Independentzia deklarazioak eta 155.aren aplikazioak jendetza bozkatzera bideratu du, parte hartze historikoa izan baitzen atzokoa —%84—, baina egoera beretsuan geratu da Kataluniako legebiltzarra, eta bi aldeen arteko pultsuan subiranistak izan dira garaile legebiltzarrean: ERCk, JPCk eta CUPek gehiengo osoari eutsi diote, 2015ean lortutako bi eserleku gutxiagorekin: 70 dituzte orain. Botoen batez bestekoan, berriz, mantendu egin dira (%47, 55). Duela bi urte 1.966.508 boto jaso zituzten, eta atzo 2.046.000 (%98,8 zenbatuta). Unionistek, berriz, 254.000 boto irabazi dituzte, eta horietatik gehienak Ciutadansek bereganatu ditu —guztira 1.868.204 dituzte—.
Independentistei aurre egiteko boto erabilgarriaren onuradun nagusia izan baita Ines Arrimadasen alderdia: 25 eserlekutik 37ra igo da. Parte hartze handiak eman dizkion botoez gain, PPCren asko eta asko haren aldera erori dira —erdiak galdu ditu Mariano Rajoyren alderdiak—, eta PSCk ere ez du espero bezainbesteko igoera izan (eserleku bat gehiago lortu du). Oro har, 155.aren aplikazioaren alde agertu zirenen indarra handitu egin da legebiltzarrean: 52tik 57ra igaro dira eserlekuetan (botoen %43,5 dauzkate orain), baina horiek elkarri laguntza ematea erabakiko balute ere, ez lukete gehiengo osorik lortuko. Beraz, legebiltzarrak duela bi urteko antzeko marrazkia du. Agertoki konplexua, edozein kasutan.
Puigdemonten arrakasta
Beste albisteetako bat Junts Per Catalunya izan da. ERCren aurretik geratu da, ozta-ozta bada ere. PDCati emaitza kaxkarrak ematen zizkioten kanpainan, baina Carles Puigdemontek JPC zerrenda zabala sortu, eta hautagai izatea erabaki zuenetik indarra hartuz joan da apurka. Bruselatik batasunaren alde egindako kanpaina ondo atera zaio, eta ERCk ez du lortu independentisten gidaritza, nahiz eta 2014tik inkesta guztiek ematen zioten garaipena. JPC eta ERCren artean duela bi urteko Junts Pel Siren goitik geratu dira, eta botoak erdibanatu dituzte.
Unionisten eta subiranisten arteko polarizazio horretan, berriz, galtzaile nagusia PPC izan da, paradoxikoki, Kataluniako Gobernua bereganatu eta 155a aplikatzea erabaki zuen alderdia, baina beste aldean, CUP ere ez da batere ondo atera, botoen erdiekin geratu baita. Catalunya En Comu-Podemek ere indarra galdu du: 2015ean Catalunya Si Que Es Pot markarekin 11 diputatu zituen, eta orain, berriz, zortzi. Legebiltzar berrian giltza izango zirela uste zuten, baina ez dira ezinbestekoak.
2015eko emaitzekin konparatuta, orduko mapa politikoa errepikatu da. Bartzelona eta haren inguruko herrietan jaso du babes gehien Ciutadansek, Gerriko Gorrian. Tarragones eskualdean, Lleida hiriburuan eta Aran ibarrean ere aise nagusitu da. Orduko hartan, Bartzelonako probintzian Junts Pel Sik irabazi zuen, ERCk eta CiUk batera. Botoen %36, 09 eskuratu zituzten. Orain JPCk %19 eta ERCk %20,6 jaso dituzte, alegia %3 gehiago. Ciutadansek, aldiz, %18 jaso zituen, eta atzo %26,5. PSC %13,69tik %15,2ra igo da. Bartzelonan independentistek guztira %43, 9 lortu dituzte, eta unionistek % 46,2. Gainerako probintzietan, Gironan independentistek %63 jaso dituzte, eta unionistek %30,9. Lleidan, %64,2 eta %30,5 hurrenez hurren, eta Tarragonan %49,5 eta %43,7.
Etorkizun zaila
Katalunian bizi den giro gaiztotuak ez du inor ikutu gabe utzi. Hori da egin daitekeen beste irakurketa bat, eta polarizatuta dagoen gizartean gobernatzea ere zaila izango da. ERC, JPS eta CUPek ezinbestean saiatu beharko dute elkar ulertzen, nahiz eta harremanak ukituta utzi dituen independentzia deklarazioa bitarteko prozesuak, eta 155aren ondorioak latzak dira. Aurrez aurre, ordea, unionistak dituzte, eta akordiorik ezean hilabete batzuetara beste hauteskunde batzuen arriskua ere egon liteke. Urtarrilaren 23ra arteko epea edukiko dute legebiltzarra osatzeko, eta hamar egun izango ditu legebiltzarreko presidenteak Kataluniako presidentea izango den hautagaia aurkezteko. Otsailaren 6rako aukeratua behar luke, eta lehenengoan ateratzen ez bada, bi egunera beste bozketa bat egingo dute. Hortik aurrera, gehienez, bi hilabeteko epea egongo da hautagai bat onartzeko. Oriol Junquerasekin eta Carles Puigdemontekin zer gertatuko den izango da orain galdera ikurretako bat.
Kataluniako hauteskundeak. Emaitzak
Gehiengo osoari eutsi diote
Independentistek 70 eserleku lortu dituzte, eta unionistek 57. Ines Arrimadasen Ciutadans izan da garaile, 37 legebiltzarkide lortuta. Puigdemonten JPC Junquerasen ERCren aurretik geratu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu