Momentu eta egoera guztietan behar du zaila bakarrik egoteak, aukeratua ez bada. Baina are gehiago egunotan, zeinetan senideek elkartzera jotzen duten bazkari, afari eta agendan gorriz markaturiko egunetan. Eta kuadrillek edo lagun taldeek kaleko besta, kalejira eta ospakizunetan. Bertzeen taldetasunak egiten du norbere bakardadea are bakarragoa. Norekin bazkalduko duzu? Nork ekarriko dizkizu opariak? Eta norekin ernatuko zara irekitzeko?
Gure herrian bada gabon gaueko afaria bakarrik ospatu duenik, afaldu badu. Eta eguberri eguna. Eta urtezahar gaua ere halaxe pasatuko du. Erregeak ere, ospatzen baditu. Izanen dira bat baino gehiago: familiako kideekin haserre daudelako, ez dutelako deus jakin nahi halako ospakizunez, laneko txanda egokitu zaielako… Baina badira batzuk, inork baino gutxiago aukeratu dutenak: preso eta bakarrik dauzkatelako. Alegia, bakartuta. Eta horregatik gogoratzen ditugu egunotan manifestazio eta ekitaldietan, inoiz eta inork baino gehiago.
Irudikatu zeure burua Euskal Herritik 800 kilometrora dagoen espetxe bateko ziega hotz batean, egun hauetan. Momentu eta egoera guztietan behar du zaila bakarrik egoteak, baina baldintza eta egun horietan, are gehiago. Eta gure herrian bada bat: modulu kidea mugitu ziotelako duela hilabete batzuk, eta euskaldun eta preso politiko bakarra delako orain bere taldean. Baina egonen dira gehiago arrazoi berengatik. Edo bertze kideak hurbildu dituztelako eta bera ez. Edo gainera larriki eri daudenak eta arta fundamentuzkorik gabe.
Zaila eta gogorra behar du, baina ez dut uste hori agindu dutenak egoera berean egonen direnik. Ezta hurrik eman ere. Eta agian merezi lukete istant batez probatzea, momentu eta egoera guztietan behar duelako zaila bakarrik egoteak, baina are gehiago horretara behartu bazaituzte, ez oinarri juridiko ez politikorik gabe. Are gutxiago humanoa.
LARREPETIT
Bakarrik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu