Jordi Pina (Bartzelona, 1965) «benetako» matxinada bat irudikatzen ahalegindu da: «Lehergailuak, kaleak txikituta, armak, borrokak, suteak, kontainerrak iraulita, gatazka egoera handi bat, posizio hartze estrategikoak, erasoak estatuaren instituzioei...». Buruzagi subiranisten kontra Espainiako Auzitegi Gorenean azkeneko lau hilabeteotan egindako ahozko epaiketan ezin izan dute frogatu Josep Rull, Jordi Turull eta Jordi Sanchez akusatuen abokatuak deskribatutakoaren moduko gertakariak izan zirenik Katalunian 2017ko udazkenean. Berdin du. Fiskaltzak bereari eutsi dio, 2017ko urriaren amaieran Jose Manuel Maza Espainiako fiskalburu zenak planteatutakoari, Pablo Llarena auziaren instrukzio epaileak ondoren zurkaiztutakoari, eta matxinada delitua leporatu die ondorioen txostenean: «Estatu kolpe bat» izan zela, Espainiako Konstituzioa «indargabetzea» eta Kataluniaren independentzia aldarrikatzea zutela helburu Oriol Junquerasek eta enparauek, eta matxinada egozteko ez dela beharrezkoa «indarkeria armatua», «setio egoera bat», baizik eta, Espainiako Zigor Kodearen 472. artikulua, matxinadarena, bihurrituz, nahikoa dela «altxamendu» biolento bat, eta hori gertatu zela.
Epaiketa bertatik bertara ikusi du Jose Maria Brunet La Vanguardia egunkariko kazetariak, eta iruditzen zaio biolentziaren erabilera orokorra eragin duen matxinadaz hitz egiteko «gertaera oso larriak» gertatu beharko zirela. «Eta Katalunian orduan gertatu zenak ez du deskripzio horrekin bat egiten». Josep Casulleras (Terrassa, Katalunia, 1981) izan da Vilaweb agerkari digitalaren berriemailea Gorenean, eta matxinada delituak eskatzen duen biolentziaren kontzeptua «eraikitzeko» fiskaltzak izan dituen «elementu bakanak» ditu hizpide. Gogoratu du lekuko gisa deklaratu duten dozenaka poliziak eta guardia zibilak «karkaxez, irainez, eta giroaren indarkeriaz» mintzatu direla, eta fiskaltzak argudiatu duela «larderia» izan daitekeela elementu bat biolentzia definitzen duena.
Fiskaltzak matxinada delitua mantentzeak zer adierazten duen galdetzen dio bere buruari Marina Garces filosofoak (Bartzelona, 1973). «Analisi sakonak behar dira, politikoak, are filosofikoak». Uste du, halere, finean estatuaren oinarriarekin duela zerikusia. «Estatuak biolentziatzat jotzen du bere helburu behinena, lurralde osotasuna, zalantzan jartzen duen edozer. Esaten dutenean legeari obeditzea dela demokraziaren oinarria, finean esaten ari dira legeari hertsiki obeditzea ez den edozer biolentzia politikoa dela». Pentsatzen du fiskalek ulertu behar dutela indarkeria egon dela «estatuaren gorputzaren» kontra. «Bestela...».
Llarenarenaren iguala ia
Eta ikusirik Ministerio Publikoaren tesia Llarenarenaren oso-oso antzekoa dela, iguala ez esateagatik, Casullerasek nabarmendu du Javier Zaragoza, Consuelo Madrigal, Fidel Cadena eta Jaime Moreno fiskalek joan den asteartean plazaratu zituzten ondorioak otsailaren 12an ere azal zitzaketela; hau da, epaiketa hasi zen egunean bertan. Brunetek ere ulergarritzat jotzen du epaiketaren «erabilgarritasuna» dudan jartzea. Garces horri erantzuten ahalegindu da, eta epaiketa, bere horretan, estatuaren «biolentzia ariketa bat gehiago» izan delakoan dago. «Epaiketaren performancea bera biolentzia ariketa bat da. Gorputz batzuk daude, bizitza batzuk, behin-behineko kartzelaldi krudel eta justifikaezinean». Haren esanetan, boterearen «eszenifikazioa» izan dira azkeneko lau hilabeteak. Halere, ideia hori osatzeko, denboran atzera egin du: «Lehen unetik, 2017ko irailaren 20tik gaur arte, estatuaren burujabetza nazionala zalantzan jartzen duen edozeren aurrean ari da bere boterea eszenifikatzen». Prozesuaren judizializazioa, atxiloketak, erbesteratzeak, kartzelatzeak, errepresioa, eskubideen urraketak... «Horren guztiaren jarraipena da epaiketa. Estatua erakusten ari da gai dela irmotasunez erantzuteko, dudarik egin gabe, eta ondorioak onartzeko, bai barruan, estatuan, baita horretatik kanpo ere».
Datorren aste honetan bukatuko da ahozko epaiketa, asteartean eta asteazkenean. Defentsek epaituen absoluzioa eskatuko dute, eta hamabi akusatuek azken hitza hartuko dute. Marina Roig Jordi Cuixarten abokatuak ManuelMarchenari galdetu zion, joan den asteartean, ea 60 minutu baino gehiago edukiko ote dituen defentsa bakoitzak. Epaimahaiburuak erantzun zion Estrasburgon ordu erdi «bakarrik» ematen dutela. Azken epaia absoluzioa ez bada, han, Giza Eskubideen Europako Auzitegian, bukatuko du auziak, itxura guztien arabera, Konstituzionaletik igaro ondoren. Bitartean, azken lau hilabeteok eman dute zeresana.
FISKALEN PORTAERA
Indarkeriaren kontzeptu berri bat eraikiz
Fiskaltzak biolentzia justifikatzeko erabili duen «estrategia» izan da, Casullerasen iritziz, Gorenera, lekuko gisa, poliziak eta guardia zibilak eramatea. «230 agente izan direla uste dut. Denek, batak bestearen atzetik, kontsigna berak errepikatu zituzten —ziurrenik fiskaltzak emandakoak—. Hilabete eta erdi inguru egon ziren, eta giroaren biolentzia hori, larderia sentsazioa, indartzeko ahalegina egin zuten». Agenteek deskribatutako giro hori indarkeria dela ondorioztatu dute fiskalek,eskaerak Zigor Kodeak matxinada delituaz esaten duenarekin bat egin dezan.
Garcesek dioenez, poliziei eta galdetu izan dietenean ea «minik egin ote zieten hankaren batean edo», beti ezetz erantzun izan dute. «Beraz, sentipen bat da biolentzia, hipotesi politikoago hori berrestera datorrena, estatuaren kontrako biolentziarena».
Ondorioak aurkeztu zituztenean, 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpearekin parekatu zuten fiskalek gertatutakoa. Espainian, orain arte, kolpe haren egileak soilik zigortu dituzte matxinada delituagatik: Antonio Tejero guardia zibila eta Jaime Milans del Bosch militarra. Cadena fiskalak azaldu zuenez, biolentzia soilik kontsideratzen bada biolentzia fisikoa dena, «Gutierrez Melladori egindako zangotrabak» izan ziren orduan biolentzia bakarra. «1981eko otsailaren 23an airera tiro egin zuten, eta Valentzian tankeak atera zituzten kalera! Haluzinatuta geratzen zara», azpimarratu du Vilaweb-ekoak.
Pina ez dago harrituta fiskalen portaerarekin, nahiz eta joan den maiatzaren 28an, epaiketan bideoak eta argazkiak ikusteko saioak hasi eta hurrengo egunean, jakinarazi zuten matxinadari eutsiko ziotela. «Bai [jakinarazi zutenean], ikusten ari ginen poliziek eta guardia zibilek nola eman zuten egurra, baina tira, ez zitzaien axola». Fiskaltzaren txostenean ez dute ezer esaten U-1ean agenteen biolentzia pairatu zuten herritarrez. «Pentsatzen da fiskaltza dela legezkotasun printzipioaren eta objektibotasunaren bermatzailea prozesuan». Dena den, halakorik ere ez zuen espero.
Garcesi iruditzen zaio U-1ean poliziek izandako jarrera ez zela ekintza «deskontrolatu eta espontaneo bat» izan. «Nire ustez, ez zitzaien eskuetatik joan, irudi hori bilatutakoa zen. Ekintza ordenatu bat izan zen, pentsatutakoa, onartutakoa».
EPAIKETAREN ZEREGINA
Pultsu prozesal bat
Ondorioen idazkia irakurriz gero, Casullerasek pentsatzen du ahozko epaiketak «bost axola» izan diela fiskalei. Oroitu du, ordea, Marchenak zer adierazten zuen, «behin baino gehiagotan», epaiketaren hasieran. «Errepikatzen zuen inporta zuena zela zer esaten, zer azaleratzen zen, epaiketan». Baina fiskalek Llarenaren autoetan oinarritu dituzte ondorioak. Areago joan da Vilaweb-eko kazetaria: «Gorenaren bigarren aretoaren epaiak, dotrina, jurisprudentzia ere aipatu dituzte txostenetan —hain zuzen, areto hori ari da presoak epaitzen—, haien argudioak indartzeko. Argi eduki behar dugu, horrenbestez, Gorena epaiketaren parte dela, ez dela epaimahaia. Estatua mehatxatua, umiliatua sentitu da, eta erabaki du zigor bat aplikatzea».
Brunetentzat, «pultsu prozesal luze baten modukoa» izan da epaiketa, eta inork ez du balorazio berririk egin. Alde batekoen zein bestekoen lekukotzak guztiz kontrakoak izan dira. La Vanguardiakoa-aren ustez, Josep Lluis Trapero mossoen maiorra zenak ahoratu zuen epaiketako «esaldia» izan dena. «Galdetzen zioten, berak erantzuten zuen, fiskala harrituta bezala geratzen zen, eta Traperok, adierazi nahi zuena laburbiltze aldera, esan zion: 'Begira, fiskal jauna. Badaki berorrek bakoitzak nola bizi dituen direla gauzak'. Hori, ziurrenik, 400 pasa lekukoetara hedatu behar da».
BIDEOAK
Irizpide aldaketekin
Lekukoek deklaratzen zuten bitartean bideoak ikustea ahalbidetu zuen Marchenak, hasieran. «Baina uste dut esperientzia hori ez zitzaiela oso positiboa iruditu epaileei», azaldu du Brunetek. Ez zuten epaiketa luzatu nahi. «Dena den, ez dut baztertzen beste arrazoi batzuk ere egon zitezkeela horretarako». Erabaki zuten irudi guztiak bukaerarako uztea, maiatzaren 27ko asterako. «Ikusle baten ikuspegitik, prozedura hori ulergaitzagoa da. Hau da, argiagoa da lekuko bati bideo batean erakustea kontatzen ari den gertakaria gertatu zen tokian. Irudimenak ihes egiten badio, hori agerian geratuko litzateke. 'Aizu, irudi honek ez du islatzen kontatzen ari zarena'. Baina egia da, aitortu behar da, lau hilabete gehiago iraungo zuela epaiketak».
Froga gisa erabilitako irudiak, izan argazkiak, izan bideoak, lekukotzetatik bereizita, «kontrastea» saihestu nahi izan du epaimahaiak, Garcesen aburuz. Pinak ez daki epaiketa ez luzatzeagatik hartu ote zuten bereizteko erabakia. «Baina futbol partida bat hasten duzunean, eta esaten duzunean hiru gol sartzen dituen aurrenekoak irabaziko duela, eta gero hirugarrena sartzean esaten bada 'ez, orain bost gol sartu behar dira...'. Bada ez, horrek ez du horrela funtzionatzen. Epaiketa hasten baldin bada, eta, hasten bazara bideo batzuk erakusten —Rajoyri erakutsi genion—, nahiko nahasgarria da egun jakin batean esatea ez direla bideo gehiago ikusiko, ez arduratzeko, bere garaian ikusiko direla».
Eta bai, ikusi zituzten. «Baina ezin zen komentariorik egin, ezin zen ezer egin...». Rull, Turull eta Sanchezen abokatuaren iritziz, hala jokatuta defentsa eskubidea urratu zuen epaimahaiak. «Izan ere, bideoak erakusteak ahalbidetzen du epaimahaiak in situ antzeman dezakeela lekukoaren sinesgarritasuna».
MARCHENAREN JARRERA
Eskubideen urraketa
ITW International Trial Watch-Catalan Referendum Case plataformaren bidez, hainbat begiralek bertatik bertara ikusi dute epaiketa, publiko moduan, nahiz eta Marchenak ez zien horretarako baimenik eman. Salatu izan dute epaimahaiburuak, bere jardunean, akusatuen defentsen eskubideak urratu dituela.
Casullerasek egiaztatu du Marchenaren jarrera aldatuz joan dela. «Hasieran obsesionatuta zegoen itxurak zaintzearekin eta defentsa eskubidearekin, irudi hori ematearekin. Dena kalkulatuta zeukan. Nazioarteko hedabideen fokupean zegoen hasieran epaiketa». Baina uste du prozedurak aurrera egin ahala «benetako Marchena» azalduz joan dela. «Eragotzi ditu, esaterako, akusatuen defentsen zenbait galdera. Lekuko batzuei utzi zien azaltzen zer ikusi, sentitu, edo pentsatu zuten U-1ean, baina hori mugatuz joan da».
Epaimahaiburuaren jarrera zuzenean nozitu behar izan zuen Garcesek. Cuixarten defentsak deituta, lekuko gisa deklaratu zuen joan den maiatzaren 14an. Garces hasi zen esaten U-1ean sukarrarekin esnatu zela. Marchenak ohartarazi zion balorazio pertsonalak saihesteko. Filosofoak berriro errepikatu zuen sukarrarena. «Ez iezadazu ihardetsi eta ez iezaguzu zure sukarraz hitz egin; hitz egin iezaguzu bozkatzera joan zinenekoaz», erantzun zion epaimahaiko presidenteak. Garcesek jarraitu zuen esaten «haluzinatu» egin zuela polizien oldarraldiekin. «Zu ez zatoz hona zure haluzinazio mailaren edo zure sukarraldiaren berri ematera», eten zion Marchenak. Gainera, ez zion ohar batzuk begiratzen utzi, beste lekuko gehienei horretarako baimena eman izan dien arren.
«Biolentzia instituzionala biolentzia pertsonal bihurtu zen», azpimarratu du Garcesek hiru aste geroago. Filosofía inacabada (Bukatu gabeko filosofia, 2015) saiakeraren egilearentzat «oso desatsegina» izan zen. «Histeriko bat nintzela esatea bakarrik falta izan zitzaion. Misoginia osagai argi bat egon zen. Eta hori berretsi zidaten han ordu asko zeramatzatenek; eta ez soilik epaituak izaten ari direnen aldekoek».
Pinak ez du epaimahaiko presidentearen jarrera justifikatzen, baina uste du egiteko «zaila» duela. «Mila begi dauzka begira. Epaiketa hau zuzenean ikusi ahal izan da, baina ez da oso diferentea izan beste batzuekin alderatuta. Epaimahaiko presidente batek Poliziaren rola egin beharra dauka». Hori bai, «kritika bat» egin nahi dio. «Egiten genituen galderen edo protesten justifikazioak boz gora egin nahi genituen, eta askotan ez du hori baimentzeko gerririk eduki».
Halere, Brunetek dio «alde guztiak» kexatu direla Marchenaz. «Prozesuko alde guztiek esango dizute hori. Fiskaltza ere oso haserre dago, iruditzen zaiolako asko moztu diela, ez diela utzi galdetzen». Nolanahi ere, epaimahaiaren «inpartzialtasuna», Bruneten iritziz, epaiketaren saioak gidatzeko moduan baino gehiago —«horretan ere, ez dut esaten inportantea ez denik»—, epaian erakutsi behar da.
DIRU PUBLIKOAREN ERABILERA BIDEGABEA
Beste delitu bat da, sedizioagatik zigortuz gero
Madrigal fiskalaren hitzetan, Generalitateak «erakunde kriminal» gisa jokatu zuen, eta erakunde publikoetatik hiru bat milioi euro bideratu zituen erreferendumerako. Hortaz, diru publikoa bidegabe erabiltzea ere egotzi die Ministerio Publikoak buruzagi subiranistei. «Diru publikoaren erabilera bidegabea erakutsi egin behar duzu: badago edo ez dago», azaldu du Casullerasek. «Froga bakar batek ere ez du erakutsi erreferendumerako gastuak egin zirenik». Brunet ere antzera mintzo da: «Froga argirik egon ote den esatea asko kostatuko zitzaidan». Fiskaltzarentzat, hainbat modu erabili zituen Generalitateak; esaterako, esleipenak mozorrotzea. Tesia da diru publikoa bidegabe erabiltzen dela lan bat egiteko orduan, iragarkiak adibidez, nahiz eta horiek ez ordaindu.
La Vanguardia-ko kazetariak nabarmendu nahi izan du delitu horrek zer eragin dezakeen. Matxinadagatik zigortzen badituzte, diru publikoaren erabilera bidegabearena astungarri bat izango da. «Zigorra, ordea, sedizioagatik bada, Estatuaren Abokatutzak eskatu bezala, diru publikoa bidegabe erabiltzea delitu baten gisara kontsideratuko dute; hau da, bi delituen batuketak, larrienak, matxinadak, bezainbesteko zigorra ekar dezakeela»
DEFENTSEN LANA
Koordinatu gabe
Akusatuen abokatuek ez dute defentsa bateratua egin. Andreu Van den Eynde Junquerasen eta Raul Romevaren abokatuak joan den urtarrilean BERRIAri adierazi zionez, defentsen artean «oinarrizko kontsentsu bat» egongo zen: «Epaiketa guztietan gertatzen da, baita honetan ere, eta ulertu behar da jende batek ez zuela inongo inplikaziorik eduki oinarrizko gertaeretan, eta bere posizioa modu oso tangentzialean plantea dezakeela».
Baina Casullerasek uste du ez dutela, «oro har», koordinatuta jokatu. «Koordinatuta bai, baina ikuspegi funtzional batetik». Faltan sumatu du, «agian», irmotasun handiagoa, «defentsa eskubidea urratu ziren uneak salatzeko orduan». Iruditzen zaio batzuetan «begirada kontserbadorea» eduki dutela Marchenari aurre egiteko orduan, «soka tenkatzeko orduan». Cuixarten abokatuak ahalegindu direla, eta «neurri txikiagoan» Van den Eynde; «baina ez da nahikoa izan».
Ez dago ados Pina. «Lau hilabete hauek errepasatzen badituzu, behin baino gehiagotan saiatu naiz. Ez genuen polemizatu nahi. Aspergarria da epaimahaiburuarekineztabaidak edukitzea, harekin borrokatzea; jende guztia begira dago. Baina gure lana egin dugu». Egindakoarekin defentsak «pozik» daudela jarri nahi izan du mahai gainean. «Gure lekukotzek, adituek eta dokumentuek egiaztatu dute egiaztatu nahi genuena, eta, gainera, akusazioek proposatutako frogek ez dute egiaztatu haiek egiaztatu nahi zutena». Legelari kataluniarrak azpimarratu nahi izan du, gainera, areto barruan denek eduki dutela harreman «adiskidetsua», gorabehera «logikoak» alde batera utzita. «Ez zaio buelta gehiago eman behar. Egon dira epaimahaiaren gauza batzuk gustatu ez zaizkidanak, salatu ditut, eta idazkian jarriko ditut».
EPAIAREN ZAIN
Estrasburgora begira
Goreneko iturriak aipatuz hainbat hedabidek kaleratutakoaren arabera, epaia udaren ostean kaleratuko du epaimahaiak. Hori osatzerakoan, Marchenak instrukzio fasearekin «arazo bat» duelakoan dago Casulleras: «Marchenak erabaki behar du ea jarraitzen duen Llarenak aplikatu zuen zigor hariarekin, edo instrukziotik aldentzen den eta aplikatzen duen irizpide propio bat, kontuan hartuta azken hilabeteotan aurrean izan dituen frogak». Uste du oso inportantea izango dela erabakia aho batez hartzea, Gorenak «bere prestigioa» mantendu nahi baldin badu.
Absoluziorik ez badago, eta ez dirudi hala izango denik, auziak Estrasburgon bukatuko du, kontuan hartuta defentsek hainbatetan salatu dituztela giza eskubideen urraketak. Eta hori horrela, Marchenak eta beste sei epaileek «kalkuluak» egingo dituztela pentsatzen du Vilaweb-ekoak. «Kalkulatuko dute, batez ere, balizko zigortuek Estrasburgon jarriko dituzten salaketei noiz erantzungo dieten. Estrasburgok sei urteren buruan ebazten badu, esango dute: 'ezin dugu 25 urteko zigorra ezarri, baina, beharbada, 12-14koa bai, sei edo zazpi urte barru hirugarren graduan egongo dira...'»
«Larria» litzateke, Pinaren iritziz, epaimahaiak, Estrasburgo begira duela dakienez, «epai salomonikoa» egitea. Horrekin lotuta, Estrasburgo aipatzea, «urteez» hitz egitea dela dio Garcesek. «Denboraz, bahitutako bizitzez, egiten ari ez den politikaz...».
Subiranistak konbentzituta daude Giza Eskubideen Europako Auzitegiak arrazoia emango diela. Maiatzaren 28an Espainiako Estatuaren alde egin zuen, iritzita Konstituzionalak ez zuela giza eskubiderik urratu U-1aren ondorengo osoko bilkura debekatuz. Brunetentzat, prozesu «luze hau» kirol lehia batekin parekatuz gero, «1-0koa» litzateke emaitza. «Ez da gauza bera Estrasburgora osoko bilkura baten gaia eramatea, edo matxinadagatik ezarritako zigor bat epaitzea, baldin eta hala gertatzen bada».
Independentistentzat, «fartsa bat» izan da epaiketa, estatuaren boterearen ariketa bat gehiago, eta epaia idatzita dago. «Gorenak ateratzen dituen ondorioak arrazoizkoak eta arrazoituak iruditzen bazaizkigu, horrek emango digu, egiazki, justiziaren ariketa independentearen maila», adierazi du Brunetek.
Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketaren bukaera
BOTERE ARIKETA BATEN JARRAIPENA
Auzia ireki zuen tesiari eutsiz, fiskaltzari iruditzen zaio «altxamendu» biolento bat gertatu zela Katalunian 2017ko urriaren 1aren bueltan, «estatu kolpe bat», eta horrek justifikatzen duela buruzagi subiranistei matxinada delitua egoztea. Epaiketak iraun duen lau hilabeteetan ikusi eta entzun ahal izan dena aintzat hartuta, ordea, ez dago zigor eskaera horri eusteko inongo oinarririk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu