Oina zapatilan sartu bezain laster, oso sentipen ona izan nuen. Eta korrika hasitakoan, izugarri gustura aritu nintzen. Sekulako aldea nabaritu nuen: oso erosoak dira, eta bikain moteltzen dituzte oinkadak». Iraitz Arrospiderena da aitormena (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1988). «Aurreraka bultzatzen zaituzte une oro, eta nekea arintzen dute, batez ere maratoiaren 30. kilometrotik aurrera, lasterketaren zatirik gogorrenean, hankek gehien sufritzen dutenean. Izugarri eskertzen da». Elena Loyorena (Gasteiz, 1982) da beste aitormen hori. Nike AEBetako kirol enpresak ekoitzitako azken bi zapatilaz ari dira biak, Vaporfly %4 eta ZoomX Vaporfly Next% modeloez.
Bi zapatila horiek makina bat lerroburu bete dituzte azkenaldian. Vaporfly Next%-arekin txikitu zuen Brigid Kosgei kenyarrak maratoiaren munduko marka joan den urriaren 13an, Chicagon (AEB). Txikitu, 2.14.04ko denbora egin baitzuen, eta minutu eta 21 segundo hobetu Paula Radclifferen marka. Hamasei urte zituen atleta ingelesaren errekor handi hark. Hobetu ezina zirudien, gertuen ibili zena, Mary Jepkosgei Keitany kenyarra, minutu eta erdi pasatxo motelagoa izan baitzen. Kosgeik berak ia hiru minutu marka eskasagoa zuen. Baina Chicagon hegan egin zuen. Bera ere harritu zen egindakoarekin. «Ez nuen espero, baina oso ondo nengoen. Gorputzak aurrera egiteko eskatzen zidan», aitortu zuen maratoia amaitu berritan.
Kosgeik igande batez eman zion astindua kronometroari. Bezperan, berriz, haren herrikide Eliud Kipchogek jarri zuen dardarka erlojua. 1.59.40 besterik ez zuen behar izan 42,195 kilometro egiteko, Ineos Erresuma Batuko enpresa multinazionalak neurrira Vienan prestatu zion erronkan. Hamaika laguntza izan zituen, eta, horregatik, Munduko Atletismo Federazioak ez zuen balekotzat eman marka. Laguntza horietako bat izan ziren, hain zuzen, ahalegin horretarako preseski Nikek egin zizkion Alphafly zapatilak. Prototipo iraultzaile bat da, ez du Munduko Atletismo Federazioaren oniritzia, eta ez dago salgai. Kosgeiren zapatilak, aldiz,baimenduta daude, baita salgai ere, 250 euro ingururen truke.
Bi atleta kenyarrek egun eskas baten tartean egindakoa urak gainezka egiteko falta zen tanta izan zen. Ordurako pil-pilean zegoen Nikeren zapatila iraultzaileen inguruko afera. Ez zen gutxiagorako. Zapatila horiek oinetan zituzten atletak irabazi eta irabazi ari ziren: munduko sei maratoi nagusietan —Boston, Chicago, New York (AEB), Tokio, Londres eta Berlin— eta Dohako Munduko Txapelketakoan podiumera igotako 42 atletetatik 36k jantzi zituzten Vaporfly Next% edo Vaporfly %4 zapatilak. Podiumera igo ez ezik, euren markarik onena ere lortu zuten ia guztiek. Baina ez bakarrik haiek, baita kirol oinetako horiek erabili zituzten korrikalari ia guztiek ere.
Aparra eta karbono plaka
Arrospide eta Loyo ez dira salbuespen. Biek hobetu dituztemarkak zapatila horiek janzten dituztenetik. Arrospidek biak erabili ditu, «Vaporfly %4-arekin, hiru minutuan hobetu nuen nire markarik onena maratoian, iazko abenduan, Valentzian [Herrialde Katalanak]: 2.13.23. Vaporfly Next%-ak, berriz, 50 kilometroko Munduko Txapelketan [irabazi egin zuen], Valentziako maratoi erdian eta Behobia-Donostian erabili ditut. Guztietan hobetu dut nire marka». Loyok Vaporfly %4-ak ditu, eta hark ere hobekuntza handia izan du. «Behin erabili ditut maratoi batean, joan den apirilean, Hanburgon [Alemania], eta bi minutu pasatxo ondu nuen nire markarik onena: 2.31.13». Biek ala biek, hala ere, argi utzi dute zapatilek «mesede» egiten dutela, «baina ez miraririk». «Lehen aldian, bai, nabari daiteke aldea; baina hurrengoetan, jada norberaren sasoiak eta ahalmenak daukate garrantzia, ez zapatilek», azpimarratu du Arrospidek. «Ez dira magikoak». Baieztapen argi horrekin amaitu du Loyok.
Ez dira magikoak, baina zer dute zapatila horiek erabiltzen dituztenek halako hobekuntza handia izan dezaten? «Zapatila horiek karbonozko plaka nahiko zurrun bat dute zolan, eta plaka horrek goitik eta behetik pebax materialez osatutako geruza bat du. Pebax materiala oso arina eta malgua da; beraz, zola handiagoa izateko aukera ematen du, pisuan eraginik izan gabe. Horri esker, oinkada bakoitzeko ekoizten dugun energiaren zati handi bat itzuli egiten da, berriro abiada hartzeko. Zenbait ikerketaren arabera, bi elementu horien nahasketak %4 hobetzen du errendimendua», azaldu du Jordan Santosek (Zaldibar, Bizkaia, 1985), Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakasle eta ikerlariak.
Zapatila guztiek hobetzen dute errendimendua; bestela, oinutsik egingo litzateke korri. Baina non dago bidezkoaren eta baimendutakoaren arteko muga? «Atletismoaren Mundu Elkarteak bere araudian dio zapatilek ez dutela abantaila injusturik eman behar, baina arazoa da ez duela zehazten zer den injustua». Santosek argi du zer den abantaila injustu bat. «Fisiologia eta prestaketa bera duten bi atleten artean, batek besteari kanpoko faktore batengatik irabazten dionean; kasu honetan, zapatilengatik. Ikerketek baldin badiote zapatila horiek erabiltzen dituzten guztiek %4ko hobekuntza dutela, nire ustez, hori abantaila injustua da. Kasu horretan dopin teknologikoaz ere hitz egin genezake».
Zenbait ikerlarik muga bat proposatu dute: bueltatutako energia %100 baino gehiago duten zapatilak debekatu beharko lirateke. Santosek lehenago debekatuko lituzke. «Egun, zapatila horiek %87 inguru bueltatzen dute, orpazurda batek itzultzen duena baino askoz gehiago. Nik ez nuke horrenbeste itxarongo. Ni, adibidez, ados nago Nicholas Tam eta Geoff Burns ikerlariek proposatutakoarekin: zolen artekoa gehienez hiru zentimetro izatea. Horrek eragotzi egingo luke bide horretatik jarraitzea».
Lasterketa, ordea, ez litzateke etengo. «Marka guztiek segituko diote Nikek hasitako bideari, eta azkenean, denak berdindu egingo dira. Arazoa da egungo atletek aurrekoek baino askoz material hobeagoa izango dutela, eta ezinezkoa izango dela batzuen eta besteen markak konparatzea. Garapena beti gertatzen da, baina ez horren denbora gutxian. Ez da normala bat-batean atleta guztiek, tartean bere onena emanda zeuden askok, bi minutuko hobekuntza izatea. Antzekoa ari da gertatzen herri lasterketetan. Denak ari dira hobetzen euren markak, eta urte batetik bestera egon den alde bakarra Nikeren zapatila berri horiek izan dira».
Aurrena bainujantziak
Dopin teknologikoa aipatu du Santosek. Hain zuzen, igeriketan gertatu zen antzekorik azkeneko aldiz kirolean. 2008. eta 2010. urte artean izan zen, flotagarritasuna hobetzen zuten poliuretanozko bainujantziekin. Tarte horretan 130 munduko marka baino gehiago hobetu ziren, ia guztiak bainujantzi berri horiekin. Hobetu ezinak ziruditen hainbat errekor irrigarri geratu ziren. Egoerak gainezka egin zuen, eta Fina Nazioarteko Igeriketa Federazioak debekatu egin zituen. Munduko markak, ordea, bere hartan utzi zituen. Hala, orduko asko daude oraindik indarrean.
Santosek ez du uste Munduko Atletismo Federazioa hori egitera ausartuko denik. «Batetik, igeriketak ez du mugitzen atletismoak mugitzen duen dirutza. Bestetik, bainujantzi horiek ekoitzi zituen Speedorekin alderatuta, enpresa erraldoia da Nike. Azkenik, ez dut uste Munduko Federazioak Nikeren kontra egingo duenik, are gutxiago kontuan hartuta, federazioko burua, Sebastian Coe, Nikek babestutako atleta izan zela, eta erretiroa hartzean ere haren irudi eta ordezkari izan zela. Ez naiz baikor. 2017an aukera izan zuten araudia aldatzeko. Bilera batzuk egin zituzten, baina alferrik».
Argi dagoena neurririk hartu ezean, markak gero eta hobeak izango direla. Baina noraino? Santosen iritziz, gakoa izan daiteke Kipchogek erabilitako Alphafly zapatilak baimentzea edo ez. «Ez dut uste baimenduko dituztenik. Zapatila horiei bide emateak mugarri bat ezarriko luke, eta gertulegoke maratoi komertzial bat bi ordutik behera egitea. Hori astakeria litzateke».
Zientzia pauso bat aurretik doa
Nikek diseinatutako azken zapatilak erabiltzen dituzten atletak ia dena ari dira irabazten, baita markarik onenak egiten ere. Zapatila horien ezaugarriek asko hobetzen dute errendimendua, eta, horregatik, eztabaida dago ea debekatu beharko liratekeen. Munduko Federazioak ez du oraingoz neurririk hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu