Energiaren gastuaren garestitze izugarria eragin du ekonomia susperraldiaren eremuan sartu izanak. Pandemiaren gordina atzean utzi, eta, bihurguneak bihurgune, jarduera asko suspertu da mundu zabalean, eta testuinguru horretan, batik bat erregaiek eta argindarrak gora bultzatu dute nekazari eta abeltzainen ekoizpen gastua, beste sektore askotan gertatu den antzera.
Kontua da lehen sektoreko ekoizle ugari krisi betean zeudela prezioen gorakada iritsi aurretik ere, eta azken hilabeteetan ikusi dute beren bizkar jartzen ari direla esnea, haragia, zituak eta barazkiak ekoiztea gehiago kostatzen den koska horren zatirik handiena. Banaketako erosle handi gehienek ez dizkiete lehen baino gehiago ordaintzen produktuak, nahiz eta kontsumitzaileek nabaritzen hasi diren inflazioaren zama eguneroko saskian. Janariaren katean katebegi batzuek besteek baino zama gehiagori eusten diotela salatzen dute ekoizleek, eta protesten bidez helarazi nahi diote euskal gizarteari «egoera bidegabe hori».
Oraindik ez dago deialdi zehatzik, ordea, baina abenduko zubiaren eta Gabonen hasieraren artean mobilizatzera deituko dute EHNE, Enba, UAGA eta UAGN elkarteek. Mobilizazio horren nondik norakoak aztertzen ari dira egunotan, eta bilera gehiago egingo dituzte datozen egunetan zer egin eta nola egin zehazteko. Gainera, Espainiako nekazari eta abeltzainen Asaja, COAG eta UPA elkarteek protestak iragarri dituzte Eguberrien bezperatan, eta testuinguru hori nola kudeatu behar duten erabaki behar dute Euskal Herriko nekazarien sindikatuek. Edonola ere, traktoreak motorrak berotzen ari dira, berriro ere hirietarako bidea egiteko.
«Uda partean gizarteratu genuen pairatzen ari garen arazo handia kostuen gorakada dela eta, baina guk, adibidez, bakarrik Gipuzkoa mailan egin genuen, traktore martxan handi batekin, eta, orain, berriz, Hego Euskal Herriko elkarteak ari gara aztertzen zerbait bateratua egitea». Enba Gipuzkoako presidente Iñaki Goenagak garbi utzi du oraindik ez dutela erabakirik hartu, eta kontuan hartzen ari direla, halaber, Madrildik iritsitako deialdi handia. «Esnearen esparruan sortu da erreibindikaziorik handiena. Prezioak apenas aldatu diren azken urteetan, eta orain ikusten ari gara, pixka bat bada ere, batzuk gehiago pagatzen hasi direla». Goenagak, dena den, garbi dio oraindik ez dela nahikoa, eta banaketako erosle handiekin ekoizleek duten «sokatira horri eutsi» egin nahi diotela.
Energia eta pentsua
Nekazaritzaren azpisektore guztietan ari dira «mugan» ekoizten, irabaziak edukitzeko tarteak galduta kasik, eta esnearenean «lurra jo» dute, Goenagaren arabera. «Marra gorritik behera ari gara; horrela ezin da aritu, itxiera datorrelako. Hamahiru hilabete dira pentsua igotzen hasi zela, eta zain gaude guri noiz hasiko diren gehiago ordaintzen gure produktuen truke».
Izan ere, inoizko ekoizpen gasturik handienekin jarduten dute nekazariek azken hilabeteotan. Itxialdi handien osteko susperraldiak energiaren salneurriak izugarri garestitu ditu, eta horiekin batera iritsi dira haien jardueran oinarrizkoak diren produktuen garestitzea. Ganaduarentzako pentsuak %30 egin du gora azken urtean; ongarriek, %48; urak, %33; eta haziek, %20. Dena doa gora, eta beren produktuak ere bai, bezeroek patrikan nabaritzen dutenez, baina ez kostuen mailan, eta koska hori ekoizleen bizkar geratzen ari dela salatzen dute etengabe euskal nekazarien sindikatuek.
Energiaren garestitzeak ere bete-betean harrapatu baititu, beste hainbat sektoretan bezala. Traktoreen gasolioa %73 garestitu da azken urtean, eta argindarra, %270. Igoera horiei erreparatu diete Espainiako Asaja, COAG eta UPA elkarteek, baina Asajak berak elkartasuna eskatzen du, eta kexu da SMI lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera dela eta, hiru urtean %30 igo delako kasik.
«Urte hasieran ere ez da aldatuko egoera hau», dio Enba Gipuzkoako presidenteak. «Urteak daramazkigu esaten etekinik ez dugula kasik esnetan, eta haragitan ere oso larri gabiltzala». Goenagak jakinarazi du Kaiku kooperatibak esne litroa aurreko urtean baino bi zentimo gehiago ordaindu diela, eta hori dela bidea beste erosleentzat, baina «elkarri begira» dabiltzala, «inork ez duelako esnea igo nahi supermerkatuetan». Nolabait, esnea da, beste produktu batzuekin batera, banaketa talde horien produktu giltza, bezeroak erosketa egitera erakartzen dituena.
EHNE Nafarroako koordinatzaile Felipe Etxetxikiak, berriz, esan du erraza dela ulertzea abeltzainen egoeraren larritasuna: «Gasolioa, pentsuak eta beste zenbait ekoizpen gastu gora doaz, eta esnea, aldiz, ez». Egoera horren aurrean «neurriak» hartu behar direla uste du, eta abendurako aztertzen ari diren mobilizazioak testuinguru horretan ulertu beharko lirateke.
Etxetxikiak badaki ekoizpen gastuen garestitzea orokorra dela, baina uste du beste sektore batzuetan errazago eramaten direla kostuen gorakadak bezeroengana iristen diren prezioetara. «Batez beste 70 litro esne edaten ditu herritar batek urtero. Zer litzateke litroan hamar zentimoko igoera ezartzea? Ba zazpi euro urtero». Ekoizleak aspaldian ari dira hamar zentimoko igoera hori eskatzen, saltokietan egon ez dadin esne litroa 0,70 euro baino merkeago. «Kontsumitzaileek onartuko lukete gutxieneko garestitze bat oinarrizko produktu jakinetan, baina banaketa taldeek beren marka zurietan lehia handia dute, eta ez dute igoerarik nahi».
Katean aritzen diren guztiek beren etekina behar dutela dio Etxetxikiak, eta elikaduraren katearen legea garatzeko premia dagoela uste du. «Baina sektore honetan errealitate asko daude. Ez dugu inor izutu nahi, erreleboa ere bermatu behar baitugu. Dena ez da txarra gure sektorean, inolaz ere ez».
Jarraitu irakurtzen: Jon Ander Egaña, Elikaduraren Klusterreko zuzendaria: «Kontsumoa apalduko ote den beldur dira saltoki handiak»
TRAKTOREAK, MOTORRAK BEROTZEN
Nekazari eta abeltzainak mobilizazioak prestatzen ari dira abendurako. Salatu dute ekoizpen kostuen garestitzeak etekinik gabe utzi dituela, eta Eguberrien atarian berriro gizarteratuko dute «marra gorri guztiak» gainditu direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu