Bost urtean behin egiten dute inkesta soziolinguistikoa Euskal Herri osoan. Joan den urrian aurkeztu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak. Nafarroari dagokionez, atzo bilera egin zuen Euskararen Nafar Kontseiluak, eta han eman zituzten inkestaren lehen zenbakiak; parlamentuan ere aurkeztuko dituzte. Lapurdikoak, Nafarroa Beherekoak eta Zuberoakoak falta dira; datozen asteetan espero dituzte. Horrela, Euskal Herri osokoa egina izango da. Oraingoan, gainera, lehen aldiz, prozesu osoa elkarrekin egin dute Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak.
Ikerketa mardula da inkesta soziolinguistikoa, datu eta aldagai asko jasotzen dituena. Nafarroaren kasuan, gainera, eremuz eremu egiten dute azterketa; aldeak oso handiak dira batetik bestera. Hara datuen azterketa laburtu bat.
EZAGUTZA
Goraldia, gazteen bidez
Erdaldun elebakarren zakua husten ari da pixkanaka Nafarroan, nahiz eta gehiengo zabala diren oraindik. Hori da 25 urteko bidearen ondorio nagusietako bat. Herritarren %86 erdaldun hutsak ziren 1991n, eta %77 dira orain. Euskaldunen portzentajea handitu egin da Nafarroan, eta elebidun hartzaileena, are gehiago —euskara hitz egin ez baina ulertzeko gai direnak—: %5 eskasetik %10 pasatxora. Batez ere eremu mistoan eta ez-euskaldunean gertatu da hori, ulertzen dutenen igoera hori.Gazteen eragina da bereziki nabarmentzekoa —eta aintzat hartu behar da 16 urtetik beherako biztanleak inkestatik kanpo daudela—. Ezagutza datuak adin taldeka aztertuta, argia da joera. Batetik, 35 urtetik gorako herritarren artean, apenas duen irabazirik euskarak azken hamarkadetan —areago, 65 urtetik gora 2,4 puntuko jaitsiera dago, euskaldun zaharrak hiltzearen seinale—. Bestetik, ordea, oso handia da goraldia 34 urtetik behera: 1991n, %7 ziren euskaldunak 25-34 urterekin, eta orain, %19; 16-24 urtetan, %10 ziren, eta orain, %26. Joera antzekoa da hiru eremuetan, nahiz eta koska badagoen batetik bestera.
Ezagutzaren esparruan badatoz aldaketak, beraz. Eremu euskaldunean, herritarren %61 dira euskaldunak; 24 urtetik behera, %90. Eremu mistoan, %11k dakite euskaraz, baina gazteen artean, %27k. Eta eremu ez-euskaldunean, %7 dira euskaraz egiteko gai, eta 24 urtetik beherakoetan, %12. Hiriburuan, Iruñean, biztanleen %10ek dakite, eta 16-24 urte bitartean %25era igotzen da ehunekoa.
Demografikoki begiratuta, desoreka bat agertzen ari da. 1991n, adin talde guztietan parekoa zen euskararen ezagutza, %10 bueltakoa. Orain, 34 urtetik behera nabarmen handiagoa da koska. Gazteen belaunaldiak dira euskaldunenak, hortaz, eta haiexek daukate pisu demografikorik txikiena.
TRANSMISIOA ETA GAITASUNA
Hiztun berrien ekarpena
Gazteen eskutik dator goraldia, beraz, eta eskolaren eragina funtsezkoa da hor. 34 urtetik behera, euskaldun gehienen lehen hizkuntza ez da euskara. Ia hamarretik seik erdara jaso zuten etxean, eta gero ikasi dute euskara. Bestela esanda: 1991n, Nafarroako euskaldunen %77 etxetik euskaldunak ziren —euskaldun zaharrak, inkestaren arabera—; orain, %48.Familiako transmisioari dagokionez, aurrerapausoak agertu dira. Bi gurasoak euskaldunak direnean eta lehen hizkuntza euskara dutenean, erabat bermatua dago transmisioa —%94k euskara bakarrik ematen dute etxean, eta %6k, euskara eta erdara—. Egoera aldatu egiten da hortik aurrera, txikiagoa baita transmisioa. Hala ere, nabarmentzeko moduko datuak daude. Batetik, guraso hiztun berrien ekarpena: bi gurasoak hiztun berriak izanik, gehiengo zabal batek transmititzen die umeei euskara, %85ek —gehienek, %53k, erdararekin batera—. Bestetik, familia mistoak —guraso bat erdalduna, bestea euskalduna—: guraso euskaldunaren lehen hizkuntza euskara denean, %77k euskara transmititzen dute; lehen hizkuntza erdara denean, %54k.
Gaitasunean daude mugak. Aldaketa handia dago hor ere. 1991n euskaldunen %41ek erdaraz baino hobeto egiten zuen euskaraz; orain %23 dira. Erdaraz errazago%27 aritzen ziren, eta orain, %51. Alegia, hiztunen kopuruan pauso handia eman da, baina hiztun berri gehienek aiseago egiten dute erdaraz. Argia da 24 urtetik behera: euskaldunen %17k diote euskaraz jarduten direla erosoen; %63 hobeto aritzen dira erdaraz. Jakina, aldeak daude eremuka: eremu euskaldunean, gehiengoa da euskaraz hobeki moldatzen dena; eremu mistoan eta ez-euskaldunean, gutxiengo oso argia.
ERABILERA
Inoizko zenbakirik onenak
Gorakada dago euskararen erabilerari buruzko datuetan ere. Hiru eremuetan, baita eremu euskaldunean ere —zonalde euskaldunetako joerari buruzko kezka zabaldua da azken denboran—. Joera bat hautsi da, gainera. 1991tik ez da erabilera datua inoiz igo Nafarroan —aurrekoari eutsi dio, edo jaitsi—; oraingoan, ordea, inoizko erabilera daturik onenak agertu dira. %6,6 herritarrek azaldu dute euskaraz aritzen direla erdaraz adina edo gehiago. Eremu euskaldunean %51 aritzen dira euskaraz normalean —%49 ziren 2011n—, eta eremu mistoan, %3 —%2 eskas ziren lehen—. Igoera hori, batez ere, euskaraz erdaraz adina jarduten direnen bitartez gertatu da.Gune guztietan handitu da euskararen erabilera, baita etxean ere. Adin taldeka badaude aldeak. 65 urtetik gorakoetan ez, baina beste talde guztietan igo da erabilera; oso nabarmen 25-34 urteko herritarren artean —%6tik %9ra—. Euskara gehien haiek erabiltzen dute, nahiz eta adin talderik euskaldunena 16-24 urte artekoa den —igoera txikia da haien artean, 0,3 puntukoa, nahiz eta ezagutza igo—.
JARRERAK
Gobernu aldaketaren isla
Azken inkestaren nobedade nagusietako bat da euskara sustatzearen aldeko jarreran izandako aldaketa. Gobernua aldatu osteko lehen ikerketa da, eta berritasuna dago: 2011ko inkestaren aldean, lau puntu gutxiago dira aldekoak.Zer gertatu da? Komeni da aldaketa nondik agertu den jakitea. Eremu euskaldunean ez dago gorabehera handirik 2011tik —aurrekoekin, bai: aldekotasun txikiagoa—, baina bai mistoan eta ez-euskaldunean. Bi joera: eremu mistoan, aldekotasuna jaitsi egin da —%43tik %36ra—, eta dudakoena igo —%27tik %32ra—; eremu ez-euskaldunean, zalantzatiena jaitsi —%31tik %22ra—, eta aurkakoena igo —%46tik %59ra—. Hortaz, hara norabidea: mistoan, aldekotasunetik zalantzara; ez-euskaldunean, zalantzatik aurkakotasunera. Aurreko hamarkadetan baino jarrera aldekoagoa da, hala ere. Iruñean, zalantzatiek egin dute gora: aldekoak gutxiago dira —%43tik %38ra—, eta kontra daudenak ere bai —%35etik %33ra—.
Aintzat hartzekoa da inkesta noiz egin zuten. Maiatzean egina da landa lana. Garaitsu hartan bizi-bizirik zeuden euskararekin lotutako polemikak: hezkuntzako lan eskaintza publikoa eta Iruñeko haur eskolen auzia, adibidez.
Nafarroako Gobernuak euskararen arloan egindako jardunaz galdetuta, baina, UPNrekin baino balantze hobea egin dute herritarrek. Eremu euskaldunean %5etik %50era igo da aldekotasuna; mistoan, %20tik %40ra; ez-euskaldunean, %20tik %25era —aurkakotasuna %31tik %44ra igo da han—.