Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Zabaltegi-Tabakalera

Musikaren babesean

Meet Me In The Bathroom filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun

'Meet me in the bathroom'



Zuzendariak: Dylan Southern eta Will Lovelace. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 108 minutu.

The Moldy Peaches, Karen O, The Strokes, Yeah Yeah Yeahs, Interpol, TV On The Radio, The Raptures eta LCD Soundsystem. The Moldy Peaches taldea osatzen duten Kimya Dawson eta Adam Green kantu batean lanean ari direla, kide batzuek gelan sartzera gonbidatzen dituzte, dokumental bat grabatzen ari direla, eta bertan azaldu nahi duten galdetuz. 1990eko hamarkadaren amaieran gaude, New Yorken. Rock musika indarra hartzen doa Brooklyn auzoko lokaletan, eta espero ez zuten arrakasta lortuko duten taldeak haien lehen pausoak ematen ari dira.

Artxiboko irudi eta audioak bildu dituzte Dylan Southern eta Will Lovelace ingelesek Meet Me In The Bathroom dokumentala eratzeko. Bideoklipen munduan arituak dira biak, eta bi musika talderi buruzko film luzeak zuzendu dituzte. Meet Me In The Bathroom izen bereko Lizzy Goodmanen liburuan oinarrituta dago, eta Sundanceko jaialdian estreinatu zuten.

Aitortu beharra daukat ez naizela aipatu taldeen jarraitzaile sutsua. Ezagunak ditut (ez denak) eta abesti pare bat errekonozitu nitzake, baina ez neukan ideiarik haien jatorriaz, hastapenez, ezta taldekideen bizitzaz ere. Beraz, dokumentalak aurrera egin ahala deskubritzen joan naizen istorioak eta detaileak izan dira. Imajina dezaket taldeen zaleek beste era batera biziko dutela filma ikustearen esperientzia, baina niretzat bidaia bat izan da: amets eta ilusioz beteriko pertsonaia batzuen bidaia, lekuz kanpo sentitzen ziren horiena, New Yorkeko tabernek harrera egin eta babestu zituztenak. Arrakasta lortu ahala sortzen joan ziren beldur eta zalantzak, alkohola eta drogak, eztabaida eta gaizki-ulertuak.

Talde batetik bestera salto egiten du Southern eta Lovelaceren filmak, garai eta mugimendu hartako musika talde esanguratsuenen ibilbidea kontatuz. Askotan gurutzatuko diren ibilbideak izango dira, baina bakoitzak bere istorio propioa du, eta zuzendariek ondo errespetatzen jakin dute; film koral bat sortu dute.

Aipatu nahi dut benetan interesgarria egin zaidala Yeah Yeah Yeahs taldeko Karen O abeslariaren kontakizuna. Gizonezkoen mundu batean frontwoman-a izateak ekarri zizkion zalantza eta intseguritateak, eta hipersexualizatzen zuen mundu batean bere izaera eta ahotsa mantentzeko izan zituen arazoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.