Haur eta gazteen osasun mentala pandemian. Baliabideak

«Terapia gehiagoren hutsa sentitzen dut»

Buruko eritasunen bat duten nerabeen artaren hutsuneak lehen pertsonan azaldu ditu Erika Rio gazteak: baliabideen urria, eta helduaroan sartzeko prozesu malkartsuegia.

Nekane Azuabarrena psikologoa, Erika Rio, eta haren ama, Diana Subijana. FOKU /MAIALEN ANDRES.
arantxa iraola
2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun

Bullying-arekin lotutako oroitzapenen arantzak, eta barruko egonezinaren lehenbiziko sintomak. Erika Riok (Donostia, 2003) biak uztartzen ditu buruko gaixotasunarekin duen erlazioa azaltzeko orduan. Usu ezkutatzera egiten den beste kontu asko datoz ondorenean. Psikologo eta psikiatrekin egindako kontsultak, bere burua zauritzeko ahaleginak, unitate psikiatrikoetan egindako egonaldiak, eskolako martxari jarraitzeko nekeak, harreman korapilatsuak, elikadurarekin izandako nahasmenduak... Gaitzak zedarritutako haurtzaro eta nerabezaro baten ondorioa izan dira guztiak, eta gordindu egin ditu halakoei aurre egiteko behar adinako sendotasuna ez duen sistema batek. 18 urte ditu orain, eta solas argia du, joria, adoretsua, eskuzabala; besarkada bat da ia. Diana Subijana du ama (1971, Donostia); haren eta Gipuzkoako buruko erien eta senideen elkarte Agifaseko Nekane Azuabarrenaren (1973, Donostia) ondoan hartu du hitza.


Profesional pribatuekin izan ziren lehenengo kontsultak, 11-12 urte zituenean. Ezinegonaren sintomak ez ziren baretzen, ordea, eta osasun sistema publikoan sartu zuten gero, Osakidetzan, haur eta nerabeentzako buruko osasuneko artan. «Han, psikologo bat eta psikiatra bat jarri zizkidaten. Psikologoarekin astean bitan egoten nintzen; psikiatrarekin, astean behin-edo». Bidea egiten laguntzeko heldulekuak izan ziren, eta diagnostikoa doitu zuten. «Depresioa nuela bagenekien, baina gauza gehiago ere atera ziren». Amak gogoan ditu lehen urte haietako nekeak. «Aurretik ere barnerakoia zen, eta bullying-arekin areagotu egin zen hori: barnerakoiagoa bihurtu zen, bere buruarekiko exijentzia oso handikoa, eta oso isila zen. Asko kostatu zitzaion, esate baterako, eskolan arazoak zituela kontatzen hastea».

Ama-alabek: biek nabarmendu nahi dituzte eskolan pairatutakoak. «Eskolan? Gaizki. Hasieratik», adierazi du Riok. Ume-umetako oroitzapenak bakarrik dira onak: «Haur Hezkuntzan, ondo. Txikia nintzen». LHn hasi zen «jazarpena». DBHn, amesgaiztoa korapilatu egin zen. Biribil batean oroitzen du bere burua, gainerako ikaskideek inguratuta, soinketako eskola batean. Salaketa eta dena jarri zuten: «Izan ere, hori ikasgela batean gertatu zen. Irakasleek adi egon behar dute halakoekin, eta nire kasuan ez ziren egon». Kritikoa da ama ere, eta haurraren patologiaren zioa hura izan ez bazen ere, gaitza «lehertzeko» erabakigarria izan zela uste du: «Eta ez dakit ez den askorik begiratzen, edo pasatuko dela pentsatzen duten. Esaten dizute: 'Ez da ezer gertatzen'. Edo: 'Zenbaitetan, horrela jolasten dira'». Baina alabarentzat ez zen edonolako arazoa: «Ikusten nuen ez zegoela ondo».

Adin nagusitasunera

«18 urte bete nituenean, dena aldatu zen». Ez du aspaldi konplitua adin nagusitasuna ematen duen adina Riok; egun hartan harresi garaiagoen artean itxi zutela sentitu zuen. Haur eta nerabeentzako artatik atera zuen Osakidetzak. Arretan aldaketak dakartza horrek, eta egun batetik bestera egiten direla deitoratu du. «Oso derrepentean egiten da aldaketa, eta sentitzen duzu zerbait falta zaizula». Uste du «gutxinaka» egin beharko litzatekeela. Edo areago, haur eta nerabetan duten artaren zenbait ezaugarrik lehengoan jarraitu behar luketela gero ere. «Nik ez dut ulertzen, adibidez, 17 urte eta erdirekin astean bi saio izatea psikologoarekin, eta bat-batean bi astean behin egotea, edota hilabetean behin», nabarmendu du: «Terapia gehiagoren hutsa sentitzen dut». Azuabarrena bat dator kritikaren funtsarekin. «Oso gutxi da, eta profesional oso gutxi daude. Ez dira iristen. Esaten diegu gazte eta umeek arreta gehiago behar dutela, baina ez dira iristen», azaldu du. «Lantaldeak oso eskasak dira. Ez dituzte indartu; pandemia baino lehen gaizki zegoen egoera, eta halaxe jarraitu du». Arazoak askotarikoak dira, eta ugariak. «Pandemiak arazo pila bat azaleratu ditu». Esnatu egin dituela esan daiteke: «Izan ere, aurretik ere bazeuden».

Bat dator ama alabaren arranguran: «Helduetarako jauzia oso azkarra da, hilabete eta erdi edo bi hilabeteko kontua». Igarri du alabak jasotzen duen artan. «Guk, adibidez, zorte handia izan genuen adingabea zela artatu zuen terapeutarekin: asko inplikatu zen. Astean bitan ikusten zuen, eta, zerbait behar bazuen, telefonoz hots egiten genion». Orain dena «hotzagoa» da. «Telefonoz deitzen duzunean ere, zenbaitetan suertea duzu, eta lehenengoan hartzen dizute. Beste hainbatetan, denbora luzea egiten dugu, eta ez dugu modurik». Familientzat ere aldaketa oso malkartsua dela adierazi du. Aurrean harresi bat eraiki diotela sentitu du berak ere. «Izan ere, guraso moduan, ja ezin dut ezertan esku hartu», azaldu du. «Hori halaxe irudikatzen duzu aurrez ere; 18 urte dira, heldua da». Baina harremanetarako bideak asmatu beharko liratekeela iruditzen zaio: «24 ordu lehenagora arte, denari buruzko informazioa ematen zitzaidan, denari buruzko iritzia eskatzen zitzaidan. Orain ja ezin naiz kontsultetan sartu, ez dut feedbackik... Azken ospitaleratzea izan zuenean, izan zen soilik esateko bera horren eskean ari zela».

Ospitaleratzea. Amak aipatu du hitza. Gaixotasun askok dute ezaugarri, eritasuna larriagotzen denean, gaixoak ospitaleratu beharra. Eta duen buruko gaitzaren ondorioz behin baino gehiagotan egon da ospitaleratuta Rio; Gipuzkoako haur eta nerabeentzako zentroan hainbatetan, eta helduentzakoan azken ospitaleratzean. Alde handia sentitu du hor ere. Profesionalen gertutasunean, adibidez: «Ume eta nerabeen zentroan, gela guztiek dute botoi bat deitzeko, gaizki zeudenerako-edo. Deitzen duzunean, bi minututan hor daude. Ja handien tokian zaudenean, deitu eta deitu aritu zaitezke, eta igual ordu eta erdi pasatuta agertuko zaizu norbait». Profesionalek eskaintzen dieten astian ere amildegia sentitu du: «Umeen gunean, psikiatrarekin denbora pila bat egoten ginen. Handien psikiatrikoan, igual hamabost minutu, edo gutxiago».

Paziente askorekin batera

Zentroen neurrian eta itxuran ere, aldea handia da. Bederatzi pazienteko zentro batean egoten zen nerabetan. «Handienean, igual bagara 50 paziente». Hasieran paziente berrientzako gune batera eraman zutela esan du, babestu zutela, baina gero ja oso bestelakoa izan zela egoera. Ezin du ahantzi han ikusi zuena: «Areto batean lau mahai dira, luze-luzeak; eta kanpoan, gero, patioa dago: kartzelako patioa ematen du. Pertsona guztiak han, biribilean, oinez... Izan ere, ez dago lekurik! Bazkaltzerakoan ere, berdin; langileak orga batzuekin ibiltzen dira, erretiluak jasotzeko-eta. Eta igual janaria botatzen duzu, eta ez dute ikusten. Ez dira ondotik pasatzen. Pilulak ere ematen dizkizute, eta agian galdetzen badiezu zer den, ez dakizulako zer ematen ari zaizkizun, esaten dizute: 'Hitz egin gero zure psikiatrarekin'».

Ondorioak izan zituen horrek: «Oso gaizki pasatu nuen. Egunero negarrez. Banekien aldaketa handia zegoela, baina horrenbesterainokoa ez nuen pentsatzen». Iltzatua du amak ere irudia: «Patioan 50 pertsona, zer egin ez dakitela». 18 urte bete orduko eriei ezartzen dieten aldaketaren laztasunarekin ere kritikoa da Azuabarrena: «Izugarria da».

Etxean ikasten

Gaitzaren eboluzioa zela medio, eskola asko galdu zituen bolada batean Riok, eta etxean ikasteko programan sartzeko era eman zioten. Horren barruan lortu zuen Batxilergoko ikasgai gehienak gainditzea. «Hitz egin nuen psikiatrarekin, eta esan zidaten etxez etxeko proiektuan sar nintekeela... Etortzen dira bizpahiru irakasle, bakoitzak bere gaiak ematen ditu, eta jartzen dira harremanetan eskolako irakasleekin...». Oso mesedegarria izan zela esan du. «Arnasa hartu nuen». Ez zen eskolara joateko gai garai hartan.«Ikasgelan igual 35 pertsona zeuden. Hori niretzat arazo bat zen». Amak ere arnasa hartu zuela esan du. Izan ere, eskolan alabaren diagnostikoaren gaineko ezjakintasuna ere sarri harresi bat izan zela esan du. «Oro har, ez da ulertzen. Esplikatzen saiatzen zara, baina ez da ulertzen. Nik daukadan sentipena da hezkuntza sistemak esaten duela: 'Zuk eskola batzuetara etortzeko betebeharra duzu. Era jakin batean portatzekoa'. Sistemaren barruan sartu behar duzu». Izan dituzte profesional «zoragarriak» bidean, baina deus ulertzen ez dutenak ere bai: «Tutore batek maiz-maiz galdetzen zidan: 'Baina noiz itzuliko da eskolara?'. Eta nik azaldu behar izaten nion ez zela itzuliko, ezin zela itzuli, ez zuela behar adinako indarrik horretarako». Eskolatik kanpo ere, halako mezuak askotan ez dira ulertzen, esan duenez. «Estigma handia dago.Gure inguru hurbilenean ere bai, sarri askotan. Nik hauxe azaltzen diet familiakoei, adiskideei, eta zaila da ulertzen... Eta askotan esaten diezu: 'Ez dut nahi ulertzerik. Entzutea besterik ez dut nahi'. Entzutea, eta nik esandakorik ez epaitzea. Baina zaila da».

Gaiaz hitz egitea giltzarri dela adierazi du Agifaseko psikologoak ere, eta hitza eman behar zaiela gazteei. «Arreta osoa eman behar zaie, eta gazteari galdetu behar zaio zer arreta behar duen, zeren eta gazteari ez zaio galdetzen». Bat dator Rio:«Zergatik egiten ditugu sexologia ikastaroak, eta ez buruko arazoei buruzkoak? Eta gero esaten dizute halako gaitz bat duzula, eta ez dakizu zer den. Edota gero jendeari esaten diozu halako nahasmendu bat duzula, eta ez daki zer egin, nola lagundu, nola minik ez eman».

Eritasunak lanak ematen dizkio, baina aurrera ari da, Batxilergoa urrutira bukatzeko programa batean izena emanda dago. «Niri pila bat gustatzen zait ikastea». Ondo moldatzen da: «zientzia» du gogokoen. Lan babesturako ateak-eta irekitze aldera, desgaitasun maila bat administratiboki onartua du, aritua da lanean, baina ez du inolako aterik ixten. Orain, programazioari buruzko ikastaro batean ari da. «Oso-oso gustura; irteera asko dituela esan didate». Badu plan gehiago ere. «Gidabaimena ateratzea, adibidez». 18 urte ditu, ate denak irekitzeko dauden edade hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.