Eguberri egunean Euskal Herriko etxeetan zabalduko diren oparietako zenbatek izango dute irribarre baten ikurra kartoizko kutxaren alde banatan? Galdera erretorikoa da, noski, baina ez litzateke harritzekoa izango mordoxka bat izango balira. Koronabirusari aurre egiteko neurriek bultzatuta, batetik, eta erosketa ohituren aldaketak lagunduta, bestetik, inoiz baino gehiagok erosiko dituzte aurten opariak Interneten, Amazonen bereziki. Gaitzak eragindakokrisiak irabazlerik utzi badu, hori Amazon izan da: izan ere, komertzio elektronikoaren hazkundeari esker, AEBetako banaketa enpresa erraldoiak are gehiago handitu du negozioa. Pandemiak, hala ere, haren aurkako arbuioa ere azaleratu du.
Amazonen aurkako jarrerak eta mezuak ez dira berriak, ezta inondik ere; baina pandemiak lehen lerrora ekarri ditu berriz ere, eta gero eta ozenagoak dira plataformari boikot egiteko eskatzen dutenen ahotsak. Euskal Herrira ere iritsi da haien oihartzuna. Hitzetatik ekintzetara igaro dira, esaterako, Lapurdin. Baionako Monoprix supermerkatuan Amazonen banaketa gune baten kontrako ekintza egin zuen Bizi mugimenduak azaroan, enpresa erraldoiak komertzio txikien parean dituen «pribilegioak» salatzeko.
«Bazuen bizpahiru aste konfinamenduan ginela, eta inguruko batek abisatu gintuen banaketa gune hori ezarria zutela. Frantzian Attac-ek eta beste talde batzuek ekintzak egin dituzte azkenaldian Amazonen inplantazioa salatzeko, eta guk ere egin behar genuela erabaki genuen», esplikatu du Thibaut Godin Bizi-ko militanteak. «Supermerkatuek sail batzuk itxiak dituzte, eta komertzio txikiak itxiak dira. Absurdoa baldintza horietan Amazonek banaketa egin ahal izatea». Egun batzuetan, saltegiak banaketa gunea ixtea erabaki zuen, mezu honekin: «Ez genuen gogo handirik hemen saldu ezin duguna bertan jasotzeko».
Ipar Euskal Herrian gai horiekiko kontzientzia badelakoan, Godinek uste du biztanleak ohartarazteko modu bat dela. Izan ere, azkenaldian Amazon gero eta leku gehiago hartzen ari da Euskal Herrian. «Ulertarazi behar dugu erosketa erraztasun horrek arazo handiak sortzen dituela. Kontsumitzaileei eta saltzaileei ulertarazi behar diegu. Ez da erraza. Jakin behar dugu erakusten zer den Amazon, eta klik baten atzean diren arazo horiek guziak».
Hain zuzen, Godinek dio Amazonen «alternatibak» erakutsi nahi dituztela, komertzio txikietgun guzia» badutelako. «Baiona, adibidez, biztanleko liburu denda gehien dagoen herrietako bat da. Ez dugu Amazonen beharrik liburuak erosteko. Amazonek erraten du errazagoa dela haiekin erostea, baina funtsean ohitura kontua baizik ez da».
Hego Euskal Herrian ere entzun dira Amazonen aurkako mezuak azken asteetan. AEBetako banaketa enpresak Oiartzunen (Gipuzkoa) zabaldu asmo duen gune logistiko berriak kezka eta haserrea piztu dizkie inguruko merkatariei. «Lehenago edo beranduago etorri behar zuen. Eta iritsi da, zoritxarrez. Eta, etortzearekin batera, nire herrira etorri da, gainera. Kezka handia daukagu etorkizunari begira», esan du Bitor Lizarribarrek. Harakina izateaz gain, Euskaldendak merkataritza elkarteko lehendakaria ere bada.
Jeff Bezosen konpainiak bi urteko epean Euskal Herrian jarriko lukeen bigarren biltegia litzateke Oiartzungoa; iaz, Trapagaranen (Bizkaia) ireki zuen beste bat. Ez dago argi oraindik, halere, asmo hori gauzatzerik izango ote duen. Lizarribarrek adierazi duenez, merkataritza gune batentzako baimena beharko luke, eta ez zentro logistiko batentzakoa, AEBetako konpainiak eskatu duen moduan; bada, baimena ukatzeko eskatu diote udalari.
Lehiarako arauak
Halere, merkatariak arduratuta daude konpainiaren hazkundearekin, eta salatu dute ezin dutela harekin baldintza berdinetan lehiatu. «Lehiarako ez daude baldintza berdinak, inondik ere. Eta hori agerian geratu da konfinamendu garaian», esan du Lizarribarrek. Haren «jarduteko moduak» gaitzetsi ditu: «Gauzak ondo egingo balitu, beste lehiakide bat besterik ez litzateke izango, baina ezin da modu horiekin lehiatu».
Bat dator Godin ere horretan: «Globalki, munduaren ikuskera da jokoan. Merkataritza enpresa erraldoi bat da. Edozein modutara eta edonon jendea ukitzeko aukera horrek arazoa sortzen du». Garraio kutsagarria, lurren artifizializazioa eta enpleguen suntsitzea aipatu ditu, besteak beste. «Erraten da Amazoneko enplegu bakoitzak 4,5 enplegu suntsitzen dituela komertzioetan».
Bada, arauak indartzearen alde agertu da Lizarribar. «Beste ezeren aurretik, legeak betearazi behar zaizkie. Lehiarako sistema zuzendu behar da, arauen edo legeen bidez, eta ez diru laguntzen bidez», adierazi du Euskaldendak-eko lehendakariak. Eta kexu azaldu da, halaber, administrazioak denda txikiak laguntzeko duen moduaz. «Merkataritza txikiari laguntzak ematea ongi dago; tira, laguntza baino gehiago, nik limosna deitzen diet ematen diguten horiei, baina nik nahiago dut arauak aldatzea eta gure kabuz lehiatzea».
Zerga sistema aldatzea ere eskatu du; izan ere, Bezosen konpainiak Euskal Herrian egunero milaka produktu banatzen baditu ere, ogasunei egiten dien ekarpen ekonomikoa hutsaren parekoa da, Lizarribarrek salatu duenez. «Lege hutsune bat dago, eta ez dute ia zergarik ordaintzen. Beraz, eskatzen duguna da salerosketa egiten den tokian bertan aitortzea zergak, gainerako saltokiek bezala».
Ipar Euskal Herrian, halere, ez dute joko arauen eztabaidan sartu nahi. «Lehen-lehenik, Amazonek badu eskubidea nonahi inplantatu eta lantegi bat egiteko. Ez da debekatua. Eta badu orain bost urte baino gehiago Europan sartua dela. Bezero batek, izan dadin Euskal Herrian edo Europa guzian, noiznahi erosten ahal ditu gauza batzuk Amazonen bidez. Badu denbora bat orain aukera hori badela eta saltegi txikiei konkurrentzia egiten diela. Ez dugu deskubritzen arazoa», adierazi du Pantxoa Bimboirek, Ipar Euskal Herriko Merkataritza eta Industria Ganberako presidentearen aholkulariak. «Merkataritza ganbera batek ez du eskua sartuko auzi horretan», erantsi du.
Frantziako Gobernua, halere, lehia betean dago aspaldidanik AEBetako sareko erraldoiekin, eta neurriak hartu ditu asteon, besteak beste Amazonen aurka. Bimboiren irudikoz, baina, merkatari txikiek beren bidea egin behar dute. «Guk Amazoni ez diogu konkurrentziarik eginen. Munstro bat da. Ez dugu hor aterabiderik. Horrek ez du kentzen gure estrategiak zer izan behar duen ondoko urteetan eta non ezarri behar ditugun indarrak gure ekonomia azkartu dadin». Tokiko ekonomia indartzeko apustua egin behar dela uste du Bimboirek, lansariak «hemen» sortzeko.
Sareko lehia
Euskaldendak-eko lehendakaria baikorra da, halere, eta uste du merkataritza elektronikoarekin denda txikiek ez dutela dena galduta. Aitortu du «arrakala» bat dagoela helduen eta gazteen artean, teknologiaren erabilerari eta erosketa ohiturei dagokienez,baina egoeraz lehenago edo geroago konturatuko direla uste du. «Jende gazteak seguruenik orain modu batera pentsatzen du, eta hemendik hamar urtera agian konturatuko dira, baina, egun, zaila da». Horren aurrean, kontzientziazioa bultzatu behar dela nabarmendu du.
Autokritika ere egin du, ordea. «Argi dugu guk geuk ere gure jarrera aldatu beharko genukeela pixka bat», adierazi du Lizarribarrek. Haren irudikoz, merkatari txikiek sarerako jauzia ere egin beharko lukete. «Garaiak aldatu dira, eta teknologiaren garapenak bestelako ohitura batzuk eta agertoki berri bat ekarri ditu. Eta guk, lehenengo eta behin, agertoki horretan agertu beharko genuke. Ikusgarritasuna garrantzitsua da guretzat ere». Ildo horretan ari dira lanean azken urteetan, eta ahalegin horren emaitza da DENDAgo plataforma. Euskaldendak elkarteak berak bultzatutako merkatu elektronikoa da, marketplace bat, Euskal Herriko saltoki txikiek sarean eta gune bakar batean saltzeko aukera izateko sortutako webgunea.
Denok Bat federazioak ere, Nafarroako hainbat merkataritza eta zerbitzu elkarte batzen dituenak, Toptopa izeneko plataforma berria aurkeztu berri du asteon, hain zuzen. «Nafarroako udalerri eta auzoei bizia ematen dieten hurbileko merkataritza txikiaren sektoreentzako, tokiko ekoizleentzako, ostalaritzako, hoteletako eta Nafarroako tokiko eta hurbileko zerbitzuetako establezimenduentzako tresna eta zerbitzu bat izateko helburuarekin sortu da», adierazi dute ohar bidez.
Txikiak batzea izan liteke etorkizuneko gakoetako bat Lizarribarren ustez, hain zuen ere, nahiz eta azpimarratu duen egokitzapena ez dela denentzako erraza. «DENDAgorekin gertatu zaigu: merkatari batzuk sartu dira, baina lanerako metodologia ez dute oso ongi eramaten, eta ez dute jarraitu. Lan eskerga eskatzen du horrek, eta gu txikiak gara. Ezin dugu den-dena guk egin; ez daukagu baliabiderik, ez ekonomikorik, ez pertsonalik». Bada, merkatariei ez ezik, herritarrei ere «ahalegin bat» eskatu die Lizarribarrek. «Kontua ez da dena batetik edo bestetik erostea, baizik eta oreka bati eustea».
Lan baldintzak begiz jota
Pandemiaren eragina, negozioan ez ezik, enpleguaren alorrean ere nozitu du Amazonek. Izan ere, mundu osoan ia milioi bat langile izatetik gertuago dago Bezosen konpainia orain. Lanpostu horien lan baldintzez ohartarazi du, ordea, Janire Landaluze ELA sindikatuko kideak: «Prekarizazioa bultzatzen du lan eredu horrek: urtean 365 egunez eta 24 orduz lan egiten dute, lanaldi amaiezinetan; soldata txikiak dituzte, lan karga ikaragarri handiak dituzte...».
Landaluzek onartu du, halere, lan baldintza horiei buruz «kanpotik» jakin dutela, Euskal Herrian ez baitiete utzi ordezkaririk izaten. «Gure asmoa izan da modu batera edo bestera enpresan sartzea, bertako langileekin kontaktua izan, antolatu, afiliazioak lortu eta hauteskunde sindikalak izateko. Baina ateak guztiz itxita ditugu». Hain zuzen, nazioarteko erakundeek salatu dute sindikatu bat sortzen saiatu diren langileak zelatatu eta zigortzen dituela Amazonek. ELAko kideak uste du, halere, beharrezkoa dela langile horiek izan dezaketen «antolatzeko beldurrari» aurre egitea, konpainiari aurre egin ahal izateko.
Nolanahi ere, Landaluzeren iritziz, kezkagarria da konpainiak Euskal Herrian bigarren biltegi bat jartzeko asmoa izatea, «horrek adierazten baitu euskal gizarteak Amazonen egiten duen kontsumoa handitu egin dela». Horren aurka, kontzientziazio beharra aldarrikatu du: «Gizarteari ikusarazi behar diogu zer eragiten duen horrelako plataformetan erosteak».
Merkataritza elektronikoa. Amazonen itzal luzea
IRRIBARREAK HASERREA EKARRI DU
Koronabirusaren krisiari esker, Amazonen negozioak nabarmen egin du gora, baina haren aurkako protestak ere areagotu dira azken asteetan. Merkatari txikiak kezkatuta daude eragin ditzakeen ondorioengatik, eta neurriak eskatu dituzte egoerari aurre egin ahal egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu