Hasi berri den urtea eremuz eremu «euskara zentroan jartzeko» urtea izatea nahi du Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak (Berango, Bizkaia, 1970). Lehentasuna eremu informala dela uste du, horri baiteritzo ezagutzatik erabilerara jauzia emateko gakoa.
«Erabileran eta ezagutzan aurrera egitea» du helburu Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Agenda Estrategikoak. Datuek, ordea, erakusten dute jakiteak ez duela bermatzen erabiltzea.
Eremu akademikoan eta formalean euskara bermatuta dago. Desorekatua eremu ez-formala dago. Hor ez badago aukerarik euskara erabiltzeko, normala da hiztun berriek ez erabiltzea euskararik eskolatik kanpo. Eremu ez-formalak euskaraz betetzea izango da datozen urteetarako erronka nagusia: aisialdia, kirola... Betiere, kontuan izanda hizkuntza hegemonikoek indar handia dutela eta oso ondo kokatuta daudela gozamenerako diren eremu horietan. Kontsumorako eduki erakargarriak daudenean euskaraz, gazteek ez dute arazorik; are, beren hizkuntzatzat hartzen dute. Arazoa da euskara ez dela praktikoa beraientzat. Eman diezaiogun praktikotasun hori.
Ekainean, Batuz aldatu adostasun soziala aurkeztu zen. Izan daiteke administrazioaren eta euskalgintzaren arteko adostasunerako oinarri?
Administrazioari helburu errealistak jartzea dagokigu, badakigulako den-dena ezin dela batera egin. Badakit gizarte eragileek aurretik joan behar dutela, eta saiatu behar dutela indarra egiten, eta egiten ari dira. Egin beharrekoen diagnostikoan ados gaude, eta indar metaketa hori oso garrantzitsua izango da erritmo biziagoan joateko eremu batzuetan. Badira presa duten eremuak. Gauza batzuetan erritmo batekin joan beharko dugu, eta beste batzuetan beste batekin, baina elkarrekin.
Digitalizazioarena eta ikus-entzunezkoena izan daiteke presazko eremu horietako bat. Nola bermatu hor euskara?
Erronka konplexua da, eta errealismo puntu bat behar dugu. Ezinezkoa da euskara ingurune digitalean leku guztietan egotea hegemonikoak diren hizkuntzekin batera; streaming plataforma batetik bestera salto egin, eta euskara une oro presente egotea. Hautuak egin behar dira, eta hautuak izan behar du umeentzako kontuetan ahalik eta produkzio handiena euskaraz egotea. Euskaraz entzun behar dute, baina ez dugu ahaztu behar gero eta gehiago kontsumitzen dugula jatorrizko bertsioetan. Azpidatziena egingarria izan daiteke, edo, gutxienez, negoziagarria. Batzuetan, araugintza erabili beharko da, eta beste batzuetan, negoziazioa. Laguntza eman behar genieke euskarazko edukiak sortzeko hautua egin dutenei. Erabaki behar dugu 100.000 euro eman behar dizkiogun Disneyri film bat jartzeko edo gure gazteei eta sortzaileei beste bide batzuk zabaldu behar zaizkien euskaraz sortzen jarraitzeko.
Hezkuntza Lege berriaren inguruko eztabaida bizi-bizi dago. Hizkuntza planak deszentralizatu eta egoera soziolinguistiko bakoitzera egokitzea proposatu zenuen batzorde txostengilean. Zer ekarriko luke horrek?
Gurasoei eman diegun mezua da haurrak eleaniztunak izatea lortuko dutela hezkuntza sistemaren eta egin duten hautuaren bitartez. Kalitatezko hezkuntza eskaini diegu, ekitatiboa, inklusiboa eta, gainera, bi hizkuntza ofizialetan gaitasun aurreratua emango diena ikasleei. Hori saldu diegu, eta hori aurrera eramateko ez du balio D eredu batek. Ez da nahikoa. Horregatik proposatu nuen ikastetxekako hizkuntza proiektuak egitea, kontuan hartuta ingurune soziolinguistikoa eta ikasleen ezaugarriak. Irakasleak prestatuz eta baliabideak emanez. Baina eskolan egiten denak ez du balio handirik kanpoko guztia herrian gazteleraz egiten bada. Hizkuntza proiektu orokor horretan txertatu behar dira eskola, komunitatea eta udala. Euskaldundu ditzagun kirola, aisialdia, egokitu kultur etxeko egitaraua... Hala, umeek beharrezkoak dituzten eremu horiek irabaziko dituzte.
Ereduen sistemak badu zentzurik hor, kontuan izanda gutxienez A eta B ereduetan nolako zailtasunak dauden euskaraz gutxieneko maila eskuratzeko?
Ez dago A, B eta D eredu pururik, hiru hizkuntzatan irakasten ari garelako. Kontuan izan behar duguna ez dira ereduak, baizik eta leku guztietan lortu beharreko helburua: hizkuntza ofizialetan maila aurreratua eta atzerrikoan erdi mailakoa. Horretarako zer eredu eraiki behar dugu? Eredu hori berbera izango da Tolosan eta Barakaldon? Ezin da berbera izan, baina argi dago denetan euskarak eta euskal kulturak izan beharko dutela ardatza. Hori oinarrian duen sistema eleaniztuna eraiki behar genuke, tokian-tokian egokituko dena. Eta urtero jarraipena egin, helburuak lortzeko.
Hezkuntzako hainbat eragilek ere proposatu dute ereduen sistema gainditzea. Izango du lekurik hezkuntza lege berrian?
Parlamentuak erabaki beharko du hori. Uste dut helburu nagusian ados jarri behar dugula. Gainerakoa adituek badakite nola egin, eta uste dut gizartearen atxikimendu ia osoa daukagula. Euskal Autonomia Erkidegoko guraso bati esaten badiozu helburua dela hezkuntza sistema eleaniztun bat, nork esango du ez duela nahi bi hizkuntzetako bat jakitea? Guk esan behar dieguna da hori bermatuko dela, tokian-tokian, ahaztu gabe gure sistemak aldaketa behar duela. Lehengo metodologiek ez dute balio egungo mundurako.
Hezkuntzari lan arloan segida ematen ez bazaio, ordea, katea eten egiten da. Ildo horretan egin zenuten euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko plana.Fruiturik jasotzen ari da?
Beharrezkotzat ikusten genuen hizkuntza guztiak kudeatzeko planifikazio bat egitea enpresaz enpresa. Gida moduko bat atera dugu, azaltzen duena nola egiten diren hizkuntzen inguruko hausnarketa eta hizkuntzen planifikazio hori. Niretzat, aurrerapausorik garrantzitsuena hori izan da aurten. Gizarte eragileekin landutako diskurtso potente bat ere badaukagu, esateko euskararena ez dela zigor, inposaketa eta gainkarga bat, baizik eta ona izango dela lehiakorra izateko, langileen barne kohesiorako; balio erantsi bat. Normaltasunez hartzen dute. Horrez gain, Bikain ziurtagiriaren moldaketa osoa egingo dugu. Ziurtagiriak bide bat egingo du enpresa pribatuetarako, eta beste bat publikoetarako. Bikain ez duen enpresak apur bat jokoz kanpo sentitu behar du herri honetan; hori izango da gure politika.
ELA, LAB eta Kontseiluak legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen legebiltzarrean, 50 langiletik gorako enpresetan euskara planak negoziatzera behartuko lukeena. Zerk eragotzi zuen horrek aurrera egitea?
Parlamentuan ez zen atera. Guk gure bidean jarraitu behar dugu, eta langileek eurenean. Langileek eurek garrantzia ematen badiote eta beren agendetan eta negoziazioetan euskara jartzen badute, albiste ona izango da. Nahi genuke enpresetan zentroan egotea euskararen gaia, baina orain arte ez da egon. Langileen partetik eskaera badago. Erakundeei laguntza eskatzen badiete, izango da modua. Prestakuntza eta dirua eskainiko dizkiegu guk. Hori dagokio administrazioari.
Sustapenaren alde egin duzue, beraz, eta araugintza baztertu.
Niretzat eraginkorragoa da. Enpresetan gaia era normalizatuan txertatzen denean, jarraipena izaten du, eta ez da euskara batzordearen lan bat, baizik eta zuzendaritzarena. Eta gaiaren lidergoa zuzendaritzak izatea edo euskara batzorde batek izatea, oso desberdina da. 2023an ikusiko dugu zer emaitza dituen planak.
Batez ere hezkuntzaren bidez euskaldundutako belaunaldiak sartzen ari dira administrazioan. Gai izango dira euskaraz aritu eta arreta euskaraz emateko?
Ez nau kezkatzen, eta, gainera, haserretzen nau kolokan jartzeak. Administraziora sartzen diren gazteek gazteleraz ere ez dakite lan egiten, baina ikasi egiten dute. Euskaraz ikasi dutenek edo hizkuntza eskakizuna egiaztatuta daukatenek ez dute inolako arazorik izango. Teknologiak ere asko garatu dira; esaterako, badugu oso ondo funtzionatzen duen itzultzaile neuronal bat, are hobeto hizkuntza juridiko-administratiboan. Beste kontu bat da administrazioa prestatu beharko dugula urrats horiek egiteko. Erabilera plan potenteak jarri behar dira martxan, eta jartzen diren helburuak lortzen joan.
Auzitegien azken ebazpenek arriskuan jartzen al dituzte hizkuntza eskakizunak?
Auzitegiek aspaldian bide bat hartu dute, baina guk aurrera egin behar dugu. Dekretuak ditugu indarrean, bi hizkuntza ofizial ditugu, eta garrantzitsuena, gizartearen atxikimendua. Gizartearen gehiengoak uste du administrazio publikoan bi hizkuntza ofizialetan artatua izan behar duela. Ingurune soziolinguistikoaren arabera txertatu dira hizkuntza eskakizunak, era progresibo batean eta herritarren atxikimenduarekin. Gainera, segurtasun juridikoa daukagu; 2016ko Udal Legearen arabera, euskaraz ere lan egin dezakegu segurtasun juridiko osoarekin, eta hori sekula ez dugu eduki.
Lege hori ere arriskuan dago, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren zain.
Legea ezin dute osorik atzera bota, eta ikusiko dugu zer artikulu nahi duten kolokan jarri. Gu aurrera goaz. Erakundeak, eremu euskaldunetan zein besteetan, ari dira euskaraz lan egiten. Eta aldagai garrantzitsu bat dugu alde: ez dugu gizartearen kexarik. Hemen, hizkuntza eskubideak errespetatu egiten dira, eta errespetatzen ez direnak euskaldunenak dira.
Bistakoa da euskalgintzaren eta erakundeen arteko harremana nabarmen hobetu dela azken urteetan. Sintonia hori paralizatzailea ere izan daiteke, ordea, harreman ona apurtzeak urrats handiak egitea galarazten badu.
Ez dut uste arrisku hori dagoenik. Harreman sendoa da. Asko laguntzen ari dira eragile guztiak, eta oso konprometituta daude. Sinetsita daude bide bat egin behar dela eta eremu bakoitzean asko borrokatu behar dela. Eta erakundeek bakarrik nahiz eurek bakarrik indar eginda ezin dela. Gobernua gizarte eragileek markatutako bide orriari jarraitzen ari zaio, nahiz eta eragile sozialek arinago joatea nahi duten. Askoren artean egindako diagnostikoak eta askoren artean ezarritako bideak eraginkorragoak dira. Ez dago beste biderik. Uste dut, alde horretatik, datozenak oso urte garrantzitsuak izango direla; aldaketa handiko garaiak bizi ditugu, eta orain da momentua lehentasunezko eremu horietan indartsu aritzeko. Horregatik uste dut 2022a oso garrantzitsua izango dela. Indarra erakutsi behar genuke, eta euskara erdigunean jarri.
Miren Dobaran. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea
«Gizarte eragileek markatutako bide orriari jarraitzen ari zaio gobernua»
«Diagnostikoan eta egin beharrekoetan» euskalgintzako eragileekin bat dator Jaurlaritza, Dobaranen arabera, baina erritmoak bereizi beharra dago. Sustapena defendatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu