2011 eta 2013 artean Josu Urrutikoetxea ETAko kide izan ote zen, eta «helburu terroristak» zituen gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatzen ahal ote zaion. Horri buruz erabaki beharko du Parisko Zigor Auzitegiko epaileak. Atzo eta herenegun errepikatu zuten ETA zeneko militante historikoaren kontrako epaiketa, Parisen. 2011 eta 2013 artean ETAren aparatu politikoko kidea izatea, ETAko kide izatea, klandestinitatean bizi izatea eta ETAko kideekin harremanak atxikitzea leporatzen diote. 2017an, zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina, epaiketan parte hartu ez zuenez, auzia errepikatzeko eska zezakeen Urrutikoetxeak, eta hala egin zuen. Prozedura gorabeherak zirela medio auzia hiru aldiz gibelatua izan ondotik, edukiari heldu diote bi egunez.
Terrorismoaren kontrako Frantziako fiskaltzako prokuradoreak atzo ebatzi zuen Urrutikoetxeari 2017an eman zioten zigorra «gehiegizkoa» izan zela, baina, akusazioa frogatzeko elementu nahikoa dagoela kontsideratuta, bost urteko zigorra emateko eta Fijait arau hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan sartzeko eskatu zion epaileari. Zehaztu zuen epaileak zigortzea erabakiko balu Urrutikoetxeak ez lukeela berehala presondegian sartu beharko, eta gerora jasoko lukeela zitazioa.
Defentsako abokatuek Urrutikoetxea errugabetzat jotzeko eskatu zuten. «Ulertu dezaket zer erantzukizun den Urrutikoetxearen gisako figura bat errugabetzat jotzea. Amnistia gisa ikus liteke. Baina uste dut jakinen duzula zure erabakiaren zentzua esplikatzen, akusazioak ez duelako txostenik osatu», adierazi zuen Laurent Pasquet-Marinacce abokatuak. Irailaren 1ean emanen du erabakia epaileak, 13:00etan.
Defentsak aurkeztutako lekukoen txanda izan zen atzo. Philippe Texier ohorezko magistratuak eta Michel Wievorka soziologoak hartu zuten hitza, eta Veronique Dudouet Berghof fundazioko zuzendariaren lekukotasun idatzia irakurri zuen epaileak. Euskal Herriko gatazkaren konponbidea lortzeko bake elkarrizketetan parte hartu duen negoziatzaile gisa aurkeztu zuten hirurek Urrutikoetxea.
Texierek El Salvadorko eta Kolonbiako prozesuetan izandako esperientzia aipatu zuen, eta argitu zuen azken urteetan Euskal Herrikoaz interesatu dela. Gatazkaren konponbidearen alde Frantzian osatutako jurista taldean parte hartu du. Justizia trantsizionalaren beharra aipatu zuen. «Euskal Herriari dagokionez, bistakoa da ez gaudela horretan».
Vieworkak eta Dudouetek Urrutikoetxeari buruzko elementu zehatzagoak eman zituzten. Soziologoak luzaz ikertu du euskal gatazka, eta horri buruzko lan mardula egin zuen 1980ko hamarkadan; geroztik ere hurbiletik segitu du. Euskal Herrikoa «prozesu herrena» izan dela erran zuen. Aljeria, Geneva (Suitza) eta Oslo aipatu zituen: izan diren gorabeherak; nazioarteko komunitatearen ikuspegi baikorra. «Baina ondorioa ez da izan justizia trantsizionala. Negoziazioetan parte hartu dutenak ez dituzte babestu. Borroka armatuaren aldea, ETA, bururaino joan da: jarduera armatua utzi zuen, armagabetu eta desegin zen. Beste aldeak ez dira bururaino joan», adierazi zuen. «Injustua irudituko litzaidake Urrutikoetxeak pairatzea prozesuaren herrentasuna, nik dakidala berak beti defendatu baitu konponbidearen ildoa». Epaileari oharra egin zion: «Hartzera zoazten erabakiak ez dio Urrutikoetxeari bakarrik eragiten; nazioartean badu eragina». Negoziatzaile bat zigortzeak izan litzakeen ondorioak aipatu zituen, eta zehaztu Euskal Herriko prozesua munduko beste leku anitzetatik begiratua dela. «Horregatik, inportantea da hartuko duzuen erabakia»
Berghof fundazioko zuzendariak zehaztapenak eman zituen Osloko elkarrizketa saiakerei buruz: «Urrutikoetxeak ez zuen ETAko kide gisa parte hartu, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko kide gisa baizik». Haren ibilbide historikoa, eta figurak zituen pisua aipatu zituen; horregatik jo zutela haregana. «Ohikoa da negoziazioetan pertsona batzuk hautatuak izatea, ez erakunde armatu bateko kide direlako, baizik eta haien ibilbideak ematen dien zilegitasunagatik». Urrutikoetxea zigortzeak eragin litzakeen «ondorioak eta arriskuak» azpimarratu zituen.
Froga argirik ez
Ba ote dago elementurik 2011 eta 2013 artean Urrutikoetxea ETAko kide izan zela errateko? Hori izan da funtsezko eztabaida bi egunez. 2013ko uztailaren 16an Durban-sur-Arizen (Okzitania) atxilotzen saiatu zirenean, haren afera pertsonaletan ez zuten hori frogatzen duen elementurik aurkitu abokatuen arabera: ez armarik, ez dokumentazio faltsurik, ez dirurik... Urrutikoetxeak atzo ere berretsi zuen 2006tik familiarekin baizik ez zuela harremanik izan, eta egun hartan «inoren laguntzarik gabe» egin zuela ihes. Frantziako Poliziaren eta Terrorismoaren Kontrako Borroka Koordinatzeko Unitatearen txostenek ere ETA erakundetik kanpo kokatzen dute 2006tik aitzina.
Urrutikoetxeak, lekukoek, eta abokatuek besterik adierazi bazuten ere, prokuradoreak berretsi zuen Osloko elkarrizketa saiaketan «ETArentzat» aritu zela. «Argi dagoena da garai hartan Frantziak bilatzen zuela, ETArekin harremanean zegoela, beretzat negoziatzen ari zelako. Eta 2013ko otsailetik klandestinitatean zegoela». 2018ko ETAren desegite agiria berak irakurri zuela ere ohartarazi zuen. Horrek frogatzen du, haren ustez, ETAko kidetza. ETAk 2011tik aitzina egin zituen «ekintzak» -nagusiki lapurretak- erabili zituen garai hartan oraindik «helburu terroristak» zituen erakunde bat zela baieztatzeko. Horrela argudiatu zuen akusazioa.
Prozedurak izandako gorabeherak erabili zituzten abokatuek dosierraren «ahultasuna» argudiatzeko. «Abokatu gisa leporatua zaigunaren bila aritu behar dugularik, erran nahi du arazo bat dagoela», azpimarratu zuen Laure Heinichek. Prokuradoreak aipatu zuen 1999an ETAk Urrutikoetxea izendatu zuela Espainiako Gobernuarekin jarduera armatuaren bukaera negoziatzeko, eta hori erabili zuen Heinichek: «Funtsean, fiskaltza erraten ari da 1999tik bakearen alde lanean aritu dela. Non dago hor jarduera terrorista?».
Zuzenbide irizpideak ere aipatu zituen: ekintza terrorista bat saihestea lortzen duenarentzat zigor apaltzeak daude, eta Urrutikoetxeak hori bideratu duela. Haiek errugabetzea eskatuta ere terrorismoagatik kondenatuko balute, zuzenbideari jarraikiz zigorra murriztu beharko lioketela defendatu zuen.
Behin eta berriz, akusazioaren funtsa ezbaian jarri zuten bi abokatuek, ebatzita «inolako frogarik» ez dagoela baieztatzeko Urrutikoetxea helburu terroristako gaizkile elkarte bateko kide zela aipatutako garaian [2011-2013] eta perimetroan [Ariege eskualdea]. Pasquet-Marinacce: «Badakigu oso ongi ETAri lotutako dosier judizialak elkar elikatzen direla. Klandestinitate biziak eskatzen duen mugikortasunagatik, badira kontaktuak, badira arrastoak, bada DNA. 2005etik ez dago dosier bakar bat ere Urrutikoetxea aipatzea duena».
Liburua eta filma
Bi egunez irmo eutsi dio Urrutikoetxeak azken hamabost urteetako bere ibilbidearen kontakizunari. Bere egoera pertsonalaz eta etorkizunerako dituen proiektuez galdetu zion epaileak, atzo. Bere bizitzari buruzko liburu bat eta film bat ateratzeko proiektua duela jakinarazi zuen, eta familiarekin egotea eman zuen lehentasun gisa: «Eguneroko bizitza haiekin pasatu nahiko nuke, ahalaz Euskal Herrian. Ez dut haiek ezagutzeko aukera anitz izan».