Euskal presoak. Kartzeletarako bidaiak

AZKEN PORTURAINO

Euskal presoak bisitatzera joateko, milaka kilometro egin behar izaten dituzte haien senide eta lagunek. Andaluziako Puerto de Santamariako espetxeetara egindako bidaia baten kronika da hau.

Bidaiaren ondoren eta bisiten bitartean, El Cepo ostatuan gelditzen dira senideak. NAGORE ARIN.
maddi ane txoperena iribarren
Puerto de Santamaria
2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Erran presoak eta erantzun errepidea. Edo kilometroak. Gasolindegiak. Andaluzia. Puerto de Santamaria. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuan denetik, Euskal Herri ingurura hurbildu dituzte 50 bat euskal preso, baina urrunean dira oraindik gehienak. Puerto I eta III espetxeetan, erraterako, hogei: Villabonatik (Gipuzkoa) 1.010 kilometrora, zehazki; 2.020, joan-etorria kalkulatuta. 2020ko urriaren 9a da: Villabonatik abiatu da BERRIA, hainbat seniderekin, euren asteburueroko errealitatea hurbiletik ezagutzeko. Asteburu hartako kronika da hau. Kronika posible bat, bertze hainbaten artean.



JOANEKO BIDAIA
Gaua eta urduritasuna


19:15 dira Villabonako gasolindegian. Furgoneta handi zuri bat zain dago; zain, barneko bi gidariak ere. «Mirentxin?». «Bai» erantzun du batek, serio. Mirentxin gidarien furgoneta da, gasolinaren depositua bete berria. Gidariak urduri daude: «Ez al zen 19:00etan?». 19:00etarako jaso dute batzuek ordua, baina bertze batzuek 19:30erako, eta nahastea sortu da. Nahaste txikia: tentsioa sortu duena. «Lasai gizona, denbora pila daukagu oraindik!», lasaitu du bertze gidariak, txantxaz: orduak pasatuko dituzte bidean; gutxienez hamabi, hara iritsi arte. Segidan ailegatu dira bidaideak: bi emakume eta gizon bat, Hernanitik. Zizurkilgo bertze mutil bat, gero; eta egin dute borobil bat, ohartu gabe. «Nola duzue izena?». Batzuek elkar ezagutzen dute aurreko bisitetatik, eta segituan hasi dira bidaiarien arteko solasaldiak: lasaitu da giroa. «Denak gaude? Bagoaz».

«Inporta zaizu atzeko eserlekuan jartzea?». Nerea Iraola da, Josu Ordoñez euskal presoaren bikotekidea —2002tik dago preso—. Manta eta kuxina ekarri ditu, eta nabari zaio esperientzia: «Atzeko eserlekuak etzan egiten dira...», dio irribarrez, eskean. Lo egiteko asmo irmoa du: bi bisean biseko dauzka biharamun goizean, ailegatu eta berehala —bertze kartzela anitzetan ez bezala, Puerton ez dituzte aurrez aurreko bisitak eten—. Ez da prestatua datorren bakarra: ondoan duen emakumeak ere kuxina eta manta ekarri ditu, eta segituan hartu du lotarako postura, oraindik ilunabarra izan arren. Bikotekidearengana doa hura ere: Ibai Beobiderengana. Kazetariei ohartarazpena egin die Iraolak: «Joatean ez dugu asko hitz egiten, e! Eta ni lo harrapatuko nauzue, segur aski», irribarrez. «Urduri joaten gara, eta aste osoko nekea gainean... Ni ostegunetik egoten naiz ja urduri». Ondoko emakumeak azaldu du urduritasunaren zergatietako bat: «Aurreko astean istripua izan zen, eta...». Pozik doala dio, halere: «Maite ditugunak ikustera».

Euri langarra ari du Gipuzkoan, baina Arabara hurbiltzerako atertzen hasi du. Eta gautu. Hurrengo geltokia: Lopida (Gasteiz). Gasolindegi handi bat hiriaren kanpoaldean, presoen senideek ongi ezagutzen dutena: han dago Almeriara doan furgoneta ere, zain. Eta Bilbotik etorri da bertze furgoneta bat, grisa, Puertora joanen dena furgoneta zuriarekin. Biak elkartuta, berriro abiatu dira bidean. 21:00ak pasata dira.

Juancar Sanchezek azaldu du Manex Castro euskal presoa ikustera doala. «Kuadrillakoa da». 11 urte daramatza espetxean. «Lagun batekin etortzen naiz normalean, baina koronabirusagatik bisitara pertsona bakarra sartzen uzten dute orain», eta kexu da. Autobusa ere horregatik ez da ateratzen azkenaldian: gero eta preso gutxiago daude Puerton, eta bisitariak ere gero eta gutxiago dira, murrizketengatik. «Nik nahiago dut autobusean; hobeto egiten da lo. Azkenean, hemen...», eserleku zurrunari begira. Eta inpotentziazko kexa: «Hainbesteko bidaia 40 minuturako...». Kristalak bereiziko ditu kuadrillako bi kideak.

Kristalaren gibelean ikusiko du Mikel Arrieta laguna Josu Zigandak ere. «Duela bost hilabete joan nintzen azkeneko aldiz. Laguna dut. Lagun mina». Hogei urte daramatza espetxean, eta Zigandak badaki zer den hori: «Nik 24 urte egin nituen barruan». Horietako anitz Puerto de Santamariako kartzelan egin zituen: oroitzapenak piztuko zaizkio eraikina ikustean. Baina Arrieta Algecirasen dago: Euskal Herritik urrunen dagoen espetxean. Puertora joan ondoren, haraino joanen da bi gidariekin batera, beraz. 2.200 kilometroko joan-etorria guztira.

Oraindik anitz falta da, ordea. Villafria. Villazopeque. Quintana del Puente. 23:00 aldera, afaltzeko geldialdia, gasolindegi handi batean. Norberak bere ogitartekoa eta bere solasak. Zigandak azaldu du nola ama hil zitzaion espetxean zegoela. Despeditzen utzi ziotela zendu baino lehen, eta eraman zutela horretarako Zaballara. Baina gero Jaenera mugitu zutela, «zigor gisa». Ezin izan zela joan hiletara. Iraola: «Okerrena hori da: gurasoak zaharrak direnean ezin direla joan preso duten semea edo alaba bisitatzera». Berriro bidean. Torquemada. Palencia. Dueñas. Tordesillas. Ahal izan duenak lo hartu du. Mantapean denak, baina hotza sartzen da oinetatik. Amets artean gidarien ahotsak. «Gasolina garesti zegok, e!». Saiatu postura hartzen, eta eman buelta. «Honek komuna izango dik?». Berriz ernatu. «Non gaudek?». «Pasatu diagu Salamanca». Biribilgune batean bueltaka. «Portugalera ezetz!!». Anaiak dira gidariak: nabari zaie.

EL CEPO
Elkarbizitza eta esperoa


Jerez de La Fronterara iritsita, oraindik izarrak ikusten dira. 07:30 dira. Zerua garbi-garbi dago. Cadiz da, Andaluzia. Aparkaleku batean jaitsi dira bidaiaririk gehienak, eta bi gidariek eta Zigandak aurrera segitu dute: bertze ehun kilometro, Algeciraseraino. Furgoneta grisa etorri da aparkalekuan daudenen bila: Puerto de Santamariako kartzelen ondoan dagoen gasolindegi batean utzi dituzte lehen furgoneta horretan zihoazenak, eta orain zurikoak ere hara eramanen dituzte. «El Cepo ez dago oraindik irekita. Egon zarete inoiz El Cepon?». Ezezkoa, kazetariek. «Ez? Ikusiko duzue», irriz: zerbait berezia ikustearen iragarpena. Gasolindegiko kafetegian ehizara doazen gizon andaluziarren artean hartu dute denek kafea, eta bisean bisekoetara sartu behar dutenek ostatuko komuna erabili dute arropaz aldatzeko: lo egiteko arropa erosoetatik itxura ona ematekoetara. Bidean Puerto Ien utzi dute Iraola, urduri baina irribarretsu. Bertze guziak El Cepora: eguzkia pixkanaka ateratzen ari da.

Nola definitu El Cepo: ostatu bat ezerezaren erdian, barne eta kanpo terrazaduna, atsegina. Eta, hortik aitzina, berdin du zer deskribatzen duzun, ezen Espainiako banderaren koloreak izanen baititu: zerbitzariaren kamisetaren ertzak, kafearekin batera ateratzen duten azukreak, espaloiaren izkinak, terrazako paretak... Denak du kolore gorri hori gorria. Eta, barraren gibelean, askotariko intsigniak: Guardia Zibilarenak gehienak, militarrenak batzuk; Berreskura dezagun Espainia dioen tela zati bat; eta trikornioak. «Zer nahi duzu?», tabernariak, atseginez. «Kafe bat eta pare bat tostada, mesedez», senideak, adeitsu.

Jon Rosales algortarrak azaldu du Kataluniako bandera independentista bat ere badutela barnean, urriaren 1ean Poliziak «konfiskatua», «garaikur gisa». «Nik beti esaten dut: ezagutuko ez bazenu zer-nolako errespetua dagoen haien eta senideen zein lagunen artean, pentsatuko zenuke egin dituzten gauza batzuk probokazio hutsa direla. Esteladarena, adibidez, sartzen zaren momentutik muturreko bat hartzea bezala da». Baina guztiek egin dute bat: tratu adeitsua eskaini diete beti El Cepon. «Udan, opor etenaldia egiten dutenean eta itxita dagoenean, askotan portatzen dira. Bueno, askotan ez: beti. Irekitzera etortzen dira, eta ematen digute aukera motxilak utzi ahal izateko». Rosalesek azaldu du berdin egin zutela eraikina obretan zutenean. «Atzean badituzte ospakizunetarako erabiltzen dituzten jantoki moduko batzuk, eta bat erabilgarri uzten ziguten guretzat espresuki, nahiz eta hau itxita egon». Jabeetako bat hil zenean, berdin: «Haietako bat moto istripuan hil zen, eta itxita zegoen. Hala ere, autobusa etortzean eduki zuten etortzeko detailea, eta atea irekitzekoa, jendea ez lagatzeko kanpoan». «Kuriosoa da ideologikoki estremoan egonda nola dagoen errespetu bat», erran du bertze batek. «Harreman humanoa da», gehitu du Julen Aginakok. Rosales: «Gainera, haien posizio ideologikoa bizi egiten dute: Voxeko kredentzialak-eta hemen banatu zituzten hauteskundeetan!». «Bakarrik falta da [Santiago] Abascal etortzea bisitan!», Aginakok, txantxetan. «Eta ikusi duzue aparkalekua? Elbarrientzako aparkatze lekuaren partez zer dagoen!?», Ekain Ormaetxeak. Reservado Cuerpos de Seguridad jartzen du: Poliziarentzat erreserbatua. Denek irri karkailak. «Bueno, eta ni, hau esanda, banoa harantz», Rosalesek, mahaitik altxatuta. Aitor Cotano kuadrillakoarengana doa, Puerto IIIra. Hamabi urte daramatza lagunak espetxean.

Aginako ardo kopari begira gelditu da, bisitaren ordua noiz ailegatuko zain. Lehenbiziko bisita du: urduri dago, eta hunkituta. «Bizitza osoko lehen bisita, e!», zehaztu du: «Orain arte ez didate utzi». Espetxean egondakoa da hura ere, 1997tik 1998ra, eta horregatik ukatu diote orain arte lagunengana joatea —Herri Batasuneko mahai nazionaleko kide izandakoa da—: «Berria naiz honetan. Bisitak jaso izan ditut, baina egin, sekula ez». Joseba Lerinengana doa: laguna du, eta hamar urte baino «askoz gehiago» daramatza ikusi gabe: «Ez dakit zenbat, urte asko». Ez du begirik bildu gau osoan, «gogorra» egin baitzaio furgonetako bidaia, baina gogotsu dago: «Barruan egotea tokatu zaigunok badakigu presoei zer-nolako arnasa eta indarra ematen dien bisitak». Azken ardo tragoa, eta badoa, oinez, Puerto I espetxe gorrira, bertze lagun bat ikustera doan bertze euskal herritar batekin. Hark azkeneko bisita du Puerton: «Laster mugituko dute laguna, Valladolidera».

BISITA ONDORENA
Sentimendu nahasketa bat


Bisita ondorengo mementoak sentimendu nahaspila bat dira. Bakoitzak dauka bere errituala: batzuek telefonoz hitz egiteari ekiten diote segidan, senide edo lagunei abisua emateko. Ormaetxearen kasua da: telefonoari eutsi dio atera bezain laster. «Bere gurasoekin hitz egin dugu, eta pozik, dena ondo joan delako», azaldu du. Bertze batzuk pentsakor gelditu dira, isilik. Solasaldi katramilatuak dituzte bertze batzuek: goraintziak bati eta bertzeari, kartzelako berriak, egoera politikoari buruzko analisiak...

Zer moduz galdetuta, guzien erantzuna antzekoa da. «Oso ondo, baina motza; motzegia», dio Sanchezek: «Kanpoan egoten zara ia ordu eta erdi itxaroten, eta gero barruan 40 minutu bakarrik». Kexu da espetxeak jarri dituen baldintzekin: «Guri esaten digute bat bakarrik sar gaitezkeela, eta mintzategi batzuetan lau edo bost zeuden!». Xabier Arriluzeari ere «oso azkar» pasatu zaio: «Konturatu ordurako, amaitu da». «Ez digu utzi ezta bost minutu gehiago ere», kexatu da emakume bat. Ormaetxea: «Orain, bisita eginda, oso pozik laguna ikusteaz, baina pena: hor utzi dugula, eta ez datorrela gurekin». Arriluzeak azaldu du kezkatuta ikusi duela espetxean duen Dani Pastor laguna, Iñaki Bilbao Txikito-ren gose grebagatik. «Mundua konpontzen ibili gara, 40 minutuan ahal den moduan behintzat, eta, gero, gai delikatuenak: zelan ikusten duen Txikito, ja oso gaizki omen dagoela, uste duela laster ospitalera eraman behar izango dutela. Horrekin pixka bat sufritzen». Bisitatu berri duen Zigor Orbe lagunaren arazoak azaldu ditu Ormaetxeak ere: «Justu orain aldatu dute moduluz, eta egokitzen. Beti gertatzen zaio berdin: azterketa garaietan aldatu egiten dutela moduluz. Kasualitatez, beti gertatzen zaio azterketa garaietan. Ja zaila bada ikastea kartzelan, modulu aldaketak, miaketak... dena erraztasuna», dio ironiaz.

Joseba Uribarri kontent atera da: laguna ikusteaz kontent. Unai Parot du laguna, 30 daramatzana preso. «Oso ondo ikusi dut», dio, gazteleraz. Duela 30 urte baino gehiago ezagutu zuen Parot, Lapurdin errefuxiatua zela: «Hamabost egun lehenago-edo ikastolako festa batean egon ginen. Haren alaba eta nire semea haurtzaindegi berean zeuden, eta umearen ama negarrez atzeman nuen egun hartan. Zer gertatzen zitzaion, eta Unai atxilotu zutela!». Duela lau urte ikusi zuen berriro: «Ez nuen ikusia duela lau urte bisitan joan nintzaion arte, eta esan zidan lehenengo gauza: 'Arraioa, nola zahartu zaren!'. 'Eta zuk zer uste duzu, lehen bezala zaudela?'. Ordutik irri asko egiten dugu». Algecirasen zegoen Unai Fano presoari bisitan joan ohi zitzaiolako hasi zen Parotengana ere joaten: «Harri batez bi xori: bidaia berean bi bisita egiten nituen». Orain Basaurin dago Fano, baina Uribarrik segitzen du Puertora joaten: «Eta Unai Parot libratzen duten egunean, munduko besarkadarik handiena eman ondoren, beste norbaiti bisitan etorriko natzaio, zoritxarrez oraindik baten bat gelditzen bada». Desira bat du: «Azken bidaia izan dadila». Eta dolu bat: «Ni ez naiz hain zaharra, baina pentsatzen dut etorri ezin diren aitatxi-amatxiengan, eta... Jada gaizki zebiltzan autobusean, ohatzeetan, eta furgonetan oraindik eta okerrago, ezin etorri izateraino». Hark ez du lorik egin gau osoan. «Hezurrak pixka bat... 71 urte ditut!». Baina sei hilabetez hilero etortzen da, eta umorea ez du galdu: « Bidaien liburua idazten dugun egunean anekdota sail bat sartu beharko dugu!». Aldarrikapenerako tarterik ez du galtzen: «Orain, azeleragailua zapaldu behar dugu: hau da azken txanpa. Atera behar ditugu, eta etxera itzuli behar dute. Bitartean guk segituko dugu astero etortzen, kanpo zati bat barrura eramateko». Kazetariei eskerrak eman dizkie, bidaia zer den ikustera etortzeagatik: «Ni etortzen hasi nintzen arte ez nekien zer zen hau. Sentsibilizatuta nengoen, baina lehen bidaia egin nuen arte ez nintzen ohartzen zer zen hainbeste kilometro egitea 40 minutu egoteko».

ETA BERRIRO ETXERA
Baina presorik ez bueltan


Aldez aldeko irribarrea dauka Maite Fernandez de Labastidak ere bisitatik atera berritan. Bikotekidearekin egon da, Aitor Agirrebarrenarekin, eta pozik dator: «Aitorrek beti transmititzen digu indarra eta poztasuna. Momentu honetan, txute batekin nago». Nabaritzen zaio. Baina segidan gehitu du, goibelago: «Beste gauza bat izango da buelta». Joanaren eta etorriaren arteko aldea azaldu du: «Etortzean, gehiago kostatzen da lo egitea, eta, bueltan, jota zatoz, nekeagatik, sentimenduengatik, eta guztiagatik batera». Presoa kartzelan gelditzen delako. Azaldu du koronabirusak «ziurgabetasuna» ekarri duela espetxeetara: «Oraindik ez dakigu azaroan bisean bisekoa noiz izango dugun». Eta bidaiak egitea ere zaildu diela: autobusa ez ateratzea horren lekuko. Horrek ezintasuna dakarkie anitzi: «Badago jende bat, bereziki jende heldua, umeak dituena, haurdun daudenak, zailtasuna sortzen diena autobusa ez ateratzeak. Ezberdina da bidaia, askoz neketsuagoa, eta horrek baldintzatu egiten du. Ni autoz bitan jaitsi naiz, eta oso neketsua da». Gutxi geldituta bederatzi ordu direla zehaztu du, eta «ondo» pentsatu beharra dagoela. «Eskerrak Mirentxin daukagun eta Etxerat-eko lagunek laguntzen diguten».

Fernandez de Labastida izan da bisitatik ateratzen azkenetakoa, eta, denak elkartuta, bueltarako bidaiari ekin diote. 14:30 dira. Furgoneta bateko bidaiariek El Cepon bazkaldu dute, eta bertzeak bidean geldituko dira, errepide bazterreko ostatu batean. Bueltako bidaian, solasak: zer moduz diren barnekoak, zein arazo izan dituzten... Zigandak azaldu du kartzelatik ateratzean funtzionarioek erran diotela ez zegoela paketerik hartzeko. Arrietak, ordea, abisua emana zion: «Ez ahaztu paketea!». «Esan diot: 'Begiratu ondo, hor egon behar du'». Berriro ezetz. Zerbitzuburuari deitzeko eskatu dio, eta azkenean eman diote: «Paketeak ezohiko bide bat hartu duela eta galdutzat eman dutela. Ordu erdi itxaron ostean ekarri didate». Ez dago harrituta, ordea, «beti» egin baitituzte halakoak: «Kasualitatea izan daiteke, baina hainbeste aldiz putakeriak egin dizkigute, ez dut kasualitateetan sinesten. Adar jotze bat da. Ez banintz tematu, paketerik gabe geratuko nintzen».

Orduak aurrera doaz, eta lo hartu dute batzuek. Paisaia ikus daiteke orain: Zilarraren bidea. Aski laua baina zuhaixkaz betea, eta ibairen bat edo bertze, zubi erromatarren bat tarteka. Puerto de Bejar. Guijuelo. Tordesillas. Valladolid pasatuta, gautu du. «Pikoloak!». Argi urdin bat urrunean, eta urduritasuna. Baina ez dago kontrolik: autobideko panel baten argia da. Berriro barea. Airean Berri Txarrak eta Zea Mays: diskografia osoak bueltaka. Txandak gidarien artean. Lo kuluxkak gibelekoek. Euskal Herrira hurbildu ahala, Gasteiz pasatu, eta euri langarra. Ohartu orduko, Villabona. Marmotaren eguna da, marmotaren urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.