ERDIEROALEEN GERRA HOTZEAN

Asiarekiko menpekotasuna murrizteko, mikrotxipen produkzio propioa bultzatuko dute AEBek, 53.000 milioi dolarrekin, eta Txinari murrizketa gehiago jarri dizkiote. Taiwanen dago munduko mikrotxip produkzioaren erdia baino gehiago, eta horrek Mendebaldearen babesa bermatu dio azken urteetan.

ERDIEROALEEN GERRA HOTZEAN.
inaut matauko rada
2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Joe Bidenen administrazioak Amerikako Estatu Batuetako mikrotxipen hornidura bermatu nahi du datozen hamarkadetarako, baita Txinari punta-puntako mikrotxipak fabrikatzeko ahalmena oztopatu ere. Hori dela eta, azken hilabeteetan bi neurri garrantzitsu hartu ditu Washingtonek. Abuztuan iragarri zuen Bidenek 52.700 milioi dolar erabiliko zituela AEBetan mikrotxipen produkzioa bultzatzeko; izan ere, egun munduan erdieroale gehien fabrikatzen dituzten herrialdeak Taiwan eta Hego Korea dira.

Ikusi gehiago:«Mikrotxip batek bi hilabete eman ditzake produkzio lerroan»

Bestalde, Txinari murrizketak jarri dizkio AEBetako gobernuak, eta, hala, mikrotxip aurreratuenak lortzeko eta sortzeko aukerak murriztu dizkio Asiako herrialdeari. Neurri hori urrian hartu zuen AEBetako Merkataritza Ganberak.

Lehenik eta behin, AEBetako teknologiarekin fabrikatutako mikrotxipik aurreratuenak —adimen artifizialerako, superkonputaziorako eta superordenagailuetarako erabiltzen direnak— Txinara esportatzeko lizentzia berezia beharko da. Bestalde, AEBetako herritarrek eta enpresek ezingo dute lan egin txipak egiten dituzten Txinako enpresekin, baimen berezirik ez badute. Azkenik, txipak fabrikatzeko tresnak eta teknologia Txinara esportatzea debekatu du Bidenek.

Murrizketa horiek eragina dute jada mikrotxipen merkatuan. Taiwango TSMC —Taiwan Semiconductor Manufacturing Company— galdategiak, munduko mikrotxip fabrikatzaile handienak, Biren Technology Txinako enpresarentzako produktuak fabrikatzeari utzi dio, esaterako. Hala ere, TSMCk urtebeteko lizentzia lortu du txipak fabrikatzeko AEBetako tresnak Nanjingo (Txina) lantegira inportatzeko.

Wall Street Journal-en arabera, 43 estatubatuar daude Txinako mikrotxip enpresetako goi karguetan. Lanean jarraitzeko lizentzia lortzeko, langileek justifikatu beharko dute beren jarduna ez dela erabilera militarreko ekipamendua fabrikatzeko.

Lizentziaren behar horrek jada betoa duten beste sektore batzuetako langileekin parekatzen ditu mikrotxip konpainietako langileak: arma enpresetakoekin eta teknologia nuklearra garatzen duten enpresetakoekin, esaterako. Horrek agerian uzten du mikrotxipen merkatuak zenbateko garrantzia duen egungo nazioarteko harremanetan.

Siliziozko ezkutua

Mikrotxipen gudu zelaian, Taiwanek du posizio onena. Trendforce erdieroaleen merkatuaren ikerketa taldearen arabera, munduko salmenten %64 biltzen du Suitzaren tamaina duen herrialde horrek, enpresa batengatik bereziki: TSMC. Merkatuaren jaun eta jabe bihurtu da TSMC, munduko salmenten %53 bereganatuz. UMC, PSMC eta VIS dira herrialdeko beste enpresa fabrikatzaileak, %7ko, %2ko eta %2ko merkatu kuotarekin, hurrenez hurren.

Gaur egun hain garrantzitsua den industria batean horrenbesteko zama izateak baditu alde onak. Lehenik eta behin, herrialde aberatsenen artean dago Taiwan; Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, BPG per capita handiena duten herrialdeetan hamabigarrena da, Herbehereekin berdinduta. Bestalde, industria teknologiko berebizikoa duten herrialdeentzat, AEBentzat esaterako, bazkide estrategikoa da Taiwan. Horrek nolabaiteko babesa edo bermea eman dio herrialdeari. Babes hori oso garrantzitsua da Taipeirentzat, 1949tik gatazkan baitago Txinarekin, 60 aldiz biztanle gehiago duen herrialdearekin.

Hainbat aditurentzat, mikrotxipen industria hain aurreratua izateak lagundu egingo lioke Taipeiri siliziozko ezkutu bat izaten —silicon shield ingelesez— Pekinek eraso egingo balio. Aliatuak lortzeko ez ezik, Txinaren aurkako disuasio elementu izateko ere funtzionatzen du, Taiwani erasotzeak ere min handia egingo bailioke Txinako ekonomiari, hein handi batean Taiwango enpresei erosten baitizkiete mikrotxipak.

Hala ere, babes hori AEBen interesekin kontraesanean sartzen hasi da. Izan ere, Txinari mikrotxipak fabrikatzea oztopatzeaz gain, Washingtonek Asiako herrialdearekiko menpekotasuna txikitu nahi du erdieroaleen industrian, eta TSMCren kalterako izan daiteke hori. Merkatu guztietan bezeroak izatea da Taiwango enpresaren arrakastaren muina.

Mendebaldea martxan

Mikrotxipen fabrikazio merkatuan galdutako garrantzia berreskuratzeko asmotan, Washingtonek 52.700 milioi dolarreko inbertsioa egingo du txip aurreratuenak fabrikatzeko plantak hobetzeko eta berriak sortzeko. Legea, CHIPS and Science Act izenekoa, Ordezkarien Ganberak eta Senatuak onartu du, Alderdi Errepublikanoaren eta Demokrataren aldeko botoekin. Hortik 39.000 milioi dolar «fabrikazioa sustatzeko» erabiliko dituzte; 13.000 milioi, I+G ikerketa eta garapenerako; eta 2.000 milioi, «defentsa sistemetan eta automobiletan» erabiltzen diren eta jada diseinatuta dauden txipak egiteko.

Horrez gain, Etxe Zuriak iragarri zuen hainbat enpresak guztira 50.000 milioi dolar inbertituko dituztela «erdieroale estatubatuarrak» fabrikatzeko. Prentsa oharraren arabera, Biden presidente denetik, enpresek guztira 150.000 milioi dolar inbertitu dituzte mikrotxipen fabrikazioa garatzeko. Micron Technologyk 40.000 milioi dolarrekin memoria mikrotxipak egitea bultzatuko du.

Europak ere aurrerapauso bat eman nahi du, eta, horretarako, Txipen Legea onartu zuen Europako Batzordeak otsailean. Haien datuen arabera, 2020an munduan egin ziren mikrotxipen %10 bakarrik fabrikatu ziren Europan, eta 2030erako %20ra igo nahi dute merkatu kuota hori.

Lege horrekin 43.000 milioi euroko gastu publiko eta pribatua egingo dutela iragarri zuen Europako Batasunak, epe ertaineko zein luzeko ekoizpen helburuak lortzeko. Gastu horretatik 30.000 milioi euro estatu kideek jada planeatuak zituzten proiektuei dagozkie, eta herrialdeek, aurrekontu komunitarioek eta Next Generation EU funtsek finantzatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.