskal Herriko 6 urtetik gorako pertsonentzat derrigorrezkoa da maskara erabiltzea «bi metroko distantzia gorde ezin daitekeen leku publiko guztietan, edo publikoari zabalik dagoen leku orotan». Espainiako Gobernuak atzo publikatu zuen agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean, eta, oraingoz, alarma egoerak iraun bitartean indarrean izango du neurria.
Madrilen arabera, frogatuta dago maskarek gaitza ez hedatzen laguntzen dutela. Arauak, ordea, zehazten du COVID-19a hedatzea eragozten duten gainontzeko osasun neurriak baliatzen jarraitu behar dela maskara jarrita izanagatik: segurtasun distantzia mantentzea eta eskuak garbitzea, besteak beste.
Neurriak, ordea, zalantza ugari sortu ditu herritarren artean. Asko izan ziren atzo farmazietara maskarak erostera jo zutenak, baita farmazialariei erabilerari eta lege berriari buruzko galderak egin zizkietenak ere. Zarauzko Zulaika farmaziako Iñaki Zulaikak baieztatu du etengabe ari direla galderak erantzuten: «Pentsa, zuri [kazetariari] azaltzen ari naizen guztia bezero bakoitzari azaltzen diot». Haren laguntzarekin, sortutako hainbat zalantzari erantzun die BERRIAk.
Noiz erabili behar da maskara aurrerantzean?
Kontrolatzeko erraza izango ez den arren, argi erantzuten du lege berriak: «Bi metroko distantzia gorde ezin daitekeen leku publiko guztietan, edo publikoari zabalik dagoen leku orotan». Adibidez, denda batean bakarrik dagoenak ez du zertan maskara jantzi, baina jende asko dagoela-eta bi metroko distantzia mantentzea ezinezkoa den kale batean, bai.
Pedro Sanchezen gobernuak igandean aurreratu zuen neurri hori; orain arte, garraio publikoan soilik zen derrigorrezkoa maskara erabiltzea. Atzo argitaratu zuen aginduan ez zuen zehaztu neurria betetzen ez duenak zer zigor izan dezakeen, baina orain arte bezala Herritarren Segurtasunerako Legea aplikatuko dutela dirudi: 100 eta 600 euro bitartekoak izan daitezke zigorrak.
Zer maskaraerabili behar da?
Madrilek igorritako aginduaren arabera, «ahal izanez gero» maskarek higienikoak edo terapeutikoak izan beharko dute, eta ahoa eta sudurra estali beharko dute. Maskara janztea, ordea, ez da derrigorrezkoa izango zenbait ekintzatarako, «haien izaeragatik»; esate baterako, jateko eta edateko kendu ahal izango da.
Zulaikak bi maskara mota ditu salgai farmazian: kirurgikoak eta profesionalak —FFP2 motakoak, balbula gabeak—. Bakoitzak zertarako balio duen azaldu du: «Kirurgikoek ez dute jantzia duena babesten, baina bai ingurukoak. Jantziz gero, ez duzu kutsatzen. Balbularik gabeko FFP2 maskarek bai, jantzita daramana babesteko balio dute, baita kutsatzeak saihesteko ere; beraz, hori da onena, oraingoz».
Etxean egindako maskarak erabil daitezke, baina Espainiako Gobernuak ezarritako baldintzak betetzen badituzte soilik: erabilitako ehunak gutxienez airearen %90 iragaztea, adibidez.
Zenbat aldizerabil daiteke?
Zulaikaren ustez, hor dago gakoa. Maskara kirurgikoak iraun dezakeenari buruz hainbat iritzi dauden arren, lau-sei orduz erabil daitekeela diote gehienek. Zulaikak argitu du, ordea, «hezetasunak bustitzen badu» ez duela balio: «Lekuaren arabera, nahikoa da hamar minutuz edukitzea; ez dakizu kutsadura dagoen edo ez, eta, orduan, ezin duzu ziurtatu berriz jantzi dezakezunik. Nork daki? Ez da matematika».
Legedi berriak maskara kirurgikoei ematen zaien erabileran eragin dezakeela uste du: «Azken egunetan, maskarak ez dira ordu askoz jarraian erabili; asko jota, ordubetez edo bi orduz, erosketak-eta egiteko. Kasu horretan, jende gutxirekin gurutzatu bazara, posible da berriz erabiltzea zintzilikatu eta lehortzen utzi ondoren». Maskara, adibidez, ospitalera joateko erabili bada, etxera iritsi bezain pronto zaborretara botatzea gomendatu du farmazialariak.
Erabat ezberdina da FFP2 maskarek duten erabilgarritasuna. Maskara horiek ezin dira garbitu, baina bai esterilizatu; modurik errazena, etxeko labean ordu erdiz 70 graduan mantenduta. Halere, asko jota 20 aldiz erabiltzea gomendatzen dute adituek.
Hornikuntzak gora egin duela eta, jaso dituzten azken irizpideek maskarak labean ez sartzea gomendatzen dutela ere azaldu du Zulaikak, «horrek ehunari kalte egiten diolako». Orain, sistemarik eraginkorrena etxean bost maskara izan eta haiek txandakatzen jardutea dela diote: «Egun bakoitzean bat erabili, eta, bitartean, besteak lau egunez bakartuta izatea. Arropa dendetan jantziekin egiten ari diren moduan». Metodo hori garestia ez ote den galdetuta, zalantzak ditu farmazialariak: «Posible da kirurgikoak erosten jardutea baino merkeagoa izatea; hori norberak ikusi behar du».
Zenbat balio dute?
Zulaikaren farmazian 0,96 euro balio dute maskara kirurgikoek—Madrilek ezarri zuen gehienezko prezio hori—, eta zazpi euro FFP2 motakoek. Dena den, «lehia geroz eta handiagoa denez», uste du prezioak jaitsi egingo direla bost edo sei eurora. «Prezio horiekin, guk %20 eta %25 arteko irabazi marjina dugu; ez da asko». Pandemiaren hasieran, irabazirik lortu gabe jardun zuten maskarak saltzen.
Horri dagokionez, erakundeen jarrera kritikatu du: «Politikariek aurpegia garbitu nahi izan dutela dirudi». Azaldu duenez, Hego Euskal Herrian maskarak bi egunetan soilik eman dituzte dohainik: garraio publikoen sarreretan banatu zituztenean. Gainera, maskarak erabiltzera behartu arren, haien gaineko zergak mantentzea ere gaitzetsi du: «Premia biziko gaia baldin bada, zergatik ordaindu behar dugu %21eko BEZa?».
Maskara nahikoaba al dago?
Espainiako Gobernuaren neurri berriak eragina izan du farmazien hornikuntzan. Atzo etengabeak izan ziren maskarak erostera zihoazenen sartu-irtenak, eta nahi adina eros ditzake bakoitzak. Nabarmen handitu da eskaera, «bereziki, negozioak dituen jendearen partetik».
Zulaikak ere izan zuen ezohiko zailtasunen bat atzo: «Goizean eskatu ditut batzuk, eta bazeuden, baina eguerdian egin dut beste eskari bat, eta horiek ez dizkidate bidali». Horrek ez du kezkatzen, ordea, erabakia farmazien eskariak orekatzeko hartuko zutela uste baitu: «Orain arte ez dut arazorik izan, baina frenoa jarri dutela dirudi».
Kalera maskararekin irten behar da?
Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendariak badaezpada maskararekin irteteko gomendatu zuen herenegun, poltsikoan bada ere. «Etxetik irteterakoan zaila da zer aurkituko dugun aurreikustea».
Maskarak gordetzeko poltsa hermetikoak dira pandemiaren inguruko produktuetan azkenak. Zulaikak erabil daitezkeela uste du, baina ez die zentzu handirik ikusten: «Maskara han sar dezakezu, eta berriz behar duzunean atera, baina poltsa horiek ere erabili eta berriz bota behar dira».
Argi du maskarak ez direla konponbide bakarra: «Azken finean, distantziak mantentzen eta eskuak garbitzen jarraitzea da gakoa».
Koronabirusa
Gaurtik aurrera maskara derrigorrez erabili beharko da Hego Euskal Herrian
Bi metroko distantzia gorde ezin daitekeen leku publikoetan ezinbestekoa izango da, alarma egoerak iraun bitartean. Neurriak maskaren erabilerari buruzko zalantzak sortu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu