Sare pelagikoak erabiltzen dituzten Kantauri itsasoko arrantzaleek, Lapurdikoek eta Frantziakoek alegia, apirilaren 15ean ekingo diote aurten antxoaren arrantzari. Azken urteetan baino sei aste lehenago da hori. Data aurreratze hori onartzearen truke, teknika tradizionalak erabiltzen dituzten arrantzaleek —Bizkaikoek, Gipuzkoakoek eta Espainiakoek—, kuota txikiagoa utziko dute pelagikoak erabiltzen dituztenen esku. Orain arte, %5 ematen zieten; aurten, berriz, %3. Espainiako eta Frantziako gobernuek akordio hori berrestea falta da, baina ez dirudi hori traba izango denik.
Antxoaren kosterak joko arau berriak izango ditu aurten. 2009az geroztik Bilboko Itun delakoak arautzen zuen teknika tradizionalak eta sare pelagikoak erabiltzen dituztenen arteko harremana. Itun hori, baina, aurten bukatu da, eta Lapurdiko eta Frantziako arrantzaleek baldintza berriak eskatu zituzten. Iragan asteartean bildu ziren bi aldeak, Getarian (Gipuzkoa), eta hasieran ez zuten eman akordioaren xehetasunen berri, baina dagoeneko jakinak dira, eta aldaketa sakonak badaude.
Teknika tradizionalak erabiltzen dituzten arrantzaleak azken urteetako egun berean hasiko dira: martxoaren 1ean, eta kilo gehiago arrantzatu ahal izango dituzte. Aurreko urteetan 1.700 tona ematen zizkieten Lapurdi eta Frantziako ontziei, guztiaren %5. Aurten, berriz, milioi bat kilo inguru emango dizkiete bakarrik. Trukean, pelagikoen erabiltzaileak lehenago hasi ahalko dira, eta euren antxoarentzako prezio hobea lortu. Azken hamar urteetan, ekainaren 1ean hasi izan dira, eta ontzien jabeak kexu ziren ordurako prezioa nahiko txikia zelako. Kosterak aurrera egin ahala, prezioak behera egiten du.
Bilboko Itunaren oinarria zen bi teknikak erabiltzen dituzten arrantzaleek itsasoan ez elkar topatzea, eta, datak aldatu diren arren, litekeena da aurten ere ez topo egitea. Izan ere, azken urteetan teknika tradizionalak erabiltzen dituzten arrantzaleek epea baino askoz lehenago bete izan dute kuota —29.770 tona arrantzatu ditzakete guztira, eta bitan banatzen dute: %90 urteko lehen seihilekoan, eta beste %10 bigarrenean—. Iaz, esaterako, neurriak hartu behar izan zituzten kostera goizegi ez amaitzeko. Apiril amaieran, astean lau egunez bakarrik irten ziren itsasora, eta maiatzean, hirutan. Lonjako batez besteko prezioa 1,80 euro izan zen, baina antxoa gehien sartu zen egunetan 0,30 zentimoraino jaitsi zen.
Sasoiko lehen kostera da martxokoa, eta antxoatara irtengo diren Euskal Herriko ontzi gehienak Gipuzkoakoak dira, berrogei inguru. Bizkaikoak bederatzi dira, eta Lapurdikoak, dozena bat. Euskal portuetan, dena den, askoz ontzi gehiago ibiltzen dira. Iaz, esaterako, 65en bat ontzik deskargatu zuten Ondarroan, espainiarrak eta galiziarrak barne.
Lapurdiko eta Frantziako arrantzaleek apirilaren 15ean ekingo diote antxoari
Sare pelagikodun ontziak azken urteetan baino sei aste lehenago hasiko dira aurten. Arrantzale tradizionalek kuota txikiagoa emango diete: %3
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu