Koronabirusa

Gainezka, eta premiak dituztela

Gasteizko Txagorritxu ospitalea kutsatutakoak artatzeko egokitzen ari dira, eta lan zama handia jasaten ari dira langileak. Ohartarazi dute, gainera, ez daukatela behar adina babes ekipamendu.

Txagorritxuko ospitalea, artxiboko irudi batean. IHANA IRIONDO / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Muturreko egoera bizi du Gasteizko Txagorritxu ospitaleak azken asteotan. COVID-19 gaitzak ataka estuan jarri du ospitalearen funtzionamendua, eta izugarri handitu du langileen lan karga. Euskal Herrian, Araba da birusaren fokua, kutsatu gehienen jatorria. Txagorritxun daude erietxeratu gehienak, eta, gaitzaren hedapena eteten ez den bitartean, gorantz segituko du gaixo kopuruak. Txagorritxuko langileek BERRIAri azaldu diote gainezka dagoela erietxea: kolapsatzeko zorian.

Osakidetzak hainbat neurri jarri ditu martxan Arabako osasun sistemaren egoera zaila arintzeko; besteak beste, arnas arazoak dituzten herritarrek beren osasun zentrora deitu beharko dute aurrerantzean, ez kasu horietarako prestatutako telefonora, gainezka egin baitu. Gasteizko hiru osasun zentro prestatu dituzte arnasketa arazoekin lotutako kasuak bakartzeko eta neurri bereziekin artatzeko: Lakuabizkarra, Zabalgana eta Salburuko osasun etxeak.

Txagorritxuko larrialdi zerbitzuak arindu nahi dituzte horrela. Izan ere, «kezkagarria» da erietxeko egoera, Patxi Nicolau erizain eta ESK sindikatuko kideak azaldu duenez. Ez dago kolapsorik, baina gainezka daude. «Ahultasun egoeran gaude ospitalean, estres handi batean». Osakidetzak euste plan bat jarri du koronabirusak kutsatutako gaixoak artatzeko, eta ospitaleko antolaketa goitik behera moldatu dute: bakartze gela gehiago prestatu dituzte, eta solairu guztietan dituzte gaixoentzako oheak. Ospitaleak zazpi solairu ditu, eta seitan daude arnas arazoak dituzten gaixoentzako gelak. Gainera, presazkoak ez diren ebakuntzak bertan behera geratu dira, eta gaixoak artatzeko «liberatu» dituzte ebakuntzetako medikuak eta anestesistak.

Halaber, zaintza intentsiboetako beste unitate bat prestatzen ari dira kardiologian; prest izan arte,behin-behineko beste leku batean ari dira gaixoak hartzen. Guadalupe Soleto erizaina da Txagorritxuko zaintza intentsiboetako unitatean, eta azaldu du egunez egun ari direla egokitzen: «Ospitalea egoera berrira moldatzen ari gara. Hasieran, pazienteak bitan banatuta genituen: koronabirusaz gaixotuak eta besteak. Orain, denak dira birusak kutsatuak».

Langileak, arriskuan

Positiboen kopuruak gora egiten duen neurrian astundu zaie lan zama Txagorritxu ospitaleko langileei. Bertako iturriek BERRIAri azaldu diotenez, zainketa intentsiboetako unitatean Vacte izeneko eskala bat erabili ohi dute langileen lan karga neurtzeko, eta erizainen kasuan ohikoena izaten da gehienez bi gaixo artatzea: zaintza handia behar duen bat eta gutxiago behar duen beste bat. Orain, baina, COVID-19 gaitzak gaixotutako eriak baino ez dituzte artatzen Txagorritxuko ZIUn, eta, ondorioz, «dagokien baino lan zama askoz handiagoa pairatzen ari dira erizainak».

Txagorritxu ospitaleko osasun arloko profesionalak baldintza «oso gogorretan» ari dira lanean, Samantha Gonzalez SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuko ordezkariak azaldu duenez. Haren hitzetan, gehiegizko lan kargaz gain, neurriak falta zaizkie nork bere burua ondo babesteko, eta egunero ari dira arriskuan jartzen: «Kasu batzuetan, iragazgaitzak ez diren mantalekin ari dira sartzen gaixoen geletara. Gehienek ordu luzez jarrita edukitzen dituzte aurpegietako maskarak, eta zauriak izaten dituzte gero aurpegian». Gonzalezek ohartarazi du «premiazkoa» dela Osakidetzak norbera babesteko ekipamendu gehiago bidaltzea erietxera. «Behar bada, harri azpitik atera ditzatela». Gaixoak artatzen ari diren langile guztien kezka da hori, Soletok nabarmendu duenez, eta egoeraren larritasunaz ohartarazi du hark ere: «Egoerak okerrera egingo du, eta, halako batean, ez dugu edukiko behar dugun material guztia».

Ekipamenduetako arazoetatik harago, osasun arloko langileen eguneroko bilakatu dira tentsioa, nekea eta beldurra. Gonzalezek azaldu du muturreko egoeretan daudela erizain asko: «Iritsi ezinean dabiltza, eta akituta daude, psikologikoki oso nekatuta. Oso modu intentsoan bizi dute hau dena, eta, gainera, alarma egoerarekin okerrera egin du askoren egoera pertsonalak».

Ziurra da birusak kutsatutako gaixoen kopuruak gora egingo duela datozen egunetan, eta Txagorritxuko egoerak «okerrera» egingo duela, Soletoren arabera. Datorrenaz ohartarazi du Gonzalezek: «Aurrerako ihesean gabiltza, baina egunero elur jausiak etorriko zaizkigu gainera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.