Mugak Zabalduz karabana. Ekialdeko Alpeetako muga

«Jende asko dabil mendian, herrialde askotakoak»

Italian, mugatik hurbil dagoen aterpetxeetako bat da Fraternita Massi. Bertan babes hartzen duten migratzaileak iluntzeko zain egoten dira, gauez mendia gurutzatzeko eta Frantziara sartzeko. Migrazio bide luzeez mintzatu dira.

Youssef, erdian, eta Abdelatif, eskuinean, aterpetxean. DABID SANCHEZ / EKINKLIK.
Maite Asensio Lozano.
Oulx
2022ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
«Cesanaraino autobusez joango gara, eta gero oinez mendira. Gaur bertan. Gauez». Pareta bat dirudite Alpeek Fraternita Massi aterpetxearen inguruan; mendiotara begira dago Youssef, iluntzerako asmoak marraztu nahian, Abdelatif lagunarekin batera. Marokoarrak dira biak, eta 21 eta 22 urte dituzte, hurrenez hurren. Bezperan iritsi dira Oulx herriko babesleku horretara, baina ez dira luzaroan geratuko. Mugitu nahi dute. «Ez daukagu ezer. Frantziara joan nahi dugu», esan du Youssefek. «Parisen familia dut nik», erantsi du Abdelatifek, besoan Eiffel dorrearen tatuajea erakutsita.

Ikusi gehiago:Alpeetako tranpa zeharkatzeko bidelagunak

Dozena erdi lagun daude aterpetxearen lorategian, Mugak Zabalduz karabanako kideak iritsi direnean. Apaiz baten ekimenez zabaldu zuten Fraternita Massi harrera etxea, eta eliza baten alboan dago; bi eraikinen artean, erizaintzarako bi barraka handi daude, eta haien itzaletara eseri dira Youssef eta Abdelatif. Irribarrez mintzo dira, baina, zelan dauden galdetuta, zintzotasunez erantzun dute: «Ez hain ondo».

Ez da Frantziara iristen saiatu diren lehen aldia: biak itzularazi dituzte. 17 urterekin atera zen Youssef Marokotik: kamioi batean ezkutatuta heldu zen Algecirasera (Espainia) eta Valentziako (Herrialde Katalanak) adingabeen zentroan bete zituen 18. Adin nagusiko bihurturik, atxikitze zentro batean sartu zuten, eta jaioterrira bidali. Abdelatif, berriz, Libiatik heldu zen Italiara: «Tunisia, Aljeria, Libia, Lampedusa... Bidaia luzea da, baina Marokon egotea baino hobea da». Izatez, Parisera heltzea erdietsi zuen, baina Frantziara egotzi zuten. Ez dute jaioterrira itzultzeari buruz ezer entzun ere egin nahi: «Nola bueltatuko gara, ez badugu hemengo paperik lortu?».

Ez da muga gurutzatzen saiatzen diren lehen aldia ere: «Atzo Bardonecchian geunden, eta handik ahalegindu ginen, baina polizia gehiegi zegoen», azaldu du Youssefek. Ez dira bakarrak bide horretan: «Jende asko dabil mendian, herrialde askotakoak».

Metro gutxitara, 24 urteko gizon gazte bat dago karabanako kide batekin hizketan. Eskuko telefonoan murgilduta dago: Afganistangoa da, eta paxtuneraz ari da bere burua aditzera ematen, itzultzaile automatiko baten laguntzaz. Bere izena eman du, baina ez argitaratzeko eskatu du. Lagun talde batekin atera zen jaioterritik duela hamabost hilabete: «Hirurekin batera jarraitzen dut; beste bat Grezian geratu zen». Mapan marra luzea egina du bere migrazio prozesuan, eta luzea da zeharkatu dituen herrialdeen zerrenda ere: Afganistan, Pakistan, Iran, Turkia —«han bizpahiru aldiz egon ginen: atxilotu eta itzularazi gintuzten»—, Bulgaria, Serbia, Hungaria, Austria, Italia. Eta orain Frantziara doa; berak ere muga oinez gurutzatzeko asmoa du, «orain izotzik ez dela aprobetxatuta».

Oinak eta besoak erakutsi ditu: markaz beteta dauzka, gorputzeko beste atal batzuk bezala. «Bulgaria», zehaztu du. Han tratatu dituzte okerren: «Poliziek jo egin gintuzten, txakurrak bota zizkiguten; eta zaurituta egon arren, Istanbulera itzularazi gintuzten». Lagunekin izandako solasaldiak gogoan, aldarrikapen bat idatzi du pantailan: «Ez gara kriminalak, ez dugu ezer txarrik egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.