Azken urte luzeetan, euskarak ez du pareko egoerarik bizi izan. Datu hutsetara joz gero, zenbakiek errealitate berri bat erakusten dute, argi eta garbi: duela 30 urte, Euskal Herriko gazteen gehiengo zabala erdaldun elebakarra zen, eta, bi belaunaldiren ondoren, proportzio hori gutxiengo nabarmena da. Hizkuntza gaitasunaren aldetik, denbora tarte horretan egindako aurrerapausoa sekulakoa izan da, eta euskarak gero eta gazte gehiagorengana iristea lortu du hezkuntzako D ereduaren hedapenari esker. Areago, Euskal Herriko lurralde batzuetan —hezkuntza eta hizkuntza ereduaren zabaltzeari esker, hain justu— ezagutzaren unibertsalizaziorako bidea egiten ari dira pixkanaka: EAEn, 16-24 urteko hamar gaztetatik bakarra zen erdaldun elebakarra duela lau urteko neurketa soziolinguistikoan, eta 25-34 urtekoen artean, hamarretik bi besterik ez. Horrek ez du esan nahi gainerakoak euskaraz hitz egiteko gai direnik, baina bai gutxienez euskaraz ulertzen dutela. Orain arte ezagutu gabeko errealitate bat da hori, eta euskararen biziberritze prozesuan gakoa izan daiteke, ezbairik gabe.
Nafarroan, oraindik halako daturik ez dagoen arren, gazte erdaldun elebakarren kopurua txikitzen ari da duela 30 urteko egoerarekin alderatuz gero: hogei puntu egin du behera proportzioak 16-24 urte arteko gazteetan —%62 dira—, eta hamasei puntu 25-34ko adin tartean —%72 dira—. Hau da, Hego Euskal Herriko bilakaerak islatzen du gazte elebakarren kopurua nabarmen ari dela jaisten. Iparraldeko zenbakiek, kontrara, bestelako errealitate bat erakusten dute. 1991ko egoerarekin alderatuz gero, 2016. urtera arteko epean emendatu egin baitzen elebakarren proportzioa bi adin taldeetan: hurrenez hurren, puntu bat eta bederatzi puntu. Euskal Herri osoa kontuan hartuz gero, ordea, datuek diote gero eta gutxiago direla euskaraz ulertzen ez duten gazteak.
Zenbakiei begira jarraituz, gazteen ezagutzaren hedapen prozesu etengabeak ez du pareko bilakaerarik eduki euskararen kaleko erabileran: haur eta gazteak aintzat hartuz gero, 1989 eta 2016 artean egindako kale neurketek diote Euskal Herrian hiru eta lau puntuan hazi dela euskararen kaleko erabilera, hiztunen kopurua 33 eta hemeretzi puntuan handituta, hurrenez hurren. Hau da, urtetik urtera, ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala handitzen ari da. Datuek argazki hori erakusten dute, baina, zenbakien atzean dagoen errealitatea ikusteko, bestelako irakurketa bat egin beharko litzateke.
Euskaldun tipologia berriak
Jone Goirigolzarri Deustuko Unibertsitateko Soziologia irakaslea da, eta berak, esaterako, honako interpretazio hau egin du: «Datozen urteetan, askoz ere errealitate konplexuago eta pluralago bat datorkigu». Bilboko gazteen hizkuntza praktikak ikertu izan ditu, eta egun irakasle den unibertsitateko ikasleekin hizkuntza praktikak aldatzeko prozesua aztertzen ari da. Talaia horretatik dio euskal hiztunen moldea aldatu egin dela gazteen artean, eta dagoeneko ezin dela euskaldun zahar eta berrien arteko ohiko ezberdintasuna egin. Besteak beste, gazteen artean dauden hiztun tipologiak aldatu egin direlako: euskararen ezagutza areagotu den arren, erraztasun aldetik gazte horien gehiengo zabala oraindik erdaraz aritzen da erosoen, eta, gaur-gaurkoz, askoren lehen hizkuntza gaztelera edo frantsesa da. Eremu soziolinguistiko erdaldunetan asko handitu baita euskararen ezagutza azken urteetan, baina, gazte ugarirentzat, euskarak ez du erreferentzialtasunik lortu.
Beste era batera esanda: euskara ez da lehentasunezkoa gazte askorentzat. «Zelan izango da hizkuntza hori lehentasuna, ez bada haientzat garrantzitsua den bizitzaren arloaren parte?», galdetu du ikerlariak. Hiztun berri diren gazte horietako askok eskolan ikasi dute euskaraz, eta haren erabilera eremu horretara mugatzen dute maiz. «Areago, batzuentzat irakasgai bat besterik ez da euskara; adierazgarria da zelan D ereduko ikasle batentzat irakasgai bakarrik izan daitekeen euskara». Horregatik dio logikoa ere badela atxikimendurik ez garatu izana hezkuntzaren eskutik: «Euskara eskolarekin lotzea ez da bereziki lagungarria, eremu formalekoa delako, eta autoritatea irudikatzen duelako maiz». Hau da, askorentzat ez da eremu atsegin bateko hizkuntza. Euskara etxetik jasoz gero, ordea, lotura emozional bat garatzen da hizkuntzarekin, baina, eskolan bakarrik ikasten denean, ez da hain erraza halako sentimendurik garatzea, eta errealitate hori kontuan hartu behar dela nabarmendu du.
Gero eta gehiago dira, ordea, etxean euskararekin harremana duten gazteak. Begirada berriz ere datuetara eramanda, EAEn, 1991n, 29 urtetik beherako gazteen %21,6k erabiltzen zuten gehienbat euskara etxean, eta duela lau urte, %32,1ek. Alegia, proportzioan, gero eta gehiago dira euskararekin lotura emozionalen bat garatu dezaketen gazteak, baina horien %67,9k eskolatik jasotzen dute euskara. Hau da, euskararekiko atxikimendua garatzea zailago dute gazte euskaldunen bi herenek baino gehiagok.
Euskararekin harremana etxetik dakarten horien artean, ordea, hizkuntzarekiko lotura ere aldatzen ari da. Goirigolzarrik gai hori izan du hizpide: «Zer da euskara transmititzea familiaren barruan? Gero eta etxe gehiagotan transmititzen dute zerbait euskaraz, baina ez orain arte pentsatu izan dugun moduan, era trinkoan eta bi gurasoen aldetik». Hau da, etxetik jasotzen den euskara maila aldatzen ari dela dio, lotura emozionalarekin batera. Horrek guztiak ere eragiten du arestian aipatutako aniztasunean: «Gazteen ezagutza unibertsalizatuz doan heinean, euskararekiko loturak ere ugaritu dira».
Eremu infomalaren beharra
Euskararen aldeko hautua baldintzatu dezaketen eragile batzuk aipatu dira orain arte, eta horiek gurpil zoro bat sortzen dute gazte askoren artean: eskola hizkuntza izaki, hiztun batzuek ez dute lotura emozionalik garatuko euskararekin, ezta behar besteko gaitasunik ere; eta, euskara erregistro formalean ikasten dutenez, aisialdian ibilbide motza egiten du euskarak. Erabilerarik ezak hizkuntzaren gaitasun apala betikotzen du, eta berriz ere buelta hasierako puntura. Horregatik, euskaraz jakin arren, askok erraztasun handiagoa daukate erdaretan aritzeko, eta hizkuntza horietan aritzen dira erregistro informaletan. «Eskura badaukazu hizkuntza bat gura duzun guztia adierazteko balio dizuna, eta ondoan beste bat apur bat hankamotz geratzen zaizuna, bide errazena hartuko duzu, ala?». Azken batean, helduek egiten duten bezala, gazteek ere erosotasunaren bidea hartzen baitute, Goirigolzarrik nabarmendu duenez.
Gaitasunik ezak bideratu dezake nerabea euskara baztertzera, baina, Jaime Altuna EHUko Antropologia Fakultateko irakaslearen ustez, gazteek errepikatu egiten dute helduek egiten duten. Ispilu efektua deiturikoa azaldu du: «Nerabeak haur izateari utzi nahi dio, eta helduarora gerturatu. Hizkuntza kontuetan, heldu izateak esan nahi du gazteleraz egin behar dela». Eta, horregatik, eskolaz kanpoko eremuetan, helduek egiten dituzten praktikak erreproduzitzen dituzte.
Gazteen euskara erabilera maiz aztertu izan du ikerlariak, eta, hizkuntza hautuan eragiten duten faktoreen artean, helduen ereduaz aparte, aisialdiaren garrantzia aipatu du: «Eskolatik kanpo gazte horiek dituzten praktikak zein diren, horiek lotuta daude hizkuntzaren hautuarekin eta haien jokabideekin». Eta hala aitortzen dute gazteek eta nerabeek ere. Euskararen erabilera eskolan neurtzen duen Arrue proiektuaren azken txostenean azaltzen denez, DBHko ikasleek aitortzen dute gelatik kanpo dituzten hizkuntza jarduerek eragin handia dutela euren egunerokoan. Besteak beste, hizkuntza hautuan. «Adinkideekin atseginak diren gauzak egiterakoan, horiek eragina dute hizkuntza erabileran». Eta arlo horretan egiten den hautuek helduago direneko praktiken oinarria jartzen dute. Orain arteko dinamikari jarraituz, gehienetan erdaraz.
Hori da datuek erakusten duten errealitatea ere. Arrue ikerketak LH4 eta DBH2 mailetako ikasleen aisialdiko hizkuntza praktikak ere jasotzen ditu, eta, EAEko 2015eko azken datuen arabera, nerabeen hiru laurdenek gazteleraz egin zituzten batez ere. Helduek antolatutako ekitaldietan parte hartu zutenean, proportzio hori %61,2ra jaitsi zen. Nafarroako zenbakiak 2019. urtekoak dira, eta lepo beretik burua: lagun arteko aisialdian, %80,7k egiten dute gehienbat gazteleraz, eta helduen presentzian, hamar puntu gutxiago. Hor ikus daiteke helduen presentzian euskaraz gehiago egiten dutela, hala egin dezaten eskatzen dietelako; baina, gazteek, elkarrekin daudenean, helduen joerak errepikatzen dituzte.
Horregatik dio Altunak eskolatik kanpoko eremuan eragiteko planak jarri behar direla martxan. Lanketa hori gazteekin batera egin behar dela ere defendatu du, haien iritziak aintzat hartuta.
Euskara nahi dutenen irlak
Euskara ez erabiltzeko arrazoiak ugariak izan daitezke, eta eremu batetik bestera aldatu egin daiteke. Baina, gaur-gaurkoz, oraindik nerabe askok dute euskararen aldeko jarrera. Baina gune erdaldunetako eskolaz kanpoko eremuan hizkuntzarekiko atxikimendu hori ezkutatu egiten dutela ikusi du Goirigolzarrik Bilbon egindako ikerketan. «Nerabezaroa ez da garai aproposa euskararentzat; egoera batzuetan erakusten badute euskara egin gura dutela, baztertu egiten dituzte. Horregatik, gazte batzuen euskalduntasun sentimendua lozorroan geratzen da askotan». Arau sozialak euskararen aurkakoak baitira leku askotan, eta horrek hiztun ugari geldiaraztea dakar. «Gazteek, euskaraz egin ahal izateko, gauza asko dauzkate aurka».
Deustuko Unibertsitateko eta Begoñako Andra Mari irakasleen unibertsitate eskolako ikasleekin ari da ikertzen Goirigolzarri hizkuntza muden prozesua, eta taldetasunean ikusi du euskararentzako bigarren aukera. Zehazki, nerabezarotik gaztarorako saltoa egiten den momentuan: «Nerabezaroko garai horretan, gazte asko bakarrik sentitzen dira; baina ikasle batek esan zigun harentzat gakoa izan zela unibertsitatera iristea eta bere antzeko pertsonak bazeudela ikustea». Gazteleraren eremuaren erdian dagoen uharte baten moduan sentitzen zela esan zien, eta, antzera pentsatzen duten pertsonak topatzean, jabetu zela bere inguruan irla gehiago zeudela.
Halako bizipenak dituztenentzat Euskaraldiaren gisako ekitaldiek izan dezaketen eragin positiboa nabarmendu du. Taldetasun sentipena ematen dielako lozorroan dauden euskaldun gazte askori, eta, txapa bat jarrita, aukera ikusten dutelako euskaraz egiteko. Gazteen artean euskaraz hitz egiteko praktika hedatzearena ez baita, dioenez, norbanakoaren borondate kontua bakarrik: «Inguruaren eragina handia da». Eta, inguruaren arabera, euskarak bidea egin dezake.
Zer da euskaraz hitz egitea?
Euskararen biziberritze prozesuan, aldeko bezainbat kontrako aldagai ditu egungo gazte belaunaldiak, eta erronkarik handiena erabileran dago orain; baina bide horretan oztopo ugari daude. Goirigolzarrik dio agian euskara erabiltzea zer den ere zehaztu beharko dela: «Gazteei galdetu diegu ea zer den eurentzat euskaraz hitz egitea, eta, eremu batzuetako gazteentzat, euskarazko esaldi batzuk sartzea da; 'egun on' esatea eta elkarrizketa laburrak izatea, ondoren gaztelerara igarotzeko». Erdal eremu batean, hori ez al da, ba, euskararen ikusgaitasuna handitzea? «Aipamen bat izanda ere, hori ere bada euskararen erabilera, eta esparru batzuetan balioa eman behar zaio».
Hori dagoeneko errealitatea baita gazteen artean. «Egoera hori onartzen hasi behar da, eta ez du esan nahi eskoletan ez denik ahalegin berezi bat egin behar euskaraz egoki irakasten». Baina eskoletan jasoko duten erregistroak formalegia izaten jarraituko du, eta, bitartean, gazteek euren bidea egingo dute aisialdian. Eta, hor euskarak bidea egiten badu, bestelako hizkera bat garatuko da. Gazteekin aldatuz eta pluralago bihurtuz baitoa euskara.