Euskal literatura izan zena eta izan zitekeena

Aurten 25 urte bete dira Nafarroako Kutxak Joannes Leizarragaren 'Testamentu Berria'-ren ale bat erosi zuenetik. Adituek behin eta berriz nabarmendu dute lan hark euskal letretan izan zuen garrantzia.

Inigo Astiz
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Batzuetan gertatzen da: denbora tarte txiki batean, intentsitate oso ezberdinez gurutzatzen du historiaren emariak objektu bera bi aldiz. Eta hori da Joannes Leizarragaren Testamentu Berria-ren kasua. 1995ean, 33 milioi pezetako salneurria (198.000 euro inguru) jo zuen haren lehen argitalpenaren ale batek Londresko Christie's enkante etxean, Antso Azkarra fundazioaren eta Nafarroako Kutxaren artean izandako lehiaren ondorioz. Finantza erakundeak eskuratu zuen azkenean, eta titularretara heldu zen albistea, orain dela justu 25 urte. Handik hamabi urtera, ordea, 2007an, erosle bakar bat ere agertu ez zela ikusita, Londresko Sotheby's etxeak bertan behera utzi behar izan zuen Leizarragaren beste 1571ko ale baten enkantea, 28.500 euroko salneurrian. Albistearen berri izatean, Euskaltzaindia berehala jarri zen harremanetan enkante etxearekin, eta hurrengo urtean erosi zuen liburua. Baina azken kapituluak baino ez dira horiek, bestela ere sorreratik beretik paradoxaz beteta dagoen liburu baten historian.

Euskal literaturaren sorrera monumentu bat da Leizarragaren lana: euskara batu eta jaso bat sortzeko lehen ahalegina, euskal itzulpengintzaren abiapuntu sendoenetako bat, eta Bernat Etxepareren Linguae vasconum primitiae obraren ondoren kontserbatu diren euskarazko argitalpenik zaharrenetan bigarrena. Joana III. Albretekoa Nafarroako erreginaren aginduz heldu zitzaion Leizarragari Itun Berria eta beste hainbat testu erlijioso euskaratzeko enkargua, eta eskari haren emaitza dira Arroxelan (Frantzia) argitaratutako Jesus Krist gure Jaunaren Testamentu Berria. Harekin batera, beste hainbat liburu ere argitaratu zituen, gainera.

Hamabi ale, guztira

Protestantismoa hedatzen ari zen Europan, eta fede berrirako testuak behar zirelako egin zion enkargua Nafarroako erregina protestanteak itzultzaileari. Liburua argitaratu eta gutxira hasi zen protestanteen eta katolikoen arteko gudua, ordea, eta, kontrarreformarekin, denbora luzerako eten zen Leizarragak abiatutako joera jaso eta batuzalea.

Julien Vinsonek egindako ikerketaren arabera, Testamentu Berria-ren 26 ale zeuden 1907an, baina hamabi besterik ez dira geratzen egun, Pruden Gartzia euskaltzain urgazle eta Euskaltzaindiko Azkue Bibliotekako eta Artxiboko zuzendariak 2008an egindako kontaketaren arabera. Nafarroako Kutxak berea Nafarroako Gobernuaren esku utzi zuen 2014an, eta Euskaltzaindiak 2008an erositakoa erakundearen Bilboko egoitza nagusian dago. Edonola ere, erraz topa daitezke sarean haren kopia digitalizatuak, eta eskura daude obrari buruzko adituen hamaika ohar eta iruzkin ere.

Auñamendi entziklopedian, esaterako,bide itxi baterako norabidea erakusten duen ate baten gisa irudikatzen du Leizarragaren lana Ur Apalategi ikertzaileak. «Protestantismoak nagusitu den bazter guztietan sustatu duen irakurketa indibidualaren praktika hemen ere hedatu eta demokratizatu balitz, ziur egon gaitezke gure literaturaren bilakaera historikoa hagitz ezberdina izango zatekeela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.